18 ENE. 2026 IRITZIA Boterea Amaia Uribe Botereak eraldatu egiten gaitu, asko gainera. Duela gutxi, nire lagun bat jefe bihurtu da bere lanean eta ezagutzen ez nuen pertsona bat deskubritu dut. Ez zait gustatzen nola hitz egiten dien lankideei, ez zait gustatzen erakusten duen harropuzkeria. Parrandan ateratzen ginenean atsegina zen, gertukoa, umila. Baina arduradun bihurtu denetik, beste bat da. Sarritan galdetu diot neure buruari botereak mugarik ote duen. Munduko boteretsuenak inoiz asetzen al dira? Noizbait nekatzen al dira botereaz? Donald Trumpen kasuan, argi daukat ezetz. Mundua bere erara goberna dezakeela uste du. Beste herrialde batera joan, hango presidentea atzeman eta Estatu Batuetara eraman dezakeela pentsatzen du. Bi legealdi egin eta hirugarrena egiteko legedia aldatu dezakeela iradokitzen du. Berdin gertatzen da Benjamin Netanyahurekin. Genozidio bat egin dezakeela uste du. Herrialde bat mapatik ezabarazi dezakeela pentsatzen du. Eta txarrena da inork ez diela aurre egiten. Beldurra ematen al digu botereak? Ala geuk jokatzen dugu ezberdin boterearen aurrean? Duela hiru urte, munduko arkitekto ezagunenetakoa elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Bere ingurukoek jainkoa balitz bezala begiratzen zioten. Ondotik igarotzen zenean gorputza tente jartzen zuten. Eta zer pentsatu eman zidan horrek. Boteretsua eta trebea zelako jokatzen zuten horrela? Ala despota bat zelako? Ez dakit gu aurrean ez geundenean langileekin nola jokatzen zuen, baina nirekin bikain jokatu zuen. Bere proiektuen maketak erakutsi eta azaldu zizkidan, diseinu bakoitzaren helburua zein zen azaldu zidan eta argi esan zidan ez zuela bere burua jenio boteretsu modura ikusten. Agintari baten boterea baino gehiago gustatzen zait herriarena. Jefe baten boterea baino gehiago gustatzen zait talde lanaren indarra. Eta lanaz nabilela, lehengo egunean lankide batek esan zidan neure burua jefe bihurtzeko eskaini beharko nukeela. Imajinatuko zenuten moduan, ezetz esan nion. Ondo nagoela nagoen moduan, nire jefeen aginduak betetzen. Agintari baten boterea baino gehiago gustatzen zait herriarena. ‘Jefe’ baten boterea baino gehiago gustatzen zait talde lanaren indarra. Eta lanaz nabilela, lehengo egunean lankide batek esan zidan neure burua ‘jefe’ bihurtzeko eskaini beharko nukeela. Imajinatuko zenuten moduan, ezetz esan nion. Ondo nagoela nagoen moduan, nire ‘jefeen’ aginduak betetzen