Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Entrevista
Ekhi Ruiz de Pinedo
Confecciones Pinedo

«Turistek ere erosten dituzte baserritar jantziak, mimetizatu egiten dira»

Gasteizko jaietan blusa eta neska ugari hurbiltzen dira Confecciones Pinedo dendara. Duela mende bat baino gehiago ireki zituzten ateak, eta Ekhi Ruiz de Pinedo bertan lan egiten duen laugarren belaunaldiaren parte da. 

Ekhi Ruiz de Pinedo.
Ekhi Ruiz de Pinedo. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gasteizko jaien izen propioa Zeledon bada, Ruiz de Pinedo da egun berezi hauen abizena. Duela mende bat baino gehiago ireki zuten Confecciones Pinedo denda. Ofizialki 1913an zabaldu zituzten ateak, baina jada 1911. urtean egunkari batean agertu zen dendaren iragarki bat.

Ordutik lau belaunaldik lan egin dute dendan, eta milaka herritar pasa dira bertatik, blusak, gerrikoak, abarkak edota gonak erosteko. Jaietan zehar eta jaietatik kanpo.

Ekhi Ruiz de Pinedok gogoratzen duenez, bere birramonak mantalak egiten zituen, eta Bergaratik heltzen ziren bezeroak. «Nire aitona dendan lan egiteko gorbata janzten zuen, eta mantala erabiltzen zuen ateratzen zenean enkarguak egitera. Eta zer dira gaur egungo blusen blusak, mantalak», adierazten du azken urteetako aldaketak azaldu aurretik.

Mutilei dagokionez, aldaketa gutxi izan da. Blusaren forma, luzera eta antzera berdina da kuadrilla guztietan. Dena den, «patroi berriak» sartu dira, eta txalekoak ikusta gero eta ohikoagoa da. Baserritar jantzi dotoreak zabaldu dira. «Batzuk txukun-txukun joaten dira», nabarmendu du.

Nesken kasuan, berriz, aldaketak nabariak dira. Oraindik ere mantentzen dira zuri eta beltzak diren jantziak, eta ardazleen gona gorriak. Baina aukerak biderkatu dira. «Dauzkate alkandora ugari, gona anitz, baita galtzerdiak ere», dio Ruiz de Pinedok, eta argi uzten du beraien helburua bezeroaren nahietara erantzutea dela.

Horregatik elkartzen dira kuadrillekin neguan, urtarrilean eta otsailean, «ikusteko zein oihal ditugun, diseinua egiteko». «Denak nahi dute zerbait ezberdina izatea. Eta guk egiten dugu modelo bat, prototipo bat», gaineratzen du. Datorren urteari begira kuadrilla berri batekin lanean arituko direla iragartzen du.

Zapiaren koloreari dagokionez, nahiago du eztabaidan ez sartzea. «Zapia zapia da, jaietako zapia, eta bakoitzak bere sinbologia badu». Dirudienez, iraganean zuriak ziren, ondoren sartu zen kolorea, zapi gorriarekin, eta kuadrillei esker zabaldu zen laukidun zapi urdinaren erabilera. Gaur egun kuadrilla batek zapi horia janzten du, eta beste batek, granatea.

Egun hauetan zabalik egon dira Pinedoko ateak, blusak eta nesken despistatuei arreta emateko, baita turistei ere. Dioenez, atzerritar ugari gerturatzen dira Gasteizko jaietan. «Mimetizatu nahi dira, jaietan parte hartu eta jantziak erosten dituzte. Ohikoa da».