28 DIC. 2025 IRITZIA Irudimena Amagoia Mujika Olentzero joan da. Errege Magoak etorriko dira atzetik, etxe batzuetan behintzat. Garai batean Errege Magoak ziren famatuenak eta distiratsuenak. Aitona-amonek zortzi seme-alaba zituzten, segidan-segidan. Lanean jartzen zituzten koskortu orduko eta tontakeria asko ez zieten baimentzen. Baina Erregeek haur bakoitzari opari bat uzten zieten sukaldeko mahaian. Aitonak zapatak talko-hautsetan pasatzen zituen, leihotik sartzen zen sukaldera eta mahaian uzten zituen Errege Magoen oinatzak. Olentzeroren kontuak ondoren etorri ziren. Imajinatzen dut gure aitona serio-demonio, bere antzeko baserritar moduko bat horrela goratu behar ote zen galdezka. Haren imajinarioan goratzen zirenek jantzi distiratsuak, zaindutako bizarrak eta lan gutxi egindako esku leunak izan behar zituzten. Eskerrak denborarekin ikasi dugun gure heroi propioak aukeratzen. Askotan entzun diot amari aitonaren zapaten talko-hautsarena eta seko harrituta geratzen naiz. Aitona-amonek nahiko lan zuten seme-alabak aurrera ateratzen, ez zuten hezteko moduei buruzko artikulurik irakurtzen, ez zituzten hezkuntzaren bueltako influencer-ak jarraitzen, ez zuten hartutako erabaki bakoitzaren egokitasuna neurtzen. Haien burutan ez zegoen guraso perfektuak izan beharraren obsesiorik. Ahal dena ahal den ondoen egitea zen haien bizilegea. Seme-alabak gutxi edo gehiago osasuntsu haztea eta bakoitzak bere bizimodua aurrera ateratzeko modua topatzea zen haien erronka. Baina Errege Magoen magia hori zaintzen zuten eta baserriko oilategian gertatzen ziren lapurreten inguruko kondairak kontatzen zizkieten haurrei, gauetan ez zitezen gehiegi beldurtu lapurrak zirela eta ez zirela. Nolabait, haurraren irudimena piztuta mantentzen saiatzen ziren. Beren baserritar langilearen jakintasun infinituan, sumatzen zuten irudimenarena garrantzitsua zela. Irudimenak laguntzen du bizitza bizigarriago egiten, minei zuloak josten, neurririk gabe amesten, norberak nahi duena izateko ilusioa sentitzen, okurrentziei tokia egiten, barreari errepideak eraikitzen, abstraktuan pentsatzen. Pertsona heldu batek tristura infinitua sentitzen duenean ere, noizbait irudimenean bizi zen eta barruan daukan haurra akordura ekarri orduko irriño bat etortzen zaio. Barruan su txikian daukagun irudimenak laguntzen digu maiz bizitzari eusten. Albert Einsteinek esan zuen logikak A-tik B-ra eramaten zaituela, baina irudimenak alde guztietara. Beste hitz batzuekin, antzekoa esaten zuten aitona-amonek. Irudimenak laguntzen du bizitza bizigarriago egiten, minei zuloak josten, neurririk gabe amesten, norberak nahi duena izateko ilusioa sentitzen, okurrentziei tokia egiten, barreari errepideak eraikitzen, abstraktuan pentsatzen