03 JUN. 2022 - 21:50h Eskolaren diseinuak eragin zuzena du umeak ikasteko, sentitzeko eta mundua ikusteko duen eran Rosan Bosch eskolen diseinuan adituak baieztatu du espazioen diseinuak zuzeneko harremana duela haurrek ikasteko, sentitzeko eta mundua ikusteko duten moduan. Hortaz, ikastetxeetan mugimendua ahalbidetzen duten espazioak aldarrikatu ditu. Diseinu tradizionaleko ikasgela bat, non ikasleak ilaran, bata bestearen atzean, esertzen diren. (GETTY) Marina Segura (Efe) Rosan Bosch herbeheretarrak, ikastetxeen diseinuaren arloko mundu mailako erreferenteak, ziurtatu du eskoletako arkitektura tradizionalak «kontrolean oinarritutako eta zaharkitutako» antolakuntza bati erantzuten diola. Hori horrela, Boschek duela 30 urte ekin zion ikasleen autonomia eta motibazioa sustatzeko mugimenduan oinarritutako eredu arkitektoniko bat bultzatzeari. Izan ere, diseinainatzaileak sostengatu duenez, eskolaren diseinuak eragin zuzena du umeak ikasteko, sentitzeko eta mundua hautemateko duen eran. Boschek ‘Aprender jugando. Diseñar para la incertidumbre’ liburua argitaratu berri du gazteleraz, eta bertan umeen ikasketa prozesua hobetzeko bere tesia babesten duten hainbat ikerketa jaso ditu. «Gizakiek ikasteko duten erari buruz existitzen den zientzia eta ezagutza aztertuko bagenitu, eraikiko liratekeen eskola berriak oso desberdinak izango lirateke zentro tradizionalengandik, hurbilago egongo lirateke gure proposamenetik», uste du Boschek. Diseinatzailearen aburuz, diseinu tradizionalak eskaintzen dituen aukerak nahiko mugatuak dira: «Korridore batetik zoaz eta gero ordu luzez ilaran eserita eta isilik egon beharko duzun ikasgela batera sartzen zara». Ildo horretatik, eredu hori haurren garapenerako ez dela egokiena sostengatu du adituak. «Neurozientziari esker, badakigu minutu gutxi batzuk pasata gure arreta murriztu egiten dela eta estimulu berriak behar ditugula kontzentratzeko. Mugitzen garen era aldatzen badugu, pentsatzen dugun modua ere alda dezakegu, horregatik da hain garrantzitsua espazioen diseinua», azaldu du Boschek. «Leku aldakorrek ikasleei mugitzea eta ataza desberdinak ahalik eta modu egokienean gauzatu ditzaten ahalbidetzen die, adibidez: entzutea, azalpenak ematea, pentsatzea, irakurtzea edo eraikitzea. Era berean, beraien buruari galderak egiteko, esploratzeko eta ikaskideekin elkarlanean aritzeko motibatzen dituzte, zeinak, ondorioz, pertsona kolaboratibo, aktibo eta ikasteko prestutasun handiagokoak sortzen dituen». Boschek Belgikako Gobernuarekin lan egin du berak proposatzen duen metodologia herrialdeko ikastetxeetan txertatzeko. Gainera, Argentinako eta Danimarkako hezkuntza sistema publikoekin elkarlanean ibili da ikertzailea. Egiteko modua aldatzeko, espazioa aldatu behar da Diseinatzaileak esplikatu duenez, jendeari kostatu egiten zaio errutinak aldatzea, baina «gauzak egiteko era aldatu nahi baldin badugu, erabiltzen ditugun espazioak eraldatu behar ditugu». «Ez da berdina zirkuluan esertzea eta gure ikaskideak aurrez aurre ikustea, bulegoan leku finko bat izatea edo egun bakoitzean kokaleku desberdin batean esertzea… Mundua ikusteko, pentsatzeko eta jarduteko era aldatzen da. Diseinuak eragina du gure sentimenduengan eta jokabidearengan». Hortaz, egungo hezkuntza sistema ez dela «eraginkorra» ondorioztatu du Boschek. Bere esanetan, «kasu askotan ez ditu ume eta gazteak motibatzen eta ikaskuntza gauza positibo eta inspiratzaile baten moduan ikustarazi ordez, kontu negatibo baten gisa hautemanarazten die». Inspirazioa xede Boschen iritziz, ikasleari bere autonomia sustatu eta ikasketa prozesuaren erdigunean jarri behar zaio. Era berean, diseinuaren bitartez, motibazioa sustatzen dioten espazioak eskaini behar zaizkio: kontzentratzeko lekuak, beste gauza batzuekin elkarrekintzan aritzeko txokoak… «Helburua inspirazioa sustatzen duten agertoki desberdinak eskaintzea da, horrela ikasteko gaitasuna maximizatzeko». «Ikasteko gaitasuna maximizatzea da helburua, eta ikasleei inspiratzeko agertoki desberdinak eskaintzea, pertsona bakoitza modu ezberdinean motibatzen baita. Ikasteko hobekien funtzionatzen digun modua zein den konturatzeko gai bagara, etorkizunerako eta bizitzan zehar egin behar ditugun ikaskuntza prozesu guztietarako balioko digu. Hor dago behar den funtsezko pentsamoldearen aldaketa», laburbildu du Boschek.