‘Esne Bidea’ diskoarekin esango du agur Esne Beltzak 2024an; «jai bat izatea nahi dugu»

Esne Beltzak ‘Esne Bidea’ diskoa argitaratu du, taldearen zortzigarrena eta azkena izango dena. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin agur esango dio 17 urtetako ibilbide oparoari. Diskoa aurkezteko, 2024 urte osoan zehar azken bira bat egingo dute: «Ez ditugu entzun nahi heriotza ezkilak»

Esne Beltza taldearen prentsaurrekoa azken diskoa aurkezteko.
Esne Beltza taldearen prentsaurrekoa azken diskoa aurkezteko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

‘Esne Bidea’ izango da Esne Beltza taldearen azken diskoa. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin agur esango dio taldeak 17 urtetako ibilbide oparoari. Diskoa aurkeztu eta agurrari buruzko xehetasun gehiago emateko prentsaurrekoa eskaini dute ostiral goiz honetan Bilboko BIRA Kultur Gunean.

«Esne Bidea deitzen da gure azken lana, keinu eginaz gure izenari, gure sorrerari, esnea ez da beltza, eta Esne Bidea ez da esnez osatutako bidea, izarrez osatutako espiral bat da, kiribilean, biribil handi bat, hasiera eta bukaerako puntarik ez duena. Espiral horren barnean bizi gara gu, gure pozekin, gure tristeziekin, eusten diegu gure ideiei, eta hedatu egiten gara, zabaldu. Gure Galaxia ederrari deitzen zaio Esne Bidea, eta bertan dago gure Eguzki sistema, horixe irudikatu nahi izan dugu, gure musikari lagunak gertu, miresten ditugunak, distira daukatenak, ezezagun zirenak eta lagun bihurtu ditugunak, konstelazio oso bat da musika, pentsamendua astintzen duena, bizitza sortzen duena, maitasuna. Disko forma du Esne Bide horrek, ez da Galaxia homogeneoa, hor du bere aberastasuna, horretan sinesten dugu guk; ezin ahaztu erdigune ahaltsu bat duela, Erdigune Galaktikoa deitzen duguna, eta hori, guretzat, Esne Beltza familia da», adierazi dute.

Doinu ezberdinetako 7 kanta

Euskal Herria eta Estatu Batuen artean sortu eta ekoitzia izan da lana. Izan ere, 18 Grammy irabazi dituen Rafa Sardina grabazio ingeniaria izan da ekoizpen, grabaketa eta nahasketa lanetan.  «Ohoreaz gain, plazera izan da lan hau berarekin egitea, Grammy sariez eta errekonozimenduaz at, musikari eskaintzen dion arreta eta maitasuna dagoelako beregan, guretzat denbora hartu du eta eta mimoz egindako lana da emaitza», Lova Lois taldekideak.

Taldean beti nagusi izan den estiloari jarraituz, azken disko honetan ere herrialde ugaritako doinuak uztartu dituzte eta hainbat artistak kolaboratu dute. Lehenengo kantuan, ‘Esne bidea’ izenekoan, Unlearn The World Wahingtoneko MC garrantzitsuarekin kontatu dute, ingelesa eta euskara uztartuz. ‘Gure dantzalekua’ izeneko bigarren kantan Sweet Barrio taldeko partaide den Pucci abeslari madrildarrak hartu du parte.

Esne Beltzan beti egon da reggea sartua, eta honetan ere ezin izan da estilo hori falta. Horregatik, hirugarren abestia, ‘Altxa Eskua’, Rocky Dawuni abeslari ghanarrarekin eta Xiberoots-eko Jon Etxekopar abeslari zuberotarrarekin egin dute.

Laugarren abestia, ‘Behin eta berriz’, Chambao taldearen flamenco chill doinuekin nahasia izan da. ‘Montparnasse’ bosgarren abestiak Flor de Toloache emakumez osatutako mariachi taldearen kolaborazioa du. Seigarrenean, ‘Fuck the police’, Lagrimas de Sangre talde katalandarraren eta Suicidals Tendencies talde mitikoaren partaide izandako Louiche Mayorgaren hitzak aurki ditzazkegu. ‘Bidea’ abestiarekin itxi dute diskoa.

Granom & Co mexikarrak egin du diskoaren diseinua.

«Azken diskoa dela esan dugu, eta hala da, Esne Beltzaren azkena, gure denbora lerroan 8.a, eta badakigu azkena dela esateak bereganatuko duela atentzioa, «badoaz» edo «uzten dute» esanaz, baina merezi duen arreta eskaini diogu egin dugun 7 abestiko disko honi», adierazi du Xabi Solano abeslari eta trikitilariak.

‘Agur Deneri’ bira’

Diskoa argitaratuta, Durangoko Azokan izango dira abenduan eta 2024rako ‘Agur Deneri’ bira antolatu dute Euskal Herria osoari agur esateko. «Zazpi probintzietan, herriz herri aritu gara urteotan, lagun berriak egin ditugu, beso zabalik hartuak izan gara, eta hori dena kontuan hartu dugu agurtzerako orduan, 2024ko zuzeneko bakoitza festa eder bat izango da», nabarmendu du Solanok. Aurrerago emango dituzte bira horren xehetasun gehiago, baina, gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez, «konpromisozko kontzertu asko egingo dituzte.

2025an egingo dute azken kontzertua, urte horretako bakarra gainera. Oraindik ez dute azken festa horren nondik norakoak eman nahi, baina «oso leku berezian» izango da, eta urteetan zehar izan duten kolaboratzaileen parte hartzea izango du.

«Ez ditugu entzun nahi heriotza ezkilak, baizik ospatu egin nahi dugu hau dena»

Taldearen ibilbideari amaiera emateko arrazoiengatik galdetuta, Solanok esan du garrantzitsua zela haientzat ziklo bat ganoraz ixtea: «Talde askok jarraitzen dute, nahiz eta kide batzuek utzi egin duten. Gu momentu honetan oso ondo gaude eta oso ondo pasatzen dugu. Iruditzen zaigu momentua dela taldea uztea gustura gaudenean. Urte asko daramatzagu eta gauza berriak egin nahi ditugu. Bukaera hau jai bat izatea nahi dugu», azaldu du.

«Ez ditugu entzun nahi heriotza ezkilak, baizik ospatu egin nahi dugu hau dena, Esne Beltza familia osatzen dute horiekin guztiekin, entzuleak, ikusleak, jarraitzaileak, musikari lagunak, hedabideak, denak zaku berean sartuta», gaineratu dute.