NAIZ

Bizkaiko Golkoko antxoa duela 30 urtekoa baino txikiagoa da

AZTIren ikerketa baten arabera, Bizkaiko Golkoko antxoa duela 30 urtekoa baino txikiagoa da. Emaitzek zenbait faktoreren interakzio konplexua arrazoi bezala iradokitzen dute, hala nola tenperatura eta populazioaren ugaritasuna.

AZTIk Bizkaiko Golkoko antxoaren tamainari buruzko ikerketa egin du.
AZTIk Bizkaiko Golkoko antxoaren tamainari buruzko ikerketa egin du. (AZTI)

AZTI zentro teknologikoak Bizkaiko Golkoko antxoaren tamaina txikitzen duten ebidentziak aurkitu ditu hiru hamarkadako (1990etik 2021era) datu zientifikoetan. Global Change Biologyi aldizkari ospetsuan argitaratu dira azterketaren emaitzak. Zehazki, antxoaren ale helduen batez besteko neurria eta pisua nabarmen jaitsi direla ikusi dute. Analisien arabera, aleak txikiagoak izateaz gain, forma lerdenagoa hartzen dute.

«Pisuaren murrizketa luzera osoarena baino handixeagoa da, azken hogei urteetan baino murrizketa tasak azkartu egin baitira hamarkada bakoitzeko %25eraino», nabarmendu du Fernando Taboadak, AZTIren lanaren autore nagusietako batek.

Aldaketa horiek, neurri batean, ozeanoen berotzearekin lotzen diren arren, azterketan parte hartu duten ikertzaileek ingurumen faktoreen elkarreragin konplexua iradokitzen dute, eta baztertu egiten dute arrantza-presioak eragin adierazgarria izatea.

«Antxoa ugariagoa den heinean, aleak txikiagoak dira, baina populazio dentsitatearekiko erlazio hori ez da hain argia etapa aurreratuagoetan, non tenperatura izan baita tamaina txikitzeko arrazoi nagusia», erantsi du Guillem Chust-ek, azterlanaren egileetako batek.

Oro har, ur beroagoetan bizi diren arrain gazteen hazkuntza ur hotzagoetan jaiotakoena baino bizkorragoa da; hala ere, tenperatura altuagoak geroagoko garapena geldiarazten du, eta, hala, helduek gorputz tamaina txikiagoa hartzen dute, adituen esanetan, temperatura-neurria erregela deritzona (TSR, bere izenaren siglak ingelesez).

Bizkaiko Golkoko antxoaren tamainaren bilakaera azken 30 urteetan. (AZTI)

Ikertzaileek bi hipotesi ekogeografiko berretsi dituzte uraren tenperatura aldatzen denean arrainen tamaina nola aldatzen den eskala handian ebaluatzeko: lehenak ezartzen du erlazio estua duten arrain espezieak konparatzean (adibidez, Engraulis generoko espezieak), oro har arrainak handiagoak izaten direla ur hotzagoetan. Bigarrena espezie bereko beste populazio batzuetan oinarritzen da. Zentro teknologikoak egindako behaketen arabera, oro har, Europako antxoa-populazioetako indibiduoak handiagoak izaten dira itsaso hotzenetan.

Europako LIFE Urban Klima 2050 eta SEAWISE proiektuen babesa jaso du ikerketa honek.