31 AGO. 2025 Fina Salegi, zinemagilea Entrevista Fina Salegi Zinemagilea «Gizartean, orokorrean, emakume bati lehen baino gehiago exijitzen zaio. Zineman eta lan guztietan» Zinemako pantaila handiaren beste aldean maiz ikusezin zaigun lana dago. Proiektuak eta filmeko protagonistek euren distira osoa ager dezaten, asko dira lanean aritzen direnak. Ondo daki hori Fina Salegik, urteetan jardun baita produkzio lanetan, zuzendari eta aktore handiekin eskuz esku. Bere historia agian ez da ezaguna, baina zinez nobela itxurako bizitza da berea. Fina Salegi zinemagilea. (Aritz Loiola | FOKU) Iraia Oiarzabal Pelikula bat edo eleberri bat egiteko moduko bizitza da Fina Salegirena (Elgoibar, 1958). Baserri girotik zinema mundura salto egingo luke kontakizunak, sekuentziaz sekuentzia. Ikuslea pantailari so edo begirada liburutik altxatu gabe, jakin-minez betetako emakume baten historia ezagutzeko irrikaz. Baserriko lan sakrifikatua, tabernako giro batzuetan ilun eta besteetan alaia, kultur munduaren abangoardian barneratzeko aukera... Nor da Fina Salegi? Gehienetan kameraren beste aldean, produkzio lanetan hamaika proiektutan aritua da. Film laburrak, film luzeak, marka komertzial ezagunetarako publizitate spotak... denetarik egin du bere ibilbidean. Eskuz esku lan egin du zinema arloko izen ezagunekin, eta oroitzapen politak ditu. Juanma Bajo Ulloa, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungria, Imanol Uribe, Maider Oleaga eta Miriam Ballesteros zuzendariekin aritutakoa da, esaterako. Orain Lakuako Gobernuak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, Salegik parte hartutako 1980ko hamarkadako hiru film ertainen zaharberritzea finantzatu du. “Hamaseigarrenean, aidanez”, “Zergatik panpox” eta “Ehun metro” pelikulak dira, eta Donostiako Zinemaldian emango dituzte. Lan horien zaharberritzea baliatu dugu askorentzat ezezaguna den Salegiren ibilbidea kontatzeko. Pozik hartu du gonbidapena. Orain «beste paradisu batean» bizi dela aitortu digu. Lasaitasuna bilatzen du, erretiroa hartu berritan, hain berea duen ikasteko grina beti berarekin daramala. Aspaldi ez da zinemara joan, baina ez dio pista erabat galdu zinemagintzaren munduari. Prentsaren bidez izaten du azken albisteen berri. «Asko poztu nintzen Euskal Herrian egiten diren filmak txukun gordetzeagatik. Ilusio handiz hartu nuen. Merezi du horretan inbertitzeak, bestela oso atzean gelditzen dira eta inork ez ditu ikusten», adierazi du. Urteak eman zituen buru-belarri lanean, gizonek menderatutako arlo batean, pausoa irmo eta lotsak albo batera utzita. Orain ondo ikusten du euskal zinema; pozik, jende gaztea proiektu askorekin ikusita eta emakumeen presentzia hazten doalako. «Martxa onean ikusten dut», baieztatu digu. Fina Salegi zinemagilea. (Aritz Loiola | FOKU) Zinemagintzan gazte hasi zen, hogei bat urte zituela, bizitzan aldaketa bat egiteko beharrak bultzatuta. Urretxuko Isabel taberna eta Donostiako Maruja; horiek, Salegiren gidoia osatzeko bi lokalizazio ezinbestekoak. Bi taberna, bi testuinguru. Isabel izan zen bere bizitzako lehen aldaketa handia. Handik sentimendu kontrajarriak gordetzen ditu. Familiak eta bertan egindako lagun onek eskainitako goxotasuna bizitako egoera ez hain samurrekin nahasten da. Maruja taberna askatasunaren isla da Salegiren kontaketan. Jende berria ezagutzeko aukera eman ziona, kulturaz bustitzekoa, elkarrizketa atsegin eta interesgarriak izatekoa. “Bar Gloria” izango da, akaso, hirugarren taberna esanguratsu bat beretzat, Nerea Ibarzabal alabak idatzitako eleberriari izenburua ematen diona. Ama izan zenean, zinema mundutik aldendu zen, nahiz eta proiektu puntualetan parte hartzen jarraitu duen. Eta orain Ziortza-Bolibarrek eskaintzen dion lasaitasunean igarotzen ditu egunak. Argazki zaharrez jositako albuma ondoan duela, baretasun horretan joan da gure elkarrizketa, ez baita presarik komeni bizitza oso bati errepasoa egiteko. Salegik gordetako argazki zaharrak. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Kontadazu, Fina, zinemaren munduan murgildu aurretik, ze bizimodu zenuen? Elgoibarko San Migel auzoan jaio nintzen eta 13-14 urte egin arte egon nintzen han. Artzaina izan nintzen txiki-txikitatik. Ni baino bi urte zaharragoa zen beste anaia bat, beste ahizpa bat, anaia txikiena eta laurok ibiltzen ginen. Zazpi anai-arreba gara guztira. Hiru zaharrenak etxetik kanpo ibili ziren txikitatik, izebaren tabernan, morroi bezala... Lau txikienak baserrian ibiltzen ginen: behiak, ardiak, baratzea eta zegoen guztia zaintzen. Zoriontsu izan nintzen. Nahiago nuen goizean jaiki, mendira joan eta egun osoa artaldearekin eman, nahiz eta hotza eta gosea pasatu. Hainbeste maite nuen bakardadea eta lurrari lotuta egotea. Sufrimendua ere izaten zen, oso txikiak baikinen. Ardiak jetzi, ahuntzak jetzi, gero mendira joan beharra udaran artaldearekin, ahuntzekin... Itzela zen batetik bestera zegoen distantzia! Erruz lan egiten zenuten. Bai, bai... itzel. Horrela ohituta geunden txiki-txikitatik. Oker ez banago, baserria utzi eta bestelako inguru batera joan zineten gero. Nire ahizpa bat Urretxuko taberna batean lanean aritu zen, eta ondoko taberna, Isabel deitzen zena, traspasatu egin nahi zuten. Nire familiak hara joatea erabaki zuen, tabernaren kargu eginda. Tabernara joatea esperientzia gogorra izan zen niretzat. Oso triste nengoen. «Hamaseigarrenean, aidanez» filmeko lantaldea, Urretxuko Isabel tabernan. (Fina Salegik utzitako argazkiak) A zer aldaketa: baserri girotik herri industrial batera. Batez ere guk erdaraz ia ez genekielako. Gurasoek ez zekiten ezer, han ikasi zuten, eta guk ere oso gutxi. Gero, gainera, tabernan beti jendearekin sinpatikoa izan behar duzu, beti irribarretsu agertu... Eta triste zauden egunetan hori ez zaizu barrutik ateratzen. Ahalegin handia egin behar da. Urte horietan nire asebetetze handiena izaten zen astelehenetan taberna ixten genuenean Urbiara joatea. Artzainekin harremana eginda neukan eta hantxe pasatzen nuen eguna, asterako gutxienez lasaitzeko. Arnasgune bat izaten zen. Apur bat nagusitu ginenean, kanpina eramaten genuen Urbiara eta gau bat pasatzen genuen han. Hori zen niretzat gustukoena, tabernan egon nintzenean. Ezaguna da 1992an Isabel tabernak su hartu eta erabat erre zenekoa, Urretxuko Euskal Jai eguneko karrozen desfile betean... Han zinen zu? Bai. Justu bideokamerarekin Euskal Jaia grabatzen ari nintzen balkoitik. Tabernara jaitsi nintzen bateria bukatu zelako, eta orduan ikusi nuen sua. Denei deika hasi nintzen: sua, sua, sua! (Fina Salegik utzitako argazkiak) Ni neu oso txikia nintzen, lau urte egin berri. Baina gogoan dut egun hartako zalaparta. Isabel taberna mitikoa zen. Oso gogorra izan zen, mingarria. Han erre ziren gauza pila bat. Gogoan dut han genituela bilduta garaiko pegatina guztiak; denetik erre zen han. Famatua zen tabernan zenuten idi burua ere. Hura ere erre egin zen, hain famatua zen idi burua. Baina bagenuen beste idiren baten adarra ongi gorde genuena, gure etxeko lagun batek nire anaiari eman eta aita hil zenean hilkutxan sartu genuena. Aitak afizioa zuen idiekin ibiltzeko; taberna aurrean zeukan lursail batean edukitzen zituen. Idi gorria itzelezkoa zen; txapelketa guztiak irabazten zituen. Ni ez naiz idi-probetan ibili izan, baina onenen artean zegoen. “Hamaseigarrenean, aidanez” filmean lanean ari ginela, behin tabernan elkartu ginen lantalde osoa eta bertan egin genuen argazkian ageri da idi gorriaren burua paretan zintzilik. Sufrimendua ekarri zizun taberna mundurako saltoak, baina oroitzapen onik ere gordeko duzu. Urretxu-Zumarragan jendeak oso ondo hartu gintuen. Kuadrilla ere egin nuen eta gauza askotan laguntzen ninduten. Oso maitatua sentitu izan naiz. Oraindik ere jarraitzen dut harremana edukitzen eta noizean behin bazkaritxo bat egiten dugu. Tabernako lana utzi eta Donostiara joatea erabaki zenuen azkenean. Isabel tabernatik jendea ezagutzen nuen eta gogoa neukan ikasteko eta zerbait berria egiteko. Aldaketa beharra neukan. 20-21 urte nituela joan nintzen Donostiara, pisukideekin bizitzera. Esperientzia zoragarria izan zen niretzat. Libre sentitu nintzen; benetako libertadea. Hori Donostian eta txikitan mendian bakarrik sentitu dut. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Ze txikitan, baserri giro horretan, ikasteko aukerarik izan al zenuten? Orduan maistrak auzoko baserri batean lo egiten zuen. Niri egunero etxeko lanen bat jartzen zidan eta hurrengo egunean errepasoa egiten genuen. Horrela ibiltzen ginen; noizean behin eskolara joan eta gero etsaminetara joaten ginen. Dena buruz nekien. Asko gustatzen zitzaidan irakurtzea. Gogoan dut amari esaten niola abarkak apurtzen zirenean ez erosteko abarkarik, ipuinak erosteko. Gaur egun ere nire plazerik handiena da, Interneti eskerrak, zerbait ikasten dudanean. Astronomia, biologia eta dokumentalak maite ditut. Donostiara itzuliz. Nola bizi izan zenuen esperientzia askatzaile hura? Urretxutik jendea ezagutzen nuen. Donostiako Alde Zaharrean zegoen Maruja tabernan elkartzen ginen. Kulturako jende mota guztia elkartzen zen han: musikariak, filosofoak, medikuak, idazleak, kazetariak, zine mundukoak... Jende pila bat ezagutu nuen han. Imanol Larzabalekin sekulako harremana egin nuen, adibidez. Amaia Zubiriarekin ere bai. Lagun-lagunak egin ginen eta asko maite nituen. Garai hartan, Angel Amigo “Segoviako ihes”-eko produktoreak galdetu zidan ia makinaz idazten banekien. Nik ez neukan ideiarik ere, baina baietz esan nion, banekiela. Hurrengo goizean Olivetti bat erosi nuen, etxean gordetzen dudana oraindik, baita mekanografiako liburuxka batzuk ere. Oso langilea nintzen eta hirugarren egunerako perfekto nekien idazten [barre txiki bat egin du]. Fina Salegi zinemagilea. (Aritz Loiola | FOKU) Aukera iritsi zen eta, badaezpada, ez zen komeni galtzen uztea, ezta? Hori da. Eta horrela hasi nintzen. ‘Pintxe’ moduko bat behar zuen. Zineman ‘meritorioa’ esaten diogu. Merituak egin behar dituzu aurrera segitzeko. Denak sartzen dira horrela, pintxe bezala. 79-80ko urteetan izan zen hori eta “Segoviako ihesa” bukatzean, zinemako jendeak ezagutu ninduen eta aurrerantzean ez nintzen gelditu. Beste produktora batzuetatik deitu zidaten, publizitate mundutik ere bai... “Segoviako ihes”-ean gogoratzen dut lokalizazioetara joanez hasi nintzela, baserri mundura. Madrileko ekipo nahiko handia zen eta nik, baserrikoa izanda, oso gertukoa nuen baserritarrekiko harremana. Lokalizazioak egiteko eta baimenak eskatzeko orduan ondo etorri zitzaigun. Hortik, ekipo guztiarentzako ogitartekoak lortzera pasatzen nintzen, adibidez. Gidoiekin ere lan itzela izan nuen, asko aldatu zelako. Orduan ez zegoen ordenagailurik. Ezin zen artxibatu eta ondoren ezabatu eta gainetik idatzi. Dena zerotik hasi behar izaten zen. Gidoi pila bat idatzi nituen. Produkzio lana apur bat ezezaguna da, ezta? Kanpotik begiratuta, behintzat. Koordinazioa eta organizazioa. Pentsa ehun pertsonako ekipo batean bakoitza nondik datorren. Bakoitzaren bidaiak, alojamendua, makillajea, jantziak, iluminazioa... dena egin behar duzu. Gaur egun kamioi txikiak erabiltzen dira eta horietako bakoitzean biltzen da materialaren parte bat. Lehen ispiluarekin ibiltzen ginen alde batetik bestera! «Ehun metro» proiektuko argazkia. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Proiektu mordoxka batean parte hartu duzu... Zaila izango da denak aipatzea eta oroitzapen bakar bat hautatzea. Bat esatea oso zaila da. “Conquista de Albania”, “Fuego eterno”, “Adiós pequeña” Imanol Uriberekin... Hainbeste dira. “Contra el viento” egiten Almerian izan nintzen; Antonio Banderas, Rosario Flores eta Emma Suarez ziren protagonistak. Madrileko ekipoarekin nengoen eta esaten zidaten ijitoek ez zidatela kamioia sartzen utziko. Iritsi eta lehenengo gauza beraiekin hitz egin nuen. Esan nien: “Ni ere menditik nator, artzaina naiz eta dirua irabaztera nator, lanera. Nahi baduzue lana emango dizuet, baina niri ez ezer egin, mesedez”. Enpatiarekin lan egin behar da, harrokeriarik gabe. Askotan zineko jendeak pentsatu izan dugu nahi genuena egin genezakeela. Eta ez, ez gara inor baino gehiago. Oso gaizki eramaten nuen ekipoko pertsona batzuek mespretxuz jokatzen zutenean. Nik berdintasuna behar nuen, ekipo guztiarekin eta bertako jendearekin bat egitea. Azkeneko lana Maider Oleagarekin Kuartangon egin nuen dokumentala izan da; “Kuartk valley”, orain lau bat urte. Hori daukat bihotzean. Ekipo txikia ginen eta asko disfrutatu nuen; oso parte-hartzailea izan zen. Urte batzuk lehenago “Erase una vez Euskadi”-n ere aritu nintzen, baina hor konturatu nintzen gaur egun ez naizela kapaz film luze batean lan egiteko. Emakumea izateak ere markatu du zure ibilbidea? Badakigu botere harremanak ere nola errepikatzen diren zinema munduan. Egia esan, gaurtik begiratuta uste dut egun mespretxu handiagoa dagoela emakumeekiko ni sartu nintzen unean baino. Orduan oso gutxi ginen produkzioan ari ginen jendea. “Segoviako ihesean” esango nuke ez zegoela beste emakumerik produkzioan Euskal Herrian. Konturatzen nintzen produkzio-buru batzuek ez zeukatela niri gauzak nola egiten ziren erakusteko gogo handirik. Mahai azpitik ibiltzen ziren, baina nik bista ona neukan eta harrapatzen nituen [barrezka]. «Segoviako ihesa» proiektuko irudia. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Beldur ziren gehiegi ikasiko ote zenuen? Hori da. Gero baziren gaur egun agian hainbeste egiten ez diren komentarioak. “Ze guapa” eta halakoak. Tipikoak ziren, baina uste dut orduan ez nintzela kontziente horretaz. Orain, ordea, aipatzen duzu mespretxu handiagoa nabaritzen duzula. Maider Oleagarekin egin nuen proiektuan ia denak emakumeak ginen. Zineman, oro har, gaur egun ezin dizut esan emakumeen egoera zein den. Baina gizartean, orokorrean, lehenago baino gehiago exijitzen zaio emakume bati. Zineman eta lan guztietan. Fina rodajeko bulegoan. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Gero eta toki gehiago irabazten dugun neurri edo erritmo berean, hain justu. Lehen anulatuta egon ginen, ez ginen existitzen. Hori da tristeena. Tabernan, nerabea nintzenean, pasa nuen okerren. Taberna giroa beti izan da, edo hala erakutsi nahi izan digute, oso gizonena. Nazkagarria zen tabernan egotea nerabea nintzenean. Kamerak lurrean genituen eta makurtu egin behar ginen. Eta konturatzen zinen gizonak mostradorera igotzen zirela begiratzera. Eta ze gauza esaten zituzten, beti bularretara begira... Ni gorri-gorri jartzen nintzen, gainera, eta ezin zenuen ezer esan. Han bai sentitu nintzen minduta. Eta zenbat istorio egongo diren kontatu gabekoak... Benetan ere. Asko eta asko. Eta gero han nola ezagutzen duzun gizona. Txikitatik ikusi goizean goizetik ze mugimendu zeuden, ze gauza esaten zituzten... Gero, goizeko hiruretan mozkor-mozkor eginda etorri, gizon ezkonduak eta umeak zituztenak... Hori gaztetatik ikustea... halako nazka berezi bat sartzen zaizu. Fina grabaketa batean. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Nola ez zenuen ba aldaketa bat beharko... Zinemagintzan topatu zenuen hori, baina momentu batean hura uztea tokatu zitzaizun. Psikiatrek esaten dute erregresio bat izan nuela. Mendira bueltatu nahi nuen eta hori egin nuen. Baserrira itzuli nintzen, Markinan, eta alaba eduki nuenean lana aldatu nuen. Diseinu grafiko eta argazkigintza enpresa batean hasi nintzen komertzial gisa. Jubilatu naizen arte egon naiz bertan. Bizkaia irratian ere aritu nintzen. Noizean behin, spot-en bat egin dut, edo Maiderrekin egin dudan lana. Gero, baserriko historia bukatu zen, banatu egin nintzen eta orain beste etapa bat bizitzen ari naiz. Bitzitza kontenplatiboa daramazula esan didazu lehen. Jubilatu berri naiz. Nire txakurrarekin bizi naiz eta lagunekin ere gelditzen naiz. Agian argazki mundura joko dut nire denbora librean. Txikitatik gustatu izan zait lasai eta aske bizitzea. Irakurzaletasuna mantentzen duzu? Bai, noski. (Fina Salegik utzitako argazkiak) Ezin diot tentazioari eutsi. Alabaren liburua, «Bar Gloria», irakurriko zenuela pentsatzen dut. Isabel tabernaren historia ezagutzen dugun guztiok, nahitaez, hara garamatza. Askotan azaldu izan du Nereak taberna asko eta istorio asko daudela lan horretan, baita fikzioa ere, noski. Zuk zer sentitu zenuen irakurri zenuenean? Bai... istorio asko daude Isabelekoak, baina gero Nerearen bizipenak ere badaude hor barruan. Eta fikziozko elementuak ere bai. Egia esan, beste nobela batekin agian beste ideia edo pentsamendu bat daukazu, distantzia gehiago har dezakezu, baina hor hain zaude bilatzen... Ea, hau gaizki kontatuta dago, edo hau ez da horrela... Ulertzen? Ezin zara zure bizipenek zaramatzaten hari horretatik erabat askatu. Eta gero, nire alaba dela. Zer esana, nola hartu... Berdin gertatzen zait bere bertsoekin ere. Orain, adibidez, gaztelerara itzuli dute bere liburua eta egon da Madrilen, Katalunian, Asturiasen... Eta tabernetako jende asko eta asko sentitu da identifikatua istorio horrekin. Plazera izan da, Fina. Gustura jarraituko genuke hemen, kafe baten bueltan, baina iritsi da amaiera. Eskerrik asko. Beste egun batean kontatuko dizkizut gauza gehiago. Segi ikasten... eta gozatzen! (Fina Salegik utzitako argazkiak) «Askotan zineko jendeak pentsatu izan dugu nahi genuena egin genezakeela. Eta ez, ez gara inor baino gehiago» «Nazkagarria zen tabernan egotea. Kamerak lurrean genituen eta makurtu egin behar ginen. Eta konturatzen zinen gizonak mostradorera igotzen zirela begiratzera»