13 JUL. 2025 IRITZIA Koordenatuez Sustrai Colina S.apurgarria, Nahi duzun lekuan al zaude? Bizi zaren hiria bere burua kiskaltzen ari da. Festa ereduaz mintzo dira batzuk, ereduaren festaz beste hainbat. Urteko egunik tristeena izango da asteartea: garbitzaileek hilotza makillatuko dute, gorpua berpizteko saiakerak biderkatuko dituzte lorezainek eta, norbera erraustu aurretik, ahal duenak hiritik alde egingo du. Nahi duzun lekuan al zaude? Zure sorterritik gertu migratzaileen aurka jotzeko “auzo patruilak” antolatzen dituen zazpiehun laguneko Whatsapp taldea sortu dute, irratian segurtasunaz dihardu kartzela barrutik ezagutzen duen buruzagi independentistak eta, zure sumindurarako, auzoan edozeinek daramala labana patrikan dio bere semeak kalera bakarrik ateratzeko adinera heldu arte libertatearen apologia egiten zuen eskolako gurasoak. Eguzki galdatan ere, hezurretaraino sartzen da zirimiria. Gore-Texak salbatuko zaituela uste baduzu... Nahi duzun lekuan al zaude? Euskal Herritik urrun zabiltza, zure baitatik urrunago, itsasertzean etzanda zein oinak igerilekuan bustitzen, Solvej Balleren “El Volumen del Tiempo” irakurtzen, zure inguruan dabiltzanen bizimoduak irudikatzen eta, ezinbestean, behin zoriontsu izan zinen lekura itzultzea osasuntsua ote den galdezka. Besteak bezalakoa izateko furgoneta edo autokarabana erosi behar zenukeela otu zaizu. Zergatik ez dituzu biak erosten? Nahi duzun lekuan al zaude? Oporrik hartu ezin eta lanera etorri zara gaur ere, eta horri esker baliteke langabe ez izatea bihar. Telebista pizten ala egunkaria zabaltzen duzun bakoitzean, freskotasunak hotz uzten zaitu. Errealitatea ez dago eskuragarri zuretzat. Gogaituta zaude karrikan pausoa aldatzera behartzen zaituzten turistekin eta, halaber, errudun sentitzen zara zu ere turista horietako bat izan zaitezkeela pentsatzen duzun bakoitzean. Oporretara zoazenean berez mudatzen zaizu urratsa, berez desagertzen kulpa. Nahi duzun lekuan al zaude? Uztailaren 14a izango da bihar, bataila galduak zerrendatuko dituzu, presazkoa ez bada irailean deitzeko esan dizute osasun-etxean, Paulina Floresen ipuin bateko pertsonaia nabari duzu zure azalpetik irten nahian eta erantzun nahi ez didazulako galdetzen dizut behin berriz. Nahi duzun lekuan al zaude? Orain gehiengoak beste nonbaiten egon nahiko lukeela dio Lekunberriko kantariak. Berriz galdetuko dizut: Non egon nahi zenuke? Zer egingo duzu mugitzen hasteko? Nahi duzun lekuan al zaude? Oporrik hartu ezin eta lanera etorri zara gaur ere, eta horri esker baliteke langabe ez izatea bihar. Telebista pizten ala egunkaria zabaltzen duzun bakoitzean, freskotasunak hotz uzten zaitu. Errealitatea ez dago eskuragarri zuretzat.