NAIZ

Amaia Abandak jaso du Gladys Saria, emakumeak teknologian sustatzeko erakutsi duen gogoagatik

Amaia Abandarentzat da aurtengo Gladys Saria, Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatua. «Emakumeak teknologian sustatzeko duen gogoa eta etorkizuneko proiektuekiko erakutsi duen ilusioa» azpimarratu dituzte sarituaz. Diziplina ezberdinak uztartzen dituela ere baloratu dute.

Amaia Abanda, Gladys Sariarekin.
Amaia Abanda, Gladys Sariarekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Amaia Abanda Elustondo (Donostia, 1989) izan da Gladys Sariaren hirugarren edizioko irabazlea, eta Puntueus eta EHUko Informatika Fakultatearen eskutik jaso du garaikurra astearte goiz honetan Informatika Fakultatean antolatu den ekitaldian. Lehiaketaren helburu nagusietako bat arlo teknologikoan emakume erreferente berriak sortzea da, izan ere, oraindik, gizonezko kopurua emakumeena baino askoz altuagoa da. Bestalde, gazteenen artean STEM bokazioak sustatzea ere badu xede sariak.

Ekitaldian, Nerea Isasi Berdintasuneko foru zuzendaria, Lorea Arakistain Puntueuseko marketin zuzendaria, Miren Elgarresta Emakundeko Zuzendaria, Naiara Aginako EHUko Informatikako Fakultateko Ikasleen dekanordea eta Amaia Bernaras epaimahaikidea egon dira.

Abandak ilusio handiarekin jaso du aitortza, baina lanean jarraitu behar dela nabarmendu du. «Hurrengo belaunaldiko neska gazteek ikusi behar dute STEM alorretako lanbideetan gure tokia dugula eta Gladys Saria bezalako ekimenak oso lagungarriak dira helburu hori lortzeko», azaldu du.

Urtetik urtera hobeki

Olatz Aberlaitz EHUko Informatikako Fakultateko berdintasun batzordeko kideak gidatu du ekitaldia eta Gladys Saria irabazi duten hautagaien profilen inguruko balorazioa egin du. «Orain arteko saridunen profila desberdina izan da eta horrek esparru digitalean aritzen diren emakumeen arteko aniztasuna eta hauek gizarteari alor desberdinetan egiten dizkioten ekarpenak agerian uzten ditu».

«Urtetik urtera egiten dugun balorazioa gero eta positiboagoa da. Aurten 28 hautagaitza ebaluatu ditugu, guztiak maila oso altukoak, eta honen aldeko apustua egiten jarraituko dugu», gaineratu du Lorea Arakistain Puntueuseko marketin zuzendariak.

Informatikara bideratutako matematikaria

Amaia Abanda Donostian jaio zen 1989an. Ibilbide akademikoari dagokionez, matematikaria da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) egin zituen ikasketak.  Ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen EHUko Informatika Fakultatean. Azkenik Basque Center of Applied Mathematics (BCAM) eta EHU-ko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group (ISG) taldeen artean osatu zuen tesia aurkeztu zuen iaz.

Gaur egun Tecnalia ikerkuntza zentroan ari da lanean datu zientzian ikerlari bezala. KISA masterrean 2014-2015 ikasturteko espediente onenaren saria eman zioten; 2018an, aldiz, Adimen Artifizialerako Espainiako Elkartearen Kongresuan (CAEPIA), tesi proiektu onenaren aipamena jaso zuen.

Abanda ekimen handiko emakumea da eta azken urteetan lankidetzarekin, dibulgazioarekin eta genero berdintasunarekin erlazionatutako hainbat proiektutan parte hartu du.