NAIZ

8.336 metroko sakoneran arrain bat filmatzea lortu dute, inoiz baino sakonago

Pseudoliparis belyaevi espezieko arraina da ikerketa batean topatu dutena. Mariana Hobian 8.178 metroko sakonetan arrain mota hau lokalizatua zuten 2017an, baina oraingo erregistroak marka guztiak hausten ditu. 

Pseudoliparis belyaevi.
Pseudoliparis belyaevi. (UWA)

Itsaspeko kamera batek 8.336 metroko sakoneran arrain bakarti bat harrapatu zuen iruditan, inoiz baino sakonago, Australiako iturri akademikoek astelehen honetan jakitera eman dutenez.

Pseudoliparis belyaevi izeneko arrain barraskilo baten ale gaztea da eta Izu-Ogasawara itsas-hobian filmatu zuten, Tokiotik mila kilometro hegoaldera, Australia Mendebaldeko Unibertsitateak (UWA) jakinarazi duenez.

Pseudoliparis-a, hamaika zentimetro luze izatera iristen dena, 2017an 8.178 metroko sakoneran ikusia izan zen Mariana Hobian, Ozeano Barearen mendebaldean; planetako gunerik sakonena bezala hartzen da leku hori.

Alan Jamieson espedizioko buru zientifiko eta UWAko akademikoak 15 urte baino gehiago daramatza espezie hori ikertzen. «Harrigarria da zein sakoneran bizi daitezkeen animalia hauek», esan du.

Australiako unibertsitateko zientzialariek bi hilabete iraun dituen ikerketa batean parte hartu zuten 2022aren amaieran, Tokioko Unibertsitateko lankideekin batera, eta Pseudoliparis belyaevi-ren bi ale ere harrapatu zituzten 8.022 metrora; sakonera horietan inoiz bildutako lehen arrainak izan ziren.

«Beste eremu batzuetan, Marianen Hobian esaterako, gero eta kopuru txikiagoan aurkitzen genuen arrain mota hau, 8.000 metroko sakonera gainditzen baitzuen. Baina Japonian dezente ugariagoak dira», azpimarratu zuen zientzialariak.

Pseudoliparis-en ezaugarrietako bat da ale gazteek helduek baino sakonago bizitzeko joera dutela, eta hori ez da ohikoena, komunikatuaren arabera.