CONTENIDO PATROCINADO

San Blas eztarriaren zaintzaileari eskainitako jaia, Dulantzin

San Blas egunaren bueltan ospatzen diren festetan ezin dira bi gauza falta: ustez, eztarria gaitzetaz babesten duten koloretako kordoiak eta San Blasen omenezko gozoak. Dulantzin antolatzen duten jaian ez dira kordoiak eta opilak faltako, baina hori baino askoz gehiago badago egiteko.

San Blas opil tradizionalak.
San Blas opil tradizionalak. (Juanan RUIZ | FOKU)

Otsailean, Dulantzik bere egunik esperoenetako bat ospatzen du: San Blas jaia. Ospakizun honek eztarriko gaitzak dituztenen eta otorrinolaringologoen zaindaria oroitzen du. Tradizio bihurtu da, eta familiarekin edo lagunekin kanpoko jarduera ugari egiteko beste aukera bat.

Aurten otsailaren 7 eta 8ko asteburuan ospatuko dute festa. Larunbatean, "Gure oroitzapenak" euskal dantzen ikuskizunarekin zabalduko dute egitaraua. Haize Dulantzi elkarteak antolatu du 12.00etan auditorioan izango den doako ikuskizuna.

13.00etan, berriz, pintxoak banatuko dituzte Kale Nagusian, eta Alde Zaharrean musika animazioa egongo da Otxote Erkametxa de Elburgo taldearen eta Izenbarekua txarangaren eskutik. Azken hau, arratsaldean ere arituko da.

Azokaren eguna

Hurrengo egunean, igandea 8an, ohiko artisautza eta elikadura azoka zabalduko dute 10.00etan, Herriko plazan. Bertan hamarnaka postu egongo dira, tartean,  koloretako kordoi tradizionalak eta San Blasi eskainitako gozoak. Ohiturak dioenez, kordoia bedeinkatu eta hurrengo bederatzi egunetan lepoan zintzilik eramanez gero eta ondoren erretzen baduzu, urte osorako eztarriko gaitzetaz babestuko zaitu.

Horrez gain, beste hainbat jaki tradizional eta etxean egindakoak ere erosi ahal izango dira –txorizoa, erroskilak, taloak, gazta tarta...–, baita eskuz egindako hainbat eta hainbat kalitatezko produktu ere.

Eguerdian trikitixa izango da giroa alaitzeko eta arratsaldean, ordea, Logela Multimendia taldearen "Semaforoa", 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzako antzerki emanaldia eskainiko dute auditorioan.

Informazio honen babeslea: Dulantziko Udala