01 JUN. 2025 ARKITEKTURA Horma artean Basilea artearen eta arkitekturaren arteko konbinazio ezin hobea da. Riehenen, Suitzako Basilea-Hiria kantonamenduko herri eta udalerrian, dago Beyeler Fundazioa, Renzo Piano arkitektoak diseinatutako arte modernoaren museoa, naturan integratuta. Konbinazio hori benetako artelana da. Aurrealdeko paisaiaren mailakatzeak museoko artelanak kanpoaldetik begiratzera gonbidatzen gaitu. Era berean, nenufarren urmaelak Moneten lanei keinua egiten die. (Nekane Azpiazu Lejardi) Nekane Azpiazu Lejardi Basileako txoko bakoitzean arnas daitezke artea eta arkitektura; eguneroko bizimoduaren parte dira. Hiriak eskaintzen duen paisaiak, historikoaren eta garaikidearen arteko nahasketak, esperientzia paregabea bilakatzen du kaleetan barrena ibiltzea. Rhin ibaiaren ertzean eta Suitzak, Alemaniak eta Frantziak bat egiten duten lekuan, arkitekturak eta arteak elkar elikatzen duten eragin kulturalen gurutzaketa gertatzen da. Nonahi daude arte galeriak, eta batzuetan gordailu lana egiten duen eraikina bera bisitatzea barruan dutena baino harrigarriagoa da. Beyeler fundazioaren kasuan, arkitekturaren eta artearen arteko elkarrizketa bereziak aparteko bisita bihurtzen du. Bizipena kanpoaldean hasten da, museoaren eta ingurunearen arteko uztarketa miresgarriarekin; ikus daitekeen lehen artelana da, espero gabekoa. Fundazioaren eraikina, 1997. urtekoa, Renzo Piano arkitektoak diseinatutakoa da. Ersnt Beyeler galeristak haren esku utzi zuen bere ametsa zen eraikina gauzatzea Berower villaren inguruan, eta naturan integraturiko arte modernoko museoa gauzatu zuen. Familia suitzarrak ondorengo lau premisak jarri zizkion arkitektoari: ingurunearen eta eraikinaren arteko oreka mantentzea, piezak ahalik eta modu sinpleenean erakustea, argiztapen zenital leuna izatea eta bisitariek mugimendu-askatasuna izatea. Emaitza irizpide horien erabateko batura da. Hormen muturretako beirazko azalak mihise, artelan bat gehiago dira. (Nekane Azpiazu Lejardi) Eraikina lurrean hondoratuta dago, bilduma osoa solairu bakarrean irisgarria izatea bermatzeko, bai eta eraikinaren hegoaldean nenufarrekin beteriko urmaela sortzeko ere. Erabaki horiek museoa eta paisaia modu harmonikoan batzea ahalbidetu zuten, eta, era berean, guneak izaera intimoagoa hartu zuen, bisitariak artean sakonago murgiltzeko. Ekialdetik, museoak bizkarra ematen dio kaleari, eta mendebaldetik, aldiz, beirate handiak laborantza lurren paisaiaren ortzi-mugara zabaltzen dira. Programa 127 metroko luzera daukaten lau horma paraleloren inguruan antolatzen da, estantzia laukizuzenak sortuz, aurrez zehaztugabeko ibilbideak dituztenak espazioa nolanahi deskubritzen joateko. Guztira 19 esparru dira, eta XIX. mendeko ohiko banaketetan oinarrituta, areto batetik bestera modu librean igarotzea ahalbidetzen da. Harrizko hormen sendotasunak kontrastatu egiten du estalkiaren arintasunarekin, eta beharrezkoak diren isolamendu termikoa eta akustikoa eskaintzen dizkio museoari. Horien beste bi muturrak beirazko azalak ixten ditu, erakusketa-gelen eta kanpoaldearen arteko mugak hautsiz. Lorategiaren perspektiba horiek ere goza daitezkeen artelanak dira, urtaro aldaketarekin batera erakusketa berrituko balitz bezala, batzuetan berde eta beste batzuetan gorri zein zuri luzitzen dutenak. Barnealdearen eta kanpoaldearen arteko trantsizio leuna sortzen da museoaren mugetan. Horma diseinuaren ardatz nagusietakoa bihurtzen da, hainbat trazatan ikus daiteke elementuaren presentzia, eta erritmo adierazgarria dauka, baita funtziorik gabeko kanpo hormetan ere. Horma babeslea, euskarria eta itxitura da. Horietan kanpo-gainazaletan estaldura gisa erabili den harria Patagoniako porfido landugabea da, Basileako eskualdeko hareharriarekin antzekotasuna duena, eta erresistentzia handikoa. Eraikinaren bolumetriarekin batera, materialak lekuarekiko integrazioa bermatzen du, nolabaiteko harmonia eskainiz. Barnealde neutro eta gardenak, sabaiaren arintasunaren emaitza. (Nekane Azpiazu Lejardi) Estalkia, barnera sartu arte ezkutatua dagoena eta eraikinaren eskema orokorrarekin bat datorrena, berriz, proiektuaren balentria poetikoa da. Hormetan sostengatzen da egitura metaliko arin baten bitartez eta beirazko hainbat azal ditu zerra geometriadun panelekin batera argi lausoa iparraldetik sar dadin. Sistema honek aretoetan itzalak sortzea ekiditen du; argiztapen homogeneoa bermatzen du horrek, eta argiek eta gainazalek jolas egiten dute, barrualdea etengabe eraldatuz. Proiektua arte-lantegi izatetik haratago doa, eta bildumaren eta kanpo errealitatearen arteko harremana sendotzen du. Eraikinaren inguruko ibilbideek, haren lorategietan barrena paseatzeak, baita eskulturak aire zabaleko espazioetan ikusteko aukerak ere arkitektura-esperientzia aberasgarriagoa egiten dute. Irekitako zein erdi itxitako espazioek eta urertzeko eremuek ikuspuntu anitz eskaintzen dituzte, erabiltzailearen pertzepzioekin jolastuz. Proiektua arte-lantegi izatetik haratago doa, eta bildumaren eta kanpo errealitatearen arteko harremana sendotzen du.