7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Miyashita, azpiegitura berdea

Miyashita parkea Tokioko erdigunean dagoen merkataritza gune baten gainean kokatutako hiri parke bat da. Garai batean parke publiko batek hartzen zuen espazioan, trenbide eta eraikin handien artean, birika gisa jokatzen du. Eraikuntzak, polemika bezala, miresmena sortu du.

Miyashita parkearen irudiak, Shibuya Scramble Square eraikinetik. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Miyashita parkea Tokioko bihotzean dago, hain zuzen ere Shibuyako eta Harajukuko barruti ikonikoen artean, eta dentsitate handiko hiri-inguruneetako espazio publikoaren bilakaeraren adibidea da. Lehen bertsioa, 1930ekoa, lurzoruaren maila berekoa zen, baina harrezkero etengabe eraldatu da hiriaren hazkundera egokitu beharrarekin, kota aldaketekin jokatuz. Parkeak imajinaezinak diren egoerak sorrarazten ditu, ekipamendu eta berdegune geruza bat tartekatzen baitu trenbide korapilatsu eta eraikin dorre altuen artean, aire libreko bilgune kolektibo desberdina osatuz.

Lehen kota aldaketa 1964. urtekoa da. Atelier Bow-Wow arkitektura bulegoaren proiektuak parkea autoen aparkaleku baten gainera igo zuen, trafikotik aske geratzen den azalera zabala sortuz kirol ekipamenduetarako. Zuhaitzez eta eserlekuez gain, eskalada murruak eta skaterako eremuak zituen. Ideia eta asmoa ongi adierazita agertzen da, haien plano bereizgarriak biltzen dituzten liburuetan, Graphic Anatomy bigarrengoan, hain zuzen ere. Dirudienez, ordea, haren hiriarekiko aldentze bertikalak sarbide zaileko leku bilakatu zuen, ahanztura eta utzikerian erortzea eraginez, eta denborarekin, aterpea bilatzen zutenen babesleku bihurtu zen.

Shibuyako barrutiaren egunerokotasuna. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Shibuyako barrutiak azken hamarkadetan izandako garapen komertzialaren ondorioz, espazio horrekiko interesa berpiztu zuen, eta horrek 2020. urtean birmoldaketa ekarri zuen. Parkearen berrikuntza Nike enpresak finantzatu zuen neurri handi batean, eta ordainpeko kirol instalazioen eraikuntza bultzatu zuen, kapital pribatuko inbertsioaren truke. Proiektua, berriz, Nikken Sekkei eta Takenaka Corporation bulegoen elkarlana da. Parke berria, arkitektura, natura eta funtzionaltasuna uztartzen dituen espazio gisa eratu da, 330 metroko luzerako azpiegitura bat gehiago da Tokioko paisaian, baina ez besteak bezalakoa, baizik eta berdeagoa. Esan daiteke oasi berde bat eskaintzen duela hiriaren erdian. Lehenengo parkearen nortasuna mantentze aldera, honek ere patinaje pista eta rokodromoa dauzka, aisialdirako espazio zabal gehiago izateaz gain.

Dentsitate handiko hirietan joera handia dago espazio publikoak eta pribatuak elkartzeko, hala nola Tokion. Teorian, iraganeko zenbait elementu babesteko ahaleginak egin diren arren, parkearen eraldaketak espazio publikoaren gentrifikazioa sinbolizatzen duela ezkutatzea ezinezkoa da. Lau mailako merkataritza guneak eta 18 solairuko hotelak, nolanahi ere, badute beren eragina, eta interes publikoaren eta pribatuaren arteko orekari buruzko galderak azaleratzen ditu. Parkearen konexioa hiriarekiko asko hobetu bada ere haren jatorrikotik, azpiegituraren izaera komertziala oztopoa izan daiteke biztanleriaren zenbait sektorerentzat.

Miyashita parkea, bertatik bertara. (Nekane Azpiazu Lejardi)
(Nekane Azpiazu Lejardi)

Era berean, parkeak hondamendi naturalen aurreko prestakuntzari buruzko kezkei erantzuten die, diseinu handia eta sendotua du larrialdietan elkargune gisa erabili ahal izateko, esaterako lurrikara kasuetan. Era berean, Covid 19 bezalako pandemia testuinguruetarako aire zabaleko konfigurazioak eta atsedenlekuak eskaintzen ditu, ingurune segurua eta ondo aireztatua bermatuz.

Eraldaketa honek miresmena zein eztabaida sortu dituen arren, Japoniako hiriburuak berrasmatzeko eta espazio kolektiboaren erronketara egokitzeko duen gaitasunaren ikur bihurtu da. Azpiegitura desberdin honek Tokioko hiri paisaiaren inguruko pertzepzioa aldatzen die bisitariei, hiriaren ezaugarri den dinamismoaren erdigunean atseden berdea eskainiz. Miyashita parkea Tokio garaikidearen isla da, hormigoizko kaiola beiratu gehiagoren ordez, aisialdirako guneak babesten eta bultzatzen dituena.