7K - zazpika astekaria
KIROLA

Bi hots, Bihotzaren Nazioarteko Eguna

(Getty)

Bihar ospatzen da Bihotzaren Nazioarteko Eguna. Beste hainbat esanahi eta konnotazio esleitzen dizkiogun arren (emozionalak nagusiki), fisiologikoki aztertuz gero, bihotza sistema kardiobaskularraren organo nagusia da. Oxigenoan eta mantenugaietan aberatsa den odola ponpatzen du gorputz osora. Muskulu-egitura lau barrunbetan banatuta dago (bi aurikula eta bi bentrikulu) eta horien uzkurdura (kontrakzio) eta ponpaketek sortzen dituzte bihotzaren bi soinu nagusiak. Soinu horietatik omen dator, hain zuzen, euskarazko “bihotz” hitza, taupada bakoitzean entzuten diren bi hotsetatik. Gure arlora etorrita, ariketa fisikoan bihotz-maiztasuna (BM) handitu egiten da, muskuluek oxigeno gehiago eskatzen dutelako. Igoera edo handitze hori nerbio-sistema autonomoak erregulatzen du, aktibazio sinpatikoaren bidez, miokardioaren uzkurkortasuna handituz. Bihotz-maiztasunaren igoera maila honako hauen araberakoa da: ariketaren intentsitatea, pertsonaren egoera fisikoa, tenperatura, hidratazioa, faktore emozionalak eta abar.

Entrenatutako pertsonen kasuan, atseden-egoerako BM baxuagoa izaten da, eta bihotza eraginkorragoa. Horrek esan nahi du taupada gutxiago behar direla odol-kantitate bera ponpatzeko. Beraz, ez da harritzekoa, oinarri aerobikoa duten pertsonek minutuko 40 taupada baino gutxiago izatea atseden-egoeran. Bestalde, pertsona hauen kasuan, esfortzuan zehar, BMa modu kontrolatuagoan igotzen da, eta jarduera amaitzean, denbora gutxiago behar izaten du atseden-egoerara itzultzeko. Pertsona sedentarioetan, aldiz, BMa azkarrago igo daiteke eta denbora gehiago behar da oinarrizko mailetara itzultzeko, eta horrek eraginkortasun kardiobaskular txikiagoa adierazten du.

Beraz, BMa kontrolatzea funtsezkoa da modu seguru eta eraginkorrean entrenatzeko. Maiztasun maximoaren ehunekoetan edo atalaseetan oinarritutako entrenamendu-eremuak erabiltzeak errendimendua optimizatzea dakar. Entrenamenduei ahalik eta etekin handiena ateratzeko aukera ematen digu, sortu nahi ditugun egokitzapen fisiologikoak gerta daitezen. Beraz, saiatu organo honen bi hots horiek ulertzen eta hauei etekin handiena ateratzen, uste baino informazio gehiago ematen baitigute askotan. Kontuak horrela, eta erremedioa pilula bat hartzea baino osasuntsuagoa izanda, hasi jarduera fisikoa egiten eta ziur zure bizi kalitateak hobera egingo duela.