08 MAR. 2026 IRITZIA Gizalegea Amagoia Mujika Erdi txantxetan eta oso serio pentsatu izan dut munduan bi pertsona klase daudela. Imajinatu autoa aparkatuta duzula eta mugitu egin behar duzula. Sartu zara gidariaren tokian eta segituan, tak, beste auto bat sartzeko zain. “A” pertsona klasea presatu egiten da eta saiatzen da ahalik azkarren aparkatzeko tokia uzten zain dagoenari. “B” pertsona klaseak berekiko pentsatzen du une horretan berea dela aparkalekuko toki hori eta itxaron dezala besteak. Hor konpon. Eta lasai ederrean mugikorrari begira jartzen da, bestea zain dagoen bitartean. Sentipena daukat “B” pertsona klaseak ugaritzen ari direla. «Gizalegea» esaten zion amonak zera abstraktu horri; pertsonak pertsonen ondoan ahalik ondoen bizitzeko izan behar dugun jakintza emozional horri, arau sorta horri. Norbere kolkotik harago ikusteko eta sentitzeko gaitasunari, tribuaren arima berezi horri. Ez dago inon idatzia, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela esango nuke. Zer ikusi hura ikasi. Eta, kontrara: ez ikusi, ez ikasi. Albiste bitxia irakurri dut. Autoan ibiltzen direnen parte oso handi batentzat, autoa intimitaterako tokia da. Lanera edo etxera sartu aurretik, autoan ematen dute tartetxo bat arnasa baretzeko, burua ordenatzeko, deskonprimatzeko. Eta gaurko egunean, noski, gehienek mugikorrari begira ematen dute tarte hori. Behin, etxera bidean, kasik konturatu gabe, autoa garbitzeko makina horietako batean sartu nintzen. Ez neukan autoa garbitzeko kezkarik, baina arnasa jaitsi beharra sentitu nuen. Auto barrutik begiratu nuen garbiketa zeremoniatsua; ura, aparra, koloretako eskuilen dantza, kristal lehorgailuaren zorroztasuna... lasaiago atera nintzen, eta auto garbiagoarekin. Umetan gustatzen zitzaigun auto garbiketako tuneletik pasatzea, kristalaren burbuilan seguru sentitzen ginelako akaso. Hor kanpoan ura, baina zu busti gabe. Segur aski denok behar ditugu arnasa jaisteko burbuilak, eguneroko zurrunbilotik apartatzeko babesguneak. Eta, orain, autoa ba omen da horietako bat. Triste samarra ere bada. Alde ederrekoa litzateke mendi bueltatxo bat ematea edo itsasoari begira egotea denbora gelditzea lortu arte. Baina, horretarako, mendirako edo itsasbazterrerako, denbora behar da eta hori ez dugu oparo. Eta hemen nago bolanteari helduta, gogoeta tuntunean, beste horrek autoa noiz aterako zain. Atzerako ispilutik ikusi dut ilara ere osatu dela. Laster hasiko da baten bat klaxona astintzen. Baina aparkatzea ez da erraza, eta elkarren ondoan bizitzea ere, gero eta nekosoagoa. «Gizalegea» esaten zion amonak zera abstraktu horri; pertsonak pertsonen ondoan ahalik ondoen bizitzeko izan behar dugun jakintza emozional horri. Norbere kolkotik harago ikusteko eta sentitzeko gaitasunari, tribuaren arima berezi horri. Ez dago inon idatzia, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Zer ikusi hura ikasi. Eta, kontrara: ez ikusi, ez ikasi