NAIZ

Lisabök disko berria argitaratuko du abenduaren 1ean

Bost urteko isiltasuna eta gero, Irungo taldea ‘Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte’ diskoarekin itzuliko da dendetara. Diskoa kaleratu eta biharamunean, abenduaren 2an, Tolosako Bonberenean aurkeztuko du zuzenean.

2019ko abenduan GARAren alde emandako kontzertuan, Hondarribian.
2019ko abenduan GARAren alde emandako kontzertuan, Hondarribian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Abenduaren 1ean bost urte izango dira Lisabök azken disko luzea argitaratu zuela: ‘Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen’. Taldearen zaleak eta kritikariak asebeteta utzi zituen lan bikain haren bosgarren urteurrenean, hain justu, ikusiko du argia jarraipena emango dion diskoak: ‘Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte’. Ohi duenez, Bidehutsen eskutik.

Biharamunean Tolosan egongo da Irungo boskotea, lan berria zuzenean aurkezteko. Fufu herrikideekin batera emango duen kontzertua Bonberenean izango da. «Balioan jarri nahi da espazio eta kolektibook, besteak beste, autogestioaren kulturari eta kulturaren autogestioari egiten dieten ekarpen zinez baliotsua», adierazi du Bonberenea aukeratzearen arrazoiari buruz Bidehutsek ohar labur batean. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, musikaze.net webgunean.

Diskoari buruzko xehetasun gehiago ez du eman, baina bai jakinarazi du CD eta binilo formatuetan jarriko dutela salgai, aurrena Bidehutsen web orrialdean; gero Durangoko Azokan (abenduaren 6tik 10era); eta ondoren iritsiko da ohiko dendetara.

‘Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte’ aldez aurretik erosteko aukera ahalbidetuko da www.bidehuts.bandcamp.com webgunean. «Laster jakinaraziko dugu zein egunetan izango den. Lisabören diskoarekin batera, Bidehutseko beste erreferentzia berri gehiagoren aurrer-salmenta ere martxan jarriko da», azaldu du oharrean.