
Bilboko Aste Nagusia 2026 ate-joka dugu dagoeneko, eta abuztuaren 22tik 30era bitartean, Bizkaiko hiriburua kolorez, musikaz eta jai-giro paregabez beteko da. Bederatzi egunez, itsasadarraren bazterrak eta Zazpikaleak herritarren zein mundu osotik etorritako bisitarien topaleku bilakatuko dira. Aurten, Bilboko jaien 46. edizioak tradizioa eta berrikuntza uztartuko ditu, betiko legez, denontzako kultur eskaintza zabal, plural eta doakoa ziurtatuz.
Jaien hasiera ofiziala abuztuaren 22an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Arriaga Antzokiko balkoitik jaurtiko den txupinazoarekin. Aurten, Onintza Enbeita Maguregi bertsolari ezagunak izango du pregoia irakurtzeko ohorea, eta Ainhoa Urrejola Soldevilla konpartsakideak jaurtiko du txupina, jaien eztanda irudikatuz. Une horretan bertan, Marijaia maitatua balkoira aterako da, besoak zabalik, Bilboko bederatzi egun eta gau zoragarriei ongietorria emateko. Bere abesti ezagunaren erritmoak hiriko kale guztiak zeharkatuko ditu.
Musika izango da aurten ere Aste Nagusiko ardatz nagusietako bat, bederatzi agertokitan banatutako 100 musika-emanaldi baino gehiagorekin. Doako kontzertu handiek gustu guztiak asetzen saiatuko dira. Abandoibarra eta Europa Parkean punta-puntako taldeak arituko dira, tartean Zea Mays (abuztuak 22) edota En Tol Sarmiento (abuztuak 26rako iragarrita bazegoen ere, sektore teknikoko langileen greba errespetatuz, abuztuaren 25ean eskainiko dute). Horiez gain, Leire Martínez, Mirua, Urtz (Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera), Bebe eta M-Clan bezalako artistek gauak girotuko dituzte.
Plaza Biribilera betiko berbena herrikoiak itzuliko dira (Akerbeltz, Sukar edota Laprast taldeen eskutik), eta Casilda Iturrizar parkeko pergolan guateke klasikoak eta boleroak entzun ahal izango dira, Nacha Pop edo Amistades Peligrosas bezalako talde mitikoekin.
Horrez gain, Bilborock aretoak bertako taldeen Metal Pop-Rock XXXIX. erakustaldiko kontzertuak eskainiko ditu egunero, 20.00etan hasita.
Bestalde, aurtengo edizioak aldaketa esanguratsu batzuk dakarzkigu kokapenei dagokienez. Betiko euskal dantzak, orain arte Plaza Berrian egiten zirenak, Gasaren Plazara pasatuko dituzte dira abuztuaren 23tik 30era, arratsaldeko 19:00etan. Bestalde, Txistularien Alarde tradizionala (bere 66. edizioan) eta munduko erritmoen emanaldiak Evaristo Churruca kaian kokatuko dira.
Herri Kirolak, erraldoi eta buruhandien kalejirak, bertsolariak eta itsasadarreko traineru estropadak ere ez dute hutsik egingo.
Konpartsak, jaien bihotza
Areatzako txosnagunea Bilboko Aste Nagusiaren bihotza bilakatzen da. Bilboko Konpartsek hilabeteetako lana borobilduko dute euren guneak zabaltzean. Aurten, konpartsek euskara lehenesteko konpromiso sendoa hartu dute: txosnetako musika eskaintzaren %54 gutxienez euskarazkoa izango dela bermatu dute, eta kartel elebidunak kendu eta arreta euskaraz ziurtatuko dute.
Konpartsek antolatzen duten sukaldaritza lehiaketak ere Areatzan izango dira, non patata tortilla eta marmitakoa bezalako plater tradizionalak prestatuko dituzten parte-hartzaileek.
Era berean, komeni da konpartsa bakoitzaren egitaraua aztertzea, egunean zehar hainbat plan proposatzen dituztelako, adin guztiei zuzendutakoak, Konpartsak txosnak baino askoz gehiago baitira.
Suak eta Txikigunea
Familientzako planak ere anitzak izango dira. Hasteko, gauero, 22:30ean, zerua argiztatuko da Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketari esker. Galizia, Alemania, Uruguai, Madril, Italia eta Mexikoko pirotekniek hartuko dute parte aurten, Itsasadarraren ezkerraldetik ikusmira bikainena eskainiz.
Txikienentzat, berriz, Casilda Iturrizar parkeko Txikigunea izango da bilgune nagusia (abuztruaren 23tik 30era, 11.00-14.30 eta 16.30-20.00). Bertan izango dira Gargantua eta Marijaia txiki bat. Era berean, 0-3 urte bitarteko haurrentzako zein 3-12 urte bitartekoentzako espazioak izango dira, auzoen izenak daramaten txokoetan banatuta –Txiki Botxo–. Ondo pasatzeko aukera ugari izango dira bertan: Ur-jokoak, esperimentazioa, labirintoa, eraikuntzak, puzgarriak...
Parkeko pergolan familientzako antzerkiak izango dira arratsaldero. Konpainia desberdinak pasako dira bertatik eta emanaldi batzuk zeinu-hizkuntzaren interpretazio zerbitzua izango dute, eta gainontzekoek testu gutxi izango dute. Era berean, doako txutxu trena ibiliko da parkean zehar.
Balearen desfilea, ordea, igande honetan, hilak 23an, izango da. Bali Balea, bere itsasoko lagunak lagunduta, Plaza Biribiletik aterako da 18.00etan eta erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu. Aurten Urte Berri Txinatarrari keinu bat egingo diote desfilean.
Informazio honen babesleak: Bilboko Udala, Bikabi aseguruak, Goiko kiosko, Txokomex takeria-kantina, Café Nervión, Motrikes taberna, Fermin taberna, Luciano Berri taberna, Beltza taberna, Harrobia restaurante, Bodega Joserra, Kalderapeko jatetxea, Gili Gili, Restaurante Kasko eta Gure Etxea taberna.

Orio Zea Maysen erritmoan

«Fermin Muguruza genera un sentimiento de comunidad brutal»

«Pertsona normalek» Donostiaz gozatu dute 21. Irrikitaldian, «pirata malapartaturik gabe»

La fiscal acusa a Meta de mentir y «primar los beneficios» de hacer adictos a menores
