J.S.
DONOSTIA

Euskal Sagardoak jakin-mina pizten du Alemanian

Gipuzkoako zenbait sagardogile Frankfurteko CiderWorld’26 kongresuan izan dira apiril erdialdean. Dastaketa gidatu, hitzaldi, bilera tekniko eta txotx afarien bitartez Euskal Sagardoa ezagutzera eman ondoren, hainbat domina ekarri dituzte.

Dastaketa gidatua Frankfurteko sagardotegi batean.
Dastaketa gidatua Frankfurteko sagardotegi batean. (SAGARDOAREN LURRALDEA)

CiderWorld nazioarteko ekitaldiaren aurtengo edizioa apirilaren 16tik 18ra egin da Frankfurten, Alemaniako Hessen estatuko hiri nagusian, eta Europa mailan antolatzen den sagardo ekitaldi garrantzitsuenetakoa da. Sagardoaren munduko profesionalentzat zein sagardozaleentzat ezinbesteko hitzordua da, sektorearen inguruko komunitate askotarikoa biltzen baita bertan.

Gainera, aurtengo edizioan Gipuzkoa izan da ohorezko gonbidatua eta izendapen hori aukera estrategikoa bihurtu da nazioartean helmuga turistiko eta gastronomiko gisa sustatzeko. Horregatik parte hartu dute bertan Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailak, Sagardoaren Lurraldeak eta Astigarragako Gurutzeta, Zapiain eta Petritegi sagardotegiek.

Gipuzkoaren sustapen turistikoa egiteko hainbat bilera tekniko eta aurkezpen instituzionalez gain, apirilaren 16an oso arrakastatsua izan zen txotx afaria egin zen Bornheimer Ratskeller jatetxeko terrazan. 120 lagunek, horien artean turismo ordezkariek, politikariek, kazetariek, influencerrek, nazioarteko sagardogileek eta Frankfurteko herritarrek, euskal sagardotegi baten esperientzia bizi ahal izan zuten.

Horretarako, Gipuzkoatik eramandako kupeletatik Astigarragako sagardoa txotxetik dastatzeko aukera izan zuten, eta Zapiain, Gurutzeta eta Petritegi sagardotegietako ordezkariek menu berezia eskaini zuten; besteak beste, hegaluzea eta antxoak era ezberdinetan, maskarada, txuleta eta euskal gazta. Gainera, E.taloren eskutik txistorra taloak eskaini ziren.

Apirilaren 17an, Leire Alkortak eta Haritz Rodriguez ‘Ciderzale’-k “Sagardoa heritage” hitzaldia eman zuten CiderWorld’26 Forumean 60 lagunen aurrean. Hitzaldiak hiru ardatz izan zituen: euskal sagardogintzaren historia, Sagardoetxea museoaren sagardoaren kulturaren sustapenerako eskaintza turistikoa eta Gipuzkoako sagardo mota desberdinak.

Goiz berean, CiderWorld Award lehiaketako sari banaketa egin zen. Bertan, Gipuzkoako upategiek hainbat domina lortu zituzten; zehazki, Zapiain sagardotegiak bi urre eskuratu zituen, Zapiain Premium Euskal Sagardoa eta Bizi Goxo 2017 sagardoekin. Gurutzetako Gorena sagardo naturalak, Etxeberriako Euskal Sagardoak, Petritegiko La Petri 0,0 sagardoak, Zapiainen Uso 2025 eta Otso 2025 sagardoek eta Isastegiko Premium Euskal Sagardoa ekologikoak zilarrezko dominak irabazi zituzten. Gainera, Haritz Rodriguezek “Cider Star of the Year” saria jaso zuen, sagardoaren alde egindako lanagatik.

Bestalde, eta Sagardoaren Lurraldeak bi urtean behin Euskal Herrian antolatzen duen Sagardo Forum ekimenaren bidez sortutako harremanei esker, Gurutzeta, Petritegi eta Zapiain sagardotegiek dastaketa gidatua eskaini zuten Frankfurteko Apfelweinkontor sagardotegian. Bertan 45 lagunek parte hartu zuten, eta sagardo naturalak, izotzezko sagardoak, sagardo apardunak eta bestelako produktuak dastatu ahal izan zituzten.

1.450 BISITARI AZOKAN

Apirilaren 18an, azkenik, CiderWorld azokan Gipuzkoako sagardogileek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu zuten. Gipuzkoa ohorezko gonbidatua izanik, stand nagusia izan zuen azokan. Egunean zehar 1.450 bisitari igaro ziren gunetik, eta arratsaldean sagardogileek Euskal Sagardoen dastaketa berezia eskaini zuten 50 lagunentzat. Halaber, Gipuzkoako turismo eskaintzari buruzko informazio zabala banatu zen.

Frankfurten bizi izandako esperientzia gipuzkoarrei gerturatzeko asmoarekin, maiatzaren 8an dastaketa gidatua egingo da Gurutzeta sagardotegian. Bertan Frankfurten sariak irabazi dituztenak zein beste sagardo batzuk dastatzeko aukera izango da.

BALORAZIO POSITIBOA

Kongresuaren balorazioa egiteko emandako prentsaurrekoan, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi zuen herrialdeak jasotako izendapen hori ez dela kasualitatea izan, «belaunaldiz belaunaldi egindako ahaleginaren, tradizioarekiko errespetuaren eta kalitatearen zein berrikuntzaren aldeko etengabeko apustuaren emaitza baizik».

Dominguezek esker hitzak ere izan zituen, «berriro Gipuzkoa bikaintasunaren podiumean kokatu dugulako. Zorionak guztioi, gai izan zarete mendeetako tradizio bat bizirik mantentzeko eta, aldi berean, garai berrietara egokitzeko, bere esentzia galdu gabe».

Azkenik, aipatu zuen Gipuzkoako Foru Aldunditik «sagardogileei laguntzen» jarraituko dutela eta «beharrezko ekosistema sustatzen, gure sagardoak gure mugetatik harago ere arrakasta lortzen jarrai dezan».

Bestalde, Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko gerenteak nabarmendu zuen CiderWorld «eszenatoki garrantzitsua» izan dela Gipuzkoa sagardoaren nazioarteko erreferente gisa kokatzeko, eta aldi berean bere aberastasun turistiko, gastronomiko eta kulturala ezagutarazteko. «Frankfurten aukera paregabea izan dugu Gipuzkoa sagardoaren helmuga gisa aurkezteko eta gure kulturaren aberastasuna nazioartean zabaltzeko. Horretarako, hainbat ekintza antolatu ditugu, bisitariak eta sektoreko profesionalak gure lurraldera gerturatzeko eta bertako esperientzia zuzenean ezagutzeko», gaineratu zuen Alkortak.

Bukatzeko, Ioritz Otaño Petritegiko ordezkariak oso esperientzia polita izan dela adierazi zuen. «Antolatutako ekintzak oso ondo atera dira eta jendeak interes handia erakutsi du, eta, sagardo naturalaz aparte, gure beste sagardoek ere oso harrera ona izan dute. Hori oso suspergarria da gure eguneroko lanerako».

Leire Alkorta, Sagardoaren Lurraldeko gerentea.

«Gure sagardoa erreferentziatzat hartzen da leku askotan»

Leire Alkortak, Sagardoaren Lurraldeko gerenteak, Gipuzkoako ordezkaritzan parte hartu zuen. Ze garrantzi du Frankfurteko CiderWorld kongresuak munduko sagardoaren sektorean?

CiderWorld Europako sagardo ekitaldi garrantzitsuenetakoa da, eta erreferentzia gisa hartzen da sagardoaren sektorean. Izan ere, sagardoaren komunitate anitza biltzen da bertan: sagardo ekoizleak, banatzaileak, kontsumitzaileak, preskriptoreak eta abar, eta sagardoaren munduko profesionalentzat zein sagardozaleentzat hitzordu garrantzitsua da. Horregatik, CiderWorld eta Sagardo Forum bezalako nazioarteko ekitaldiak funtsezkoak dira gure sagardoak zein gure sagardoaren kultura munduan zabaltzeko, ideia berriak hartzeko, harremanak egiteko eta sagardoaren sarea osatzen jarraitzeko.

Aurten Gipuzkoa izan da kongresuko ohorezko gonbidatua. Ezaguna al da gure sagardoa Alemanian?

Urteetako ahaleginaren ondoren Gipuzkoa herrialde gonbidatua izatea oso pozgarria izan da guretzat, eta bertan ere gustura hartu dute Gipuzkoa herrialde gonbidatua izatea. Gure kultura eta sagardoa ezagutzen dituzte, eta ez hori bakarrik: bertako sagardoa erreferentziatzat hartzen da sagardoa ekoizten duten nazioarteko leku askotan. AEBn, esaterako, gure sagardoan inspiratutako sagardoa ekoizten dute. Gainera, nazioartean egiten diren lehiaketetan sariak eskuratzeak gure sagardoak nazioartean ospe handia lortzea ere ahalbidetu du. Euskal Herriak sagardoarekin duen lotura antzinakoa da, eta gure berezko izaerak sagardo destino garrantzitsu gisa kokatzen gaitu gure mugetatik haratago.

Sagardo ekoizpenarekin batera, Euskal Herriko turismoa eta gastronomia ere ezagutzera eman dira azokan, ezta?

Bai, hala da. Sagardoaren kulturaren eskutik, Gipuzkoak duen aberastasun kulturala, gastronomikoa zein turistikoa ezagutarazteko aukera izan dugu Frankfurten. Horretarako ekintza bereziak antolatu ditugu han: bilera teknikoak, txotx afaria, sagardo dastaketa gidatuak, aurkezpenak, azokan parte hartzea… Horiekin guztiekin sagardoaren kultura nahiz gaur egun sagardoaren munduan dagoen dibertsifikazioa erakusteaz gain, gure lurraldea nazioartean turismo helmuga garrantzitsu gisa kokatzeko aukera izan dugu. Eta oso pozik bueltatu gara lortutako emaitzarekin: antolatutako ekintzek arrakasta handia izan dute, parte-hartze handia izan da jende aldetik, eta hango medioetan ere zabalpen handia izan du gure parte-hartzeak.

Nazioarteko beste azokaren batean parte hartu duzue aurten?

Otsailean Estatu Batuetako Providence hirian (Rhode Island) izandako CiderCon’26 azokan parte hartu genuen. Europatik kanpora antolatzen den sagardoari buruzko nazioarteko hitzaldi garrantzitsuena da, eta sagardoaren industriako esparru guztietan lan egiten duten mundu osoko adituak zein sagardozaleak elkartzen dira bertan ezagutzak partekatzeko, sagardoak dastatzeko eta harremanak egiteko. Horrelako ekitaldietan parte hartzeak, harremanak ezartzeko ez ezik, atzerriko bezeroak erakartzeko eta ikusgarritasuna sortzeko ere balio du.