7K - zazpika astekaria
KIROLA

Osteopenia, osteoporosia eta osteomalazia

(Getty)

Izenburuko hiru hitz hauek sarritan entzun ditugu, lehenengo biak bereziki, inguruko norbaitek izan dituelako, edo helduek edo gaixotasun baten ondorioz pairatutakoek. Hiru patologia hauek gure gorputzaren hezurdurarekin harremana dute, oseo hitzetik baitatoz, eta hezurren gaixotasunei erreferentzia egiten die.

Gure gorputzaren hezurdura, alde batetik, kolagenoz osatuta dago, malgutasuna eta egitura ematen diona eta, bestetik, kaltzioak eta fosfatoak gogortasuna ematen diona, beste mineral batzuekin batera. Egitura hau egokia izateko eta inguratzen dituen organoak babesteko, ezinbestekoa da indartsua eta aldi berean malgutasun puntu bat izatea. Gainera, hezurrak berritze prozesu konstante batean daude, egitura osasuntsu mantentzeko helburuarekin zelulen birsortze jarraitu bat eginez. Hala ere, urteekin prozesu hau moteldu egiten da, berritze prozesuaren gaitasuna gutxituz, eta aldi berean gaixotasunak agertu daitezke.

Osteopeniaren kasuan, hezurren dentsitatea gutxitzen da, balore normaletatik jaitsiz. Faktore hau agertzearen arriskua bereziki emakumeengan menopausia prozesuan, jarduera fisiko gutxi egiten duten pertsonengan edota Bitamina D eta kaltzio gutxi duten dietek dituzten pertsonengan areagotzen da.

Osteoporosiaren kasuan, aurreko patologiaren ondorengo urratsa da, non hezurraren ahulezia handiagoa den eta hauek hausteko arriskua handia den. Kasu honetan, dentsitatea oso baxua da, eta emakume zaharrengan areagotzen da, menopausia igaro ondoren.

Osteomalazia, berriz, hezurren gaixotasun bat da, non mineralizazioa eskasa den eta, horren ondorioz, hezurrak bigundu egiten diren. Normalean Bitamina D faltagatik izaten da, honek kaltzioaren mineralizazioaren prozesuan laguntzen baitu, hezurrari gogortasuna emanez.

Hiru kontzeptu hauetatik osteopenia izaten da ohikoena, eta osteoporosi bilakatzea ekidin dezakegu. Horretarako, jarduera fisiko egokitua burutzea (kontrolpean dagoen inpaktuzko lan batekin bereziki) eta ohitura nutrizional egoki batzuk izatea ezinbestekoa da. Osteomalaziaren kasuan, tratamendua konplexuagoa da, gaixotasunaren jatorriaren arabera egokitu beharko delako.