7K - zazpika astekaria
Alba Menendez eta Esther Arrojeria, eskubaloi jokalari ohiak
Entrevista
Alba Menendez eta Esther Arrojeria
Eskubaloi jokalari ohiak

«Gure ibilbidea ez zen berdina izango familia eta lagunak hor egon ez balira»

Kasik bizitza erdia eman dute Bera Beran Alba Menendezek (Zarautz, 1991) eta Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994). Biek ala biek aurten itxi dute etapa oparo bezain aberasgarria. Erreferenteak dira, edozein unetan aurpegia ematen jakin dutelako, kantxan eta kantxatik kanpo.

Alba Menendez eta Esther Arrojeria (Andoni Canellada | FOKU)

Edozein haur bezala hasi ziren Alba Menendez eta Esther Arrojeria eskubaloian: eskola kirolean probatu, lagun taldearekin disfrutatzeko eremu bat osatu eta jolas gisa gozatu. Eskubaloiak tradizio handia daukan herrietan haziak dira -Zarautz eta Usurbil-, baina azkar jauzi egin zuten Donostiara, orduan ezagutu ere egiten ez zuten talde batera: Bera Berara. 2009an iritsi zen Menendez, «talde heldu batera, kanpotarrez betea». «Lekuz kanpo» sentitu zela ere aitortu du; baina, etxekoen babesarekin, jarraitzea erabaki zuen. 2012an iritsi zen Arrojeria bigarren taldera, lesio larri bat gainditu ostean, «berriro ere sentsazioen bila». Vero Cuña lesionatzeak ateak ireki zizkion eta, ilusioa oinarri eta kemena giltzarri, Bera Beraren jokoaren gidaritza hartu zuen. Eskutik helduta egin dute ibilbidea: 26 eta 27 titulu poltsikoratu dituzte, taldearen une emankorrenean protagonista izan dira eta elkarrekin itxi dute etapa. Ezin dute oroitzapen on bakarra aukeratu eta «hori da seinale onena». 7K-k beraiekin egin du errepasoa, Euskal Herriko kiroleko bi ikur hauen begirada eta hausnarketa propio, zintzo eta jatorra ezagutzeko gogoz.

Bera Berarentzat beste etapa bat izango da, zuek gabekoa. Belaunaldi bat markatu duzue, erreferentzialtasun bat sortu duzue.

Alba Menendez: Etapa bat itxiko da, baina onerako. Etapa guztiak onak dira. Aurreko kapitainak joan zirenean ere urte pila bat zeramatzaten taldean. Gu iritsi ginen eta onera egin zuen etapa aldaketa horrek. Nik sekulako konfiantza daukat taldearengan eta klubarengan. Imanolek [Alvarez, entrenatzailea] elkarrizketa batean esan zuen arraro egingo zaiola berari ere Bera Bera Esther eta Alba gabe, baina ohitu egin beharko dira.

Aipatu duzu hobera egin dezakeela. Nola hobetu daiteke azken bi urteetan Estatu mailako titulu guztiak irabazi dituen talde bat, Europan arantza kendu duena, 2012tik 26 titulu poltsikoratu dituena?

Esther Arrojeria: Europan egonkortzea izan daiteke. Aurten lortu dugu multzoen faserako sailkatzea eta fase hori ere gainditzea, final-laurdenetara iritsita. Aurtengo denboraldia izugarria izan da. Estatu mailako titulu guztiak irabazi eta Europan historia egin dugu, Bera Berak sekula ez baitzituen jokatu EHF European League-ko final-laurdenak. Ni sinetsita nago Europan oraindik ere urratsak egingo direla eta hortik etorriko dela hobekuntza hori.

(Jagoba Manterola | FOKU)

Zuek taldea utzi, baina badaezpada Maitane Etxeberria uzten duzue taldeko kapitain. Berarengandik zer jaso duzue?

A.M.: Azken urteetan hirugarren kapitain bezala zegoen, gure atzean laguntzen, ikusten guk nola eramaten genuen kapitaintza hori. Ezer esan gabe ongi ikasita uzten dugu. Edozein galdera edo aholku behar badu, gu hor egongo gara beti. Esku oso onetan utzi dugu kapitainaren testigua.

E.A.: Gainera, Maitanek hainbeste urte darama, non badakien klubak nola funtzionatzen duen. Imanolekin ere urte asko darama, beraien arteko komunikazioa seguru ona izango dela, taldea ere primeran ezagutzen du... Maitane ume bat zela hasi zen [15 urterekin debuta, 2013an], baina jada bere heldutasun mailara iritsi da. Azken denboraldietan ere erakutsi du taldean urrats bat aurrera egin behar denean egiten duela eta orain berdin egingo du ardura berri honekin.

Zeintzuk dira kapitain on bat izateko gakoak? Urte hauetan guztietan, jokalarien joan-etorriekin ere, kanpotik ikusi da taldearen batasuna handia izan dela. Kapitainek lan handia egin duzue hori horrela izateko?

A.M.: Klubaren baloreetako bat da. Jokalariek azkar hartzen dute klubaren nortasun hori. Beti izan da horrela. 16 urte hauetan nik beti bizi izan dut, jokalari guztiekin. Batzuetan, bai, saiatu behar gara ohartarazten balore horiek, baina hona datozenek badakite nora datozen. Lan gutxi egin behar izaten dugu.

E.A.: Forma naturalean ateratzen da. Klubaren baloreen barruan sartzen da ere kirolari baino lehen pertsonak garela. Pertsona ondo ez baldin badago, nekez emango du errendimendu ona kantxan. Saiatzen gara beti pertsona ondo egon dadin, Donostia etxe sentiarazten ahalik eta gehien, eta hori izaten da gure lehendabiziko lana: jendea eroso sentitzea, eta horrela lortzen dugu taldearen batasuna indartzea.

Zuek ere ez zarete donostiarrak, baina donostiartu egin zarete. Zer eman dizuete Donostiak, Bidebietak eta Gascak?

A.M.: Hiria etxe egin dut eta kluba etxe sentitu dut. Gustura zaudenean, familia bat bezala sentitzen duzu taldea eta etxean bezala sentitzen zara. Kanpotik etorri diren jokalari asko edo ia guztiak, hemendik joaten direnean, beti joaten dira bihotzean Donostia zati bat daramatela. Ez dakit zergatik. Ze eskubaloiaz aparte, hiria ere sentitzen dute etxe bezala. Hori oso gauza polita da.

E.A.: Guk etxetik gertu hain klub indartsua edukitzea zortea izan da. Gertu-gertukoak gara eta Donostia geure egin dugu. Estimuan hartzen duzu hiria. Hiri oso atsegina da; txikia baina aldi berean denetik daukana. Kanpoko jendeak segituan ikusten du hiri berezia dela. Hainbeste ordu pasa ditugu bai Bidebietan, Gascan, Illunben ere une oso bereziak... Donostiak beti izango du kutsu berezi bat guretzat.

Alba Menendez, Maitane Etxeberria eta Esther Arrojeria, 2024ko Kopa altxatzen. (Jagoba Manterola | FOKU)

Askotan pertsonek ere egiten dute leku bat berezi.

E.A.: Bai. Saiatzen gara denak ahalik eta erosoen egoten, talde izaten bai kantxa barruan, bai kantxatik kanpo. Hori ez da beti erraza izaten; bakoitza bere etxekoa da, bere kultura eta maniak ditu. Talde sen hori mantentzen dugu, plan pila bat egiten dira kantxatik kanpo; klub honen bereizgarrietako bat da. Kanpoan ondo egotea garrantzitsua da gero pistan funtzionatzeko. Lekuak, momentuak partekatzen dituzun pertsonek egiten dute berezi. Hainbeste jende ezagutu dugu, hainbeste jende ezberdinekin bizi izan ditugu hainbeste esperientzia... horietako asko gogoratuko ditugu eta gure eskubaloi etapako gauza berezienak horiek izango dira: jendea eta jende horrekin bizitako momentuak.

Erretiroa hartu duzue. Zerk bultzatuta? Momentuak? Europan emandako pausoak?

A.M.: Nire kasuan, urte asko daramatzat esaten “urte bat eta kito”. Eta beti hor neukan helburu bezala aurten lortu dugun Europako urrats hori. Ez da erraza izan erabakia hartzea, baina behin Europako urrats hori eginda, urte aproposena zen uzteko. Helburuak lortuta, Estherren eskutik eta tripletea ere eskuan. Kosta zait erabakia hartzea, baina orain lasai nago; pozik, hartu dudan erabakiarekin. Orain aspertzeko denbora izango dut. Azken bi urteetan lanarekin uztartzen nuen eta atseden hartzeko denbora nahikorik ez neukan dinamika batean sartu nintzen. Gurpil batean sartuta nengoen; ez nintzen kontziente. Orain behin stop eginda, eskertzen dut. Asteburu libreak mila plan egiteko, berriro ere eskiatzera joateko... Ikusiko dugu zer ekartzen duen oraingo etapa honek.

Aspertzen ere jakin egin behar da. Badakizu?

A.M.: Ikasten ari naiz. Espero dut asko ez aspertzea, baina ikasiko dut.

Esther, zure kasuan, denboraz pentsatutako erabakia izan da?

E.A.: Bai. Lehengo urtean ere pasa zitzaidan burutik agian azkena izango zela. Erabakia hartzeko momentuan ez nengoen oso sentsazio onekin eta ez nuen horrela utzi nahi izan. Uste nuen zerbait hobea merezi nuela. Aurten, Europako multzoen faserako txartela lortu genuenean, errazagoa izan zen erabakia hartzea. Nire kasuan gehiago izan da eritzaintzako bideari eutsi nahi niola. Ez nuen gehiago atzeratu nahi Osakidetzan hasteko momentu hori. Banekien, halere, zaila egingo zitzaidala. Urte asko dira ospitale batetik kanpo egon naizena eta martxa hartzea kostatzen ari zait. Argi neukana zen une on batean utzi nahi nuela. Lehengo urtean bizi izan nuena ikusita, banekien horrelako une txar batean uztea zaila egingo zitzaidala. Aurten, berriz, kontrakoa. Pila bat disfrutatu dut; denboraldi borobila izan da.

Aurreko urteko elkarrizketa batean, Kopako azken fasearen atarikoan, esaten zenuen ez zenuela ondo hasi denboraldia; ez zinen ongi sentitzen jokoz.

E.A.: Bai. Lehengo urtean asko kosta zitzaidan denboraldian sartzea. Lehendabiziko hilabeteetan ez nintzen eroso sentitu. Gero aldaketa bat egon zen eta denboraldi bukaeran oso ongi egon nintzen, bai Kopan eta baita play-offetan ere. Nik uste dut dena mentala izan zela. Txip aldaketa egin nuen eta hor lortu nuen apur bat denboraldiari buelta ematea. Erabakiak lehenago hartzen ditugunez, gaizki nengoen une horietako bat zen, eta ikusi nuen ez nintzela gai horrela uzteko. Gero etorri ziren une onak, partida onak, sentsazioak berreskuratzea... Eta aurten, zorionez, mantendu egin da bolada on hori.

Zergatik aukeratu duzue beti Bera Bera bestelako eskaintzen aurrean?

A.M.: Etxetik gertu daukagun klub bat da, zorionez dena irabazteko jokatzen duena. Horrek errazten du hemen geratzea. Edozein jokalarik bilatzen dituen gauzak ditu toki honek. Balantzan jarrita, zer dago hau baino hobea? Gauza gutxi.

E.A.: Ni ere berdin. Etxe ondoan, alde pertsonala badakizu ondo egongo dela: familiarekin, lagunekin, gehien maite dituzun pertsonak beti ondoan... Eta, gainera, klub bat, Estatu mailan dena irabazteko borrokatzen dena eta Europan jokatzeko aukera ematen duena. Horrelako klub erreferente bat etxe ondoan edukitzea zortea izan da. Guk are eta zorte handiagoa izan dugu bere etapa onena bizi izan dugulako. Kanpoan esperientzia polita izango zen? Ba ziurrenik bai, baina inork ez digu ziurtatzen kanpoan nola egongo garen eta hemen badakigu oso ondo egongo garela, bestela ez ginateke egongo 16 eta 13 urtez.

(Jagoba Manterola | FOKU)

Goazen zuen hastapenetara. Nola gogoratzen duzue eskubaloiko zuen lehendabiziko esperientzia?

E.A.: Ni eskola kirolean hasi nintzen, bosgarren mailan. Eskola kirolak futbola eta eskubaloia egiteko aukera ematen zigun Usurbilen. Gainera, Jon Begiristain gure bigarren entrenatzailea izan zen lehenengo entrenatzailea. Hasiera-hasieratik asko gustatu zitzaidan kirola da eta gerora ere kiroldegian makina bat ordu pasa ditugu, bai lagun taldearekin partidak ikusten, entrenatzen... Txikitatik xurgatu dut eskubaloia. Usurbilen afizio handia dago; Zarautzen bezainbeste agian ez (barrezka). Oso oroitzapen onak ditut. Beti esaten genuen gutxitik asko egitea lortzen genuela; beti nahiko lan izaten genuen taldea ateratzeko, baina gero nahiko gauza txukunak lortzen genituen.

A.M.: Eskola kirolean hasi nintzen jolasten. Futbola, eskubaloia eta saskibaloia uztartzen genituen. Oso ume mugitua nintzen eta, beraz, berdin zitzaidan zer egin. Kirola egitea zen nire helburua. Eskubaloian kasualitatez bukatu nuen. Nire kuadrillan kirolean zebiltzan bi neskek eskubaloia aukeratu zuten eta halaxe iritsi nintzen. Zarautzen Aiala taldean kadete eta jubenil etapak oso onak izan ziren. Lehiatzeari ere gustua hartu nion, baina jakin gabe Donostian Bera Bera bezalako talde bat zegoenik. Sekulako pena ematen dit horrelako talde bat zegoela ez jakiteak. Deia jaso nuenean, ondo ere ez nekien zertaz ari ziren...

Garrantzitsuak iruditzen zaizkizue kirol eskolak eskainitako balioak, lehiakortasunetik aparteko eremu hori egotea?

A.M.: Ume batek zenbat eta kirol gehiago egiteko aukera izan, hobeto. Gauza ezberdinak ikusten dira kirol bakoitzean. Urte horietan, gure kasuan, taldeak mistoak ziren eta horrek ere beste bizipen batzuk ematen dizkizu. Kirola etapa horietan jolasa izan behar da.

E.A.: Umetan argi eduki behar da disfrutatzeko egiten duzula kirola. Kirolak ez du sufrimendu bat izan behar eta lehiakortasun horretan sartzen zarenean ume askorentzat zigor bat izan daiteke entrenatzera joatea. Autopresionatzeko daukagun joera hori kudeatzen ikasi egin behar da eta oso zaila da. Garrantzitsua da umeek pentsatzen jarraitzea kirola disfrutatzeko modu bat dela, lagunartean ongi pasatzeko eta, noski, gero, aukerak badaudela mundu profesionalera iristeko. Denerako denbora dago.

Badago astia eliteko exijentzia horiek garatzeko.

A.M.: Ni eskubaloian serio-serio 14 urterekin hasi nintzen.

E.A.: Eta jubeniletara arte, ez Albak, ez nik ez genekien Bera Bera zegoenik ere. Jubeniletan ezta burutik pasa ere eskubaloiaz bizitzeko aukera izango genuenik.

Hori aldatu dela esango zenukete?

E.A.: Agian ikusgarritasunean irabazi da. Lehen eskubaloi partidak telebistan nekez ikusten ziren. Emakumeen kirola integratuago dago gizartean. Erraztu du erreferenteak sortzeko urrats hori. Nik ez neukan erreferenterik. Gaur egun umeek erreferente gehiago dituzte, badaukate non begiratu. Amets egin dezakete, baina ahaztu gabe kirola, oinarrian behintzat, ondo pasatzeko bitarteko bat dela, balore asko ematen dituen bitarteko bat dela eta, gero, etorri behar duena etorriko da. Lanaren ondorioz gauzak etorri egiten dira, eta lortzen ez bada ere, ez da bizitza bukatzen. Guk zortea izan dugu; kirolaz bizitzea ez da erraza, populazioaren portzentaje oso txiki batek lortzen du hori.

Profesionalak izan zarete, kobratu duzue baina prekaritatea da nagusi. Lanarekin uztartu beharra. Horrek, kirolari balore gehiago ematen dio edo prekaritatean bizitzea ez da baloreen salbatzailea?

A.M.: Ez litzateke hala izan beharko. Guk soldata bat jaso dugu, baina, noski, zein kirolekin konparatzen ari gara? Gizonezko futbolarekin ezin da alderatu ere egin. Ez da erreala. Nesken futbola izan daiteke eredu eskubaloiak zer izan behar duen argitzeko. Bera Beran egon gara urte guzti hauetan eta, ligako beste talde askorekin alderatuta, gu ez gaude prekaritatean. Baina eskubaloia oraindik prekarioa da.

E.A.: Alderaketak ez dira onak, baina emakumezkoen futboleko eredu hori edukita, noranzkoa argitu lezake. Beraiek lortu dute soldata minimo bat edukitzea eta gero maila batzuk daude. Eta eskubaloiak horretara joan behar du. Denak kontratatuta egotea, kotizatzen... Horiek jada arautu egin beharko lirateke eta hor dago benetako lana.

Jokalarien elkartea sortu zen. Ez dakit hitzarmena negoziatzeko pausorik eman den, errealitatea den...

A.M.: Zer eskatu ere jakin behar da. Talde askok ez daukate horretarako baliabiderik. Irizpide horiek bete ditzaketen taldeak, egun, bizpahiru izango lirateke gure ligan. Helburu handi bat jarri behar da, baina pauso txikiz beteta. Eskailerako aurreneko koskan gaude, baina tira, gutxinaka. Duela urte batzuk ez zegoen zehaztuta jokalari minimo bat egon behar zela kontratupean -egun osoko jardunaldian eta erdian-, kontratu ereduak...

E.A.: Federazioa lanean hasi zenean, deskubritu zen klub ezberdinetan kontratu mota ezberdin pila bat zeudela eta kontratu horietako askotan ez zela islatuta ikusten gu kirolari profesionalak garela, horrek ematen dituen eskubideekin. Ari dira pausoak ematen, baina egiteko dagoen lana ikaragarria da. Klub askok ez dauka baliabiderik jokalari guztiak gutxieneko soldataren gainetik jartzeko. Bera Beran zortedunak sentitu gaitezke, hasiera-hasieratik kotizatzen egon garelako eta egoera askoz hobea delako.

(Jagoba Manterola | FOKU)

Emakume kirolari izateak, diskurtso hau garatzeak, hurbildu zaituzte feminismora?

E.A.: Emakume garen aldetik, feministak gara eta helburua berdintasuna izan behar dela argi daukagu, alor guztietan. Ez gara bereziki oso aktiboak izan, baina gure irudia erabili dugu aldarrikatzeko, gure lekua eskatzeko, bai kirolean eta baita gizartean ere.

2009an Bera Bera hastapenetan zegoen tituluak irabazteko borroka horretan. Espero zenuten gero etorriko zena?

A.M.: Garai horretan talde indartsu asko desagertu egin ziren. Krisia iritsi zen, diru falta zegoen. Itxako, Sagunto... Bera Bera hor zegoen, bosgarren, ligan, Europara sailkatzeko borroka horretan eta goiko talde horiek desagertuta, hor goian jarri zen eta mantendu egin da. Bilakaera gutxinakakoa ere ez zen izan, bat-batean etorri zen. Lehen liga irabazi zenetik, beste 25 titulu iritsi dira.

Eskerrak Bera Berak oinarri finkoak zituen. Tati Garmendiak [klubeko arduradunak] beti nabarmendu izan du hori dela xedea.

E.A.: Espekulatu gabe egotea. Ondo jakitea zenbateraino gastatzeko aukera daukazun, ekonomia osasuntsu mantenduta, baina hala ere beti talde lehiakorra osatuta. Hori izan da gakoa, horrekin etorri da arrakasta. Bulegoan egiten duten lana ikaragarria da.

2013an Reyes Carrerekin hiru titulu; Imanol Alvarez etorri zen segidan, honekin ere hiru tituluak. Gorka Etxaburu ostean, Montse Puche... Hor egon zen une bat ez zena hirukoa errepikatu. Baina, halere, urtero irabazi du tituluren bat Bera Berak. Aipatutako urte horiek zailak izan ziren edo gaizki ohituta geunden?

A.M.: Tripletea irabazi ez dugun urteak txarrak izan direla esatea... Kanpotik jartzen zen presio bat izan daiteke. Baina tripletea irabaztea ez da batere erraza. Une askotan gaizki ohitu gara eta ohitu dugu jendea, eta ematen du titulu bakarra irabaztea kalapita zela. Baina beti egon gara hor borrokan, urte batzuetan hobeto beste batzuetan baino.

Alba, zure kasuan bizkar arazoez gain ez duzu lesio handirik izan. Ez dakit zerbait berezirik egin duzun lesioak saihesteko.

A.M.: Bizkarreko lesioa oso goiz etorri zen. Ez dakit gaztea edo inkontzientea nintzelako; ez daukat oroitzapen txarra. Ebakuntza egin behar izan nuen eta bizkarreko ebakuntza batek beti ematen du beldurra, baina behin taldeko dinamikan sartuta, ez dut asko igarri. Belauneko, sorbaldako, lesio muskularrik ez dut eduki... Geneak edo izango dira, baina gauza normalak besterik ez: ondo jan, deskantsatu.

Esther, zuri lesio larria une onenean etorri zitzaizun, 2017an. Egia da errekuperatu zarenetik gorantz egin duzula, maila hobetu ere bai eta ez duzula lesio handirik eduki.

E.A.: Belaunek ez didate bereziki arazo gehiegi eman lesio horren ostean. Bigarrena zen hori; lehendabizikoa jubeniletan eduki nuen. Aurtengo denboraldian bai, eman dit gerra, batez ere azken hiru hilabeteetan. Une askotan normalizatzen dugu minarekin entrenatuko garela. Inongo minik ez daukagun egunik ez da egoten. Azken hilabeteetan ez nekien nola jarri lotarako ere, minik ez izateko. Zorionez, ez dut lesio larri gehiago izan. Lortu nuen nire maila onenera bueltatzea eta eskertuta nago lesioak ez direlako izan hain protagonista.

Arlo pertsonala eta profesionala uztartzea zaila egin zaizue?

A.M.: Jende normalaren egutegitik kanpo ibiltzen zara. Kuadrillarekin udara asko galdu ditut, oporretara joateko aukera, familiarekin ere bai. Asteburuko plan askori ezetz esatea. Balantzan jartzen duzunean eskubaloiak zer eman dizun, konpentsatu egiten du. Guk bizi izan ditugun momentuak ez ditu inork bizi. Kuadrillan une on asko -ezkontzak eta abar- bizitzeko aukerak izan ditut eta, beraz, ez ditut guztiz galdu.

E.A.: Etxetik gertu egote horrek ere erraztu egiten du alderdi pertsonal hori aktiboago mantendu ahal izaten. Asteburuko planetan inoiz ez gara egoten, abuztuan denboraldiaurrea... Beste une garrantzitsu asko bizitzeko aukera eman digu.

A.M.: Eta nire kasuan, eta uste dut, Esther, zurean ere bai, familia eta lagunak gure atzean egon dira. Asteburuetan harmailetan, kanpoko partida askotara ere hurbildu dira eta ez gara bakarrik sentitu. Gure gertuko jendeak gurekin bizi izan du etapa hau. Eta behin etapa hau ixtean beraiek ere penaz bizitzea eskertzekoa da eta erraztu egin du.

Funtsezkoa da babes hori.

E.A.: Harmailetara begiratu eta gehien maite duzun jendea hor ikusteak ematen dizun indarra sekulakoa da. Momentu zailak zein onak beraiekin partekatzea oso polita eta garrantzitsua da. Bukaera honetan ere ikusi dugu nola egon diren gure atzean; partida eta une bereziak ziren eta ez dute hutsik egin. Gure ibilbidea ez zen berdina izango, beraiek hor egon ez balira. Bizipoza ere eman diot familiari, aitona-amonak nola emozionatzen ziren ikustea... Azken denboraldi honetan ez dira gerturatu, baina gurasoek beti esaten zidaten ze poza eman diedan aitona-amonei eskubaloira engantxatu direlako. Zure ilusio eta emozio berdinekin bizitzea albokoek ere handia da.

Eskubaloiak edo eliteko kirolak zein balio eman dizkizue gero egunerokorako?

A.M.: Orain lan munduan sartuta nagoela eta jende gehiagorekin lan egin behar duzunean, lantalde horretan nola egon. Eskubaloiak ematen dizu presio askorekin, estres momentu handietan, segundo gutxi daukazunean, erabaki bat hartzeko gaitasuna.

E.A.: Emaitzak lortzeko lan asko egin beharra dago eta eguneroko lan horrek daukan garrantziaz ohartarazten zaitu. Gauzek ez dituzte ondorioak izaten, baina lanean jarraituz gero, ekinaren ekinez, helburuak lortu egiten direla erakusten dizu. Ametsak lortzeko bidea hori da. Eta Albak esan duena, kasik 24 ordu egoten gara multzo hetereogeno baten barruan, eta lortu behar dena da denok norabide berean arraun egitea, eta hori lortzen lagundu digu eskubaloiak; tentsio momentu asko kudeatzen ere jakin behar izan dugu eta horiek guztiak gero bizitzan aplikatzeko balore garrantzitsuak dira.