CONTENIDO PATROCINADO

Bergara eta Lezo jai giroan murgilduko dira asteburu honetan

Uda iristeko hilabete besterik falta ez den honetan, gero eta gehiago dira jaiak ospatzen hasi diren herriak. Asteburu honetan, esaterako, Pentekoste edo Mendekoste jaiak ospatuko dituzte Bergaran eta Lezon. Batean ala bestean, egitaraua bete-betea dator aurten.

Bergarako Udaleko eta Jai Batzordeko ordezkariak, aurtengo egitarauaren aurkezpenean.
Bergarako Udaleko eta Jai Batzordeko ordezkariak, aurtengo egitarauaren aurkezpenean. (NAIZ)

Bergarako pentekosteak ostiral arratsaldean hasiko dira (maiatzak 17) txupinazoa eta Bitorianatxoren jaitsierarekin, eta bost egunez luzatuko dira Jai Batzordeak azken hilabeteetan egindako lanari esker. Txosnetan ere egitarau osoa prestatu dute egun hauetarako eta ostiral eguerdiko ikasle bazkariarekin emango diote hasiera.

Aurten, Jai Batzordea azken urteetako jendetsuena eta anitzena izan da eta, horri esker, hainbat arlotan hobekuntzak egin dituzte, esaterako, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako eskaintza zabalagoa, azken urteetan adin tarte horretan hutsune bat identifikatu ostean.

Aurtengo beste berritasunetako bat Xaxau Jai Herrikoien Konpartsak berreskuratu duen Baltsa Jaitsiera izango da, astelehenean ospatuko dena 11:30ean. Duela hamar urte inguru galdu zen ekitaldia berreskuratu du Xaxauk, eta parte hartzeko deialdia luzatu die herriko kuadrillei.

Baina badira berrikuntza gehiago, izan ere, Bergarako Erraldoi Taldeak bi erraldoi berri aurkeztuko ditu. Dantzari itxura izango dute, Bergaran dantzak daukan garrantzia nabarmendu asmoz. BET-ek herriko ikasleak animatu ditu konpartsan parte hartzera.

Kuadrillen eguna astelehenean izango da (maiatzak 20) eta umeen eta helduen eguna, berriz, asteartean (maiatzak 21). Kontzertuei dagokienez, Janus Lester, Su Ta Gar edota Haize Arrosa taldeek emanaldiak eskainiko dituzte San Martin plazan. Berako Jokin Pinatxok zuzentzen duen Janus Lester taldea ostiralean (maiatzak 17)igoko da taula gainera, Su Ta Gar talde eibartarraren txanda larunbatean izango da (maiatzak 18) eta Haize Arrosa talde bizkaitarrak igandean (maiatzak 19) astinduko du oholtza. Asteartean (maiatzak 21), Bankako Menditarrak taldearen kantu-emanaldia izango da D. Irala kalean.

Txosna gunean ere musika egitarau zabala antolatu dute, eta, besteak beste, Unidad Alavesa (ostirala 17), Xabi Solano Maiza (igandea 19), Raimundo El Canastero (astelehena 20) eta beste hainbat talde arituko dira.

Bergarako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Bergara Pneumatikoak, Bergarako Udala, Garaje Murillo, Lakota Ferreteria, Pol Pol taberna, Txipi ventanas, UNED Bergara, Zumelaga jatetxea.

Lezon, hiru egun

Lezon, bestalde, igandera arte luzatuko dira aurtengo jaiak. Beraz, oso egitarau trinkoa prestatu dute, baita oso herrikoia ere, gero eta eragile gehiago direlako edukiak proposatuz parte hartzen dutenak. Horregatik, Udala oso pozik agertu da herritarrek erakutsi duten jarrera parte-hartzailearekin.

Urtero bezala, Portutik iritsiko diren Zabarre eta Maria Labaienen etorrerarekin eta pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak, ostiral arratsaldean (maiatzak 17). Eta une hori koloretsuago izan dadin, plazaratzen direnei pirataz jantzita etortzeko deia egin diete.

Lehen jai eguna amaitu aurretik, Lezoko jaietako ikurretako bat den afari autokudeatua ere izango da aurten. Zabarreren iritsiera eta gero, 500 haur eta gazte baino gehiago beren ogitartekoak eskutan hartu eta plazan elkartuko dira.

Festa giroa pizturik, azpimarratzekoak dira Gurutze Santuaren plazan larunbatean (maiatzak 18) egingo den Aiton Bordaren FlashMob-a, Buruhaundi eta Erraldoein kalejira, Herri Kirol talde mistoen arteko lehia, herriko Pilota eskolak prestaturiko jarduera berezia, eta gazteenei zuzenduriko bi kontzertu: Raimundo el Canastero eta Etxepe.

Mikel Arruti alkateak dei egin die herritarrei jai euskaldunak izan daitezen, parekideak, jasangarriak eta, batez ere, eraso matxistarik gabeak. Horren harira, Udalak, bestetan egin duen legez, puntu morea jarriko du Piku kalean eta telefono zenbaki bat (688 696 204) zabaldu edozein gertaera salatu ahal izateko.

Lezoko jaiek jarraipena izango dute ekainaren 8an, egun horretan ospatuko den euskal jaiarekin.

Lezoko jaietako erakunde laguntzailea: Lezoko Udala.