20 JUL. 2025 KIROLA Entrenamendu etenaldiak opor garaian (Getty) Markel Urrate Antia / Salto Training Gaur egun nahikoa ebidentzia daude jarduera fisiko jarrai eta kontrolatuak osasun fisiko zein mentalean onurak dituela esateko. Baina zer gertatzen da jarduera maila hori denbora batez eteten dugunean? Udako opor garaia gainean dugun honetan, gure gorputzari urte osoan zehar hain zintzo eta hain zorrotz eman diogun “zigorra” alde batera uzten da, eta badirudi bekatu guztiak baimenduta daudela. Atsedenak entrenamenduaren parte dira. Buruturiko entrenamenduen asimilazio egoki bat egitea entrenamendu onenaren parekoa da. Etenaldien inguruan hitz egitean, mota ezberdinetako etenaldiak topa ditzakegu: entrenamendu plangintza batean zehaztutakoa, lesio edo opor garaian izandakoa, motibazio edo gogo faltaren ondorioa, eta abar. Denboraldi amaierarekin batera (talde kirol, kirol indibidual edota zuzenduriko jarduerak), gutxienez 10 eguneko etenaldi bat egitea ezinbestekoa da, urte osoko jarduerak berak dakarren estres mental eta fisikoa asimilatzeko. Honek ez du esan nahi gutxieneko 10 egun horietan sofan etzanda egon behar dugunik, ezta gutxiago ere. Egunerokotasuneko entrenamenduen estres maila jaitsi arren, bizi estilo aktibo eta osasuntsuari eustea ezinbestekoa da organismoaren energia erreserbak berriz ere betetzeko eta norbere motibazio iturri berriak bilatzeko. Hala eta guztiz ere, garai honetan ohiko akatsak egiten ditugu: behar baino atseden laburragoa; ustez ordura arteko sasoi puntua galtzearen beldur, atseden egunak errespetatzen ez diren kasua. Bestetik, kontrako kasua, etenaldi hauek behar baino gehiago luzatzen direna, horrek dakarren gaitasun fisikoaren galera (gihar masan zein gaitasun kardiobaskularrean) nabarmena izanik. Beste kasu bat da etenaldia errespetatzea baina bizi ohiturak erabat aldatzea eta urte osoan egin ez dituen bekatu guztiak baimentzea. Etenaldien ondoren, pautaz zehaztutako progresio baten bidez, berriz ere entrenamenduei heltzeko unea izango da, pixkanaka estimulu berriak bilatuz eta motibazio iturriak bizirik mantenduz. Nire gomendioa atseden egunetan bizi ohitura osasuntsuak mantentzea da, denboraldiz kanpoko jarduerez gozatuz eta estres maila jaitsiz.