28 DIC. 2025 IRITZIA Gogoratzeaz Sustrai Colina S.apurgarria, Zer gogoratuko duzu 2025az? Genozidio bat izan zela Palestinan, eraso matxistak ez zirela desagertu, euskararentzako pizkunde berri bat aldarrikatu zutela Bilbon, borondatezko zerbitzu militarraz mintzo zirela han-hemenka, gero eta ekinagoa zela onartezina normalizatzeko oldea, Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurrenak ez zuela bakerik ekarri, insomnioa atzean utzi zenuela, gainez ez egiteko abiatzen zinela ibaiertzetik lasterka, oineko hezur bat hautsi zuela seme gazteenak, ezin izan zenuela J.rekin nahi beste aldiz bazkaldu, autoaren haizetako-garbigailu baten faltan itzuli zinela Bilbotik euripean, Eva Baltasarren nobelak irentsi zenituela, adinekoen egoitzan ingresatu zituztela aitatxi-amatxiak, seme-alabak sortu zitzaizkiela gertuko lagunei, M. zendu zela, preso jarraitzen zuela A.k, gehiegitan eraman zintuela inertziak betikora, ez zenuela beti korapiloak askatu bitarteko pazientziarik izan, sentitu zenuela alde egin eta zure erraietan ezkutatzeko bulkada, kutxa automatikoak jarri zituztela auzoko supermerkatuetan, oharkabean pasatzen hasi zinela plazako etxebizitza turistikoen aurretik, ez zenuela gaixotu arte gelditzen jakin, goizeko 6.30ean metatzen zela jendea osasun-etxe atarian hitzordu bat lortzeko esperantzan, saiatu zinela zure esku zegoena ahal bezain ongi egiten, zure onena ematen, ez zenuela beti lortu, gehiagotan joan behar zenukeela L.rekin mendira, zeure burua zaintzea bazela besteak zaintzeko modu bat, okerra eta okerragoaren artean aukeratu behar izan zenuela batzuetan, hamaiketakorako esne-opilak txokolatean busti zenituztela seme zaharrena gaixotu zenean, parke eolikoak eraikitzeko asmoak geldiarazi zituela herriak, AHTrik ez zela oraindik iritsi, etxebizitzaren arazoarentzako soluziorik ere ez, manifestariak zauritzen zituela poliziak, itxaropentsu etxeratzen zinela auzo txikietako jaietatik, noizean behin sentitu zenuela zure lekuan egon izanaren poza, emisio gutxiko eremuak ezarri zituztela hiriburuetan, grebak izan zirela Hezkuntzan, Belateko tunelak ez zituela mendiak bakarrik zulatu, zure adimenaren artifizialtasunaz galdetu zenuela inoiz, udazkena malkartsua egin zitzaizula, Olaia Inziarteren “Zerrautsa”-k lagundu zizula eusten, Atharratzetik Bilborako Korrika iragarri zutela, 7Kn idazten zenuela, inuxente egunez... Zer gogoratuko duzu 2026az? Zer gogoratuko duzu 2025az? Genozidio bat izan zela Palestinan, eraso matxistak ez zirela desagertu, euskararentzako pizkunde berri bat aldarrikatu zutela Bilbon, borondatezko zerbitzu militarraz mintzo zirela han-hemenka, gero eta ekinagoa zela onartezina normalizatzeko oldea, Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurrenak ez zuela bakerik ekarri...