06 JUL. 2025 IRITZIA Bihotz bihotzetik Iñaki Pikabea San Fermin eguneko gure ihesaldiaren lau hamarkadaren perspektibatik, bere unean salatutako makina bat gertaera, jipoialdi, bizipen eta oroitzapen ahantzezin latz eta gogorrak datozkit burura, batik bat lehen hiru hamarkadakoak. Kartzelak, edonon daudela ere, ez dira inoiz izan, ezta ere izango, ez sosegu gune, are gutxiago, lasaitasun gune, eta espetxeen eraikitzeak ez zuen inolaz ere ekarri aspaldiko zigor anker krudel haiek deuseztatzea, ezabatzea edo arintzea, baizik eta beste baliabideekin presoei min bera edo handiagoa eragitea eta zigortzea zen xedea, beti agintarien meneko, egunero oinarrizko eskubideak urratuz. Ezin ahaztu eta aipatu gabe utzi osasun maila urria eta azalekoa, oker edo gaizki emandako tratamenduaren ondorioz itzulezinezko amaiera izan zutenak eta, nola ez, bere buruaz beste egin zuten lagunak. Esan beharra dago urteetan zehar, une okerrenetan ere, gure herriak beti goi mailan erakutsi duela bere presoekiko eta senideekiko izan dituen berotasuna eta maitasuna. Errespetuzko hausnarketa honetan azpimarratzekoa da zendu berri den Pepe Mujica gerrillari ohi eta lehendakari ohiaren gogoeta, ekarpena eta jarrera. Askoren artean hona hemen bere hausnarketa argi bat: «Gorrotoa maitasuna bezain itsua da, baina maitasuna sortzailea da; gorrotoak, aldiz, suntsitu egiten gaitu». Zoritxarrez, badaude piztuta munduan barrena makina bat gatazka eta gerra gaitzesgarri eta suntsitzaile, horra hor gorroto eta mendekuaren lekuko den Gazaren kontrako etengabeko sarraskia eta genozidioa, zeinean, bonbardaketez gainera, gosea gerrarako arma bilakatu eta erabiltzen ari baitira. Gizakiak, tamalez, jarraitzen du Erromatarren garaitik hona gezurrezko sasi-bakezaleen gerra ezaugarri odoltsu horrekin: si vis pacem, para bellum (bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako). Bada, benetan bakezko eta gatazkarik gabeko gizarte bat eraiki eta lortu nahi badin bada, modu bakarra dago, eta premiazkoa da ororen gainetik gutako bakoitzaren eskubideak errespetatzea eta garatu ahal izatea pertsona eta herri bezala, zapaltzailerik eta kolonizatzailerik gabeko gizarte batean errespetuzko harremanak egunerokotasunean, kalean, ikastetxean, etxean, familian, belaunaldi eta genero ezberdinen artean defendatuz eta edozein eskubideren urraketaren aurrean irmoki salatuz. Hauek dira burura etorri zaizkidan hausnarketak. Eta, honekin batera, bihoa nire desiorik handiena, zuek guztiak lehenbailehen Euskal Herriko kaleetan ikusteko. Eutsi goiari! Kartzelak, edonon daudela ere, ez dira inoiz izan, ezta ere izango, ez sosegu gune, are gutxiago, lasaitasun gune, eta espetxeen eraikitzeak ez zuen inolaz ere ekarri aspaldiko zigor anker krudel haiek deuseztatzea, ezabatzea edo arintzea, baizik eta beste baliabideekin presoei min bera edo handiagoa eragitea eta zigortzea zen xedea