Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevista
Estitxu Uhalde
AEK-ko irakaslea

«Horrelako momentu atseginak euskaraz elkarbanatzea oso garrantzitsua da»

AEKren irakaskuntza metodologia euskararen erabileran eta talde dinamikan oinarritzen da. Sanferminetan, urtero, bazkaria antolatzen du maila ezberdinetako ikasle eta irakasleak bildu eta jai giroan ikasleei euskaraz hitz egiteko espazio bat eskaintzeko. Atzokoan, Estitxu Uhalde irakaslea egon zen.

Estitxu Uhalde, eskuinean zutik, AEKk antolatutako bazkarian.
Estitxu Uhalde, eskuinean zutik, AEKk antolatutako bazkarian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sanferminetan urteroko herri bazkaria ospatu zuen atzo AEKk Errekoletak kalean, Iruñezar euskaltegiaren aurrean. Itzalean, baina eguraldia lagun, atzokoan epel goxoa egin baitzuen, ehun ikasle eta irakasle inguru bildu ziren, ikasturtea amaituta berriz elkartu, euskaraz aritu eta elkarrekin ongi pasatzeko helburuarekin. Babarrun eta ardo artean, Estitxu Uhalde irakasleak GARAren galderei erantzun zien.  

Aurkeztu eta kontatuko al zeniguke pixka bat euskara irakasle gisa izandako esperientzia?

Esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da. Euskara betidanik egon da nire bizitzan eta irakasle izateak gehiago eta beste modu batez hurbildu nau hizkuntzara. Bereziki ikasleek hurbildu naute euskarara. Bakoitzaren profila ezagutzeak, haien hizkuntzarekiko interesa nondik eta noiztik datorren ezagutzeak, hizkuntza berri bat ikasteak suposatzen dienak, euskara ikasten sortzen diren harreman eta egoerek...

Zenbat ikaslek parte hartu dute uztailaren 9ko bazkari honetan?

Guztira ehun bat gara, irakasleak barne.

Zer helburu du bazkari honek euskara ikastearen testuinguruan?

Euskararen erabilera bultzatzea, AEKko ikasleek eta irakasleok elkar ezagutzea, maila ezberdinak nahastea... Euskara eta hizkuntzaren inguruan dagoena ikasteko beste modu bat da.

Zer profil desberdin dituzte ikasleek?

Adinari dagokionez profil ezberdinak daude baita jatorri aldetik ere. Nik urte bakarra daramat lanean, baina asko gustatu zait ikasleak ezagutzea. Zergatik ari diren ikasten, zein kontaktu izan duten lehenago hizkuntzarekin eta horrelakoak. Gainera asko gustatu zait ezagutu ditudan ikasle gehienek euskara erabiltzeko ikasten dutela hizkuntza. Hau da, titulua lortzea bigarren mailako zerbait dela gehienentzat eta hizkuntzarekiko eta kulturarekiko interes hori ikustea benetan polita iruditu zait.

Zergatik aukeratu zenuten Sanferminetan jarduera hau antolatzea?

Ni lanean hasi baino lehenago hartutako erabakia da. Dena dela, oso interesgarria iruditzen zait euskarari horrelako tartea eskaintzea gure hiriko jaietan.

Gainera, horrelako momentu atseginak euskaraz elkarbanatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Gure hiriko momentu berezia da eta euskara gurea da. Beraz, bertan egon behar du bai edo bai.

Zaila al da ikasleentzat jai jendetsu hauetan euskara erabiltzea?

Suposatzen dut baietz. Niri ere zaila egiten zait batzuetan. Egin nahi dudanaren arabera beti ez daukadalako aukerarik euskaraz egin ahal izateko. Beraz suposatzen dut ikasleei ere berdin edo are zailagoa suertatuko zaiela.

Hala ere, zalantzarik gabe Sanferminetan euskara erabiltzeko aukerak daude. Gainera, Nafarroako euskaldunoz gain, euskaldun dexente etortzen dira jaietara.

Zer egiteko dute kulturak eta tradizioek, sanferminek bezala, euskararen irakaskuntzan?

Nik esanen nuke bereziki tokia eskaintzea. Euskararen aldeko mugimendu handia dago, baina egia da oraindik Sanferminak euskara hutsean bizitzea ez dela lan erraza.

Euskarak presentzia behar du. Honekin ez dut esan nahi aukera bakarra egotea, baizik eta aukera anitza, euskaldun bakoitzak erabaki dezan nola bizi nahi dituen jaiak.

Euskara Sanferminetan ezinbestekoa da, Iruñean urte osoan zehar ezinbestekoa den bezala. Gure herria, gure hizkuntza eta gure jaiak.

«Zalantzarik gabe Sanferminetan euskara erabiltzeko aukerak daude. Gainera, Nafarroako euskaldunoz gain, euskaldun dexente etortzen dira jaietara»

Zein da sanferminen inguruan azkarren ikasten duten hitza edo esaldiak?

Ez dakit ba. Esanen nuke agian «Gora Sanfermin!», «Txoznak», «... jarriko didazu, mesedez», «Kalimotxo bat», «Nongoa zara?», «Zerbait hartu nahi duzu?», edo horrelakoren bat.

Zure ustez nola laguntzen dute ikasgelatik kanpoko jarduera horiek motibazioan eta euskararen ikaskuntzan?

Ikasgelatik kanpoko zerbait dela ikusteko. Gure hizkuntza dela eta bizirik dagoela. Nire ustez, erabilera da ikas prozesuan garrantzitsuena eta helburu nagusia. Horrelako jardueretan elkarrizketa ezberdinak suertatzen dira. Askatasun osoz aritu ahal dira. Uste dut ikasitakoa praktikan jartzea eta erabili dezaketela ikustea oso pozgarria dela. Gainera, maila baxuagoa duten ikasleek ere, urte gehiago daramatzaten ikasleak noraino iritsi diren ikusteak motiba ditzakeela pentsatzen dut.

Zer erronka dituzte ikasleek euskara ikastean eta nola laguntzen diete gainditzen?

Ikasten dituzten gauza berriak ikasgelatik kanpo erabiltzea. Horretarako uste dut oso baliagarriak direla horrelako egunak, batzuek ez baitute inguru euskaldunik. Horrelakoetan egun osoa pasatzen dute euskaraz hitz eginez eta gauza berriak erabiltzeko testuinguruak sor daitezke.

Gainera, sareak sortzen dira eta gero beste toki eta momentu batzuetan euskaraz hitz egiteko aukera daukate ezagutu dituzten pertsonekin.

«Ikasitakoa praktikan jartzea eta erabili dezaketela ikustea oso pozgarria da»

Zure ikasleekin eta euskararen irakaskuntzarekin lotutako anekdota edo esperientziaren bat partekatuko zenuke?

Gelan, behin baino gehiagotan gertatu izan zait ikasleak hizketan hasten direla eta nik ez ditudala ulertzen. Haien artean ordea bikain ulertzen dute elkar. Noizbait existitzen ez den hitz bat asmatu eta denek erabiltzen dute eta ulertzen dute. Ni zur eta lur geratzen naiz, zer gertatzen ari den jakin gabe.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna eta zer mezu emango zenieke orain ikasten ari direnei?

Oso zaila iruditzen zait euskararen etorkizunari buruz zerbait esatea. Esan dezakedana da gure esku dagoela. Gurea dena defendatu beharra dagoela halabeharrez. Lan handia egiten ari garela eta euskara bizirik dagoela. Euskara erabiltzeko dela.