
Herrialde guztietan toki onak badirela abestu zuen duela ia bi mende Jose Mari Iparragirrek, eta, egia esan, AEB toki paregabea izan daiteke ikerlari batentzat. Mundu mailan sonatuak diren hainbat laborategik, ikerkuntza gunek, ospitalek eta instituziok han dute egoitza, ibilbide profesionala garatzeko helduleku aproposak izan daitezkeenak, eta horietan habia egin dute Euskal Herriko hamarnaka lagunek. Bidaia hori, dena den, joan-etorrikoa ere izan daiteke, eta batek baino gehiagok gogo onez egingo luke bueltakoa. Horiekin harremanetan jarri nahi du Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak, euskal zientzia sistema indartzeko.
Xede horrekin bilera bat antolatu zuen iragan astean New Yorken, eta inguruetan bizi diren eta lan egiten duten dozena erdi ikerlarirekin, haien esperientzia ezagutu eta bere proposamena helarazteko.
«Ikertzaile eskarmentudunak gure zentro eta unibertsitateetara erakartzen ditugu, eta ikertzaile horiek ikerketa talde arrakastatsuak sortu eta finantzaketa eta lehen mailako zientzialari gehiago erakartzen dituzte», laburbildu zuen Ikerbasqueko gerentea den Miguel Angel Arocenak.
Trumpen eragina
Lakuako Gobernuak Manhattanen duen egoitzan –Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak ere parte hartu zuen– bildutakoak talde horretan sartuko ote diren ikusteko dago, erabaki bat hartzeko orduan elementu asko baitaude mahai gainean, ikertzaile horietako batzuek GARAri azaldu ziotenez.
Itzuli bai, baina, zein baldintzatan? «Asko gustatzen zait egiten dudana, eta ez nuke nahi etxera heldu eta hegoak moztea», adierazi zuen Garazi Peña Alzua birologoak. Hepatitisari buruzko ikerketa batekin doktoratu eta urte batzuetan txertoen inguruan aritutakoa da; Mount Sinai entzutetsuan lanean dihardu, eta zalantzak ditu Euskal Herrira itzuli eta berak nahi lukeen ikerketa mota burutzerik izango ote duen.
Krisi klimatikoak hauspotu ditzakeen larrialdi biralek –H5N1 birusaren hedapena aipatu zuen, adibidez– kezkatzen dute batez ere ikerlari donostiarra, eta egiteko asko dagoela uste du. AEBn ere bai. Are gehiago, atzerakada sumatu du, Donald Trump Etxe Zurira bueltatu ondoren. Adibidez, lehen aipatutako birusaren –hegazti gripea– hedapena ez zaie zientzialariei modu egokian jakinarazten, horrek duen arriskuarekin.
Kopenhagen eta AEBn lanean aritutakoa da bera, eta etxerako bidea gustura egingo luke: «Hizkuntza, lagunak, familia..., erroetara itzultzea izango litzateke». Lanerako aukera egokiak lagunduko lioke pausoa ematen, eta horren itxaropenez joan zen Ikerbasquek antolatutako bilerara.
Ikerbasqueren lana goraipatu zuen Aitziber Buque Martinezek. Biokimikan doktoratua, bost urte daramatza AEBn, eta ikerketa talde bat zuzentzen du Filadelfian. Haren ustez, «Euskal Herria beti lehiakorra izan da ikerkuntzan; Europara itzultzea pentsatzean, beti dago aukera nagusien artean», eta posizio «top» hori «are hobetu da Ikerbasquek egiten dituen apustuekin».
AEBn ikerketa talde bat zuzentzea «gogorra» da, «norberak finantzaketa bilatu behar duelako», eta Trumpen itzulerak zailago jarri du. Ikasleen artean ere bai, doktoretza programek asko jaitsi baitute onartutako doktoregaien kopurua. «Sentipena da ikertzaile belaunaldi oso bat galtzen ari dela», adierazi du barakaldarrak. «Itzultzea buruan duzun gauza bat bada, honek indar handiagoa ematen dio ideia horri», aipatu du, eta ohartarazi du bere inguruko jende asko «B, D eta E plan bat» bilatzen ari dela.
Itzultzeko asmo argia Itziar Etxeandia Ikobaltzeta zornotzarrak dauka. Farmazian doktorea da, eta American College of Physicians-en lanean ari da. «Nahiko nagusi» joan zen AEBra, duela bi urte eta erdi, eta bazekien «denboraldi baterako kontua zela». Trumpen politikak ez du bere lantokian eragin handia izan, «ez dugulako funts federal asko jasotzen», baina diru horren premia handia duten zentroetan eragina sekulakoa izaten ari dela esan du. «AEBkoa bertakoa den jendea ere alde egiteko gogoz dabil», aipatu du. Berak eta alaba txikiak etxerako bidea gorriz markatuta dute jada.
«Baina bihotzak dio zoaz Euskal Herrira», dio urretxuarrarren abestiak. Bihotza, burua, ibilbide profesionala edo AEBko egoera, euskal ikerlariek hamaika arrazoi dute etxera bueltatzeko. Ikerbasquek bide orria eta iparrorratza eskaini dizkie.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

La verificación de la edad con selfis, un sistema de identificación cada vez más frecuente

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

