7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Idor


Begira! Mezua irakurri du, baina ez du erantzun!», haserre esan dio lagun batek beste bati.«Bo, behintzat badakizu atzean pertsona bat dagoela», erantzun dio besteak. Pertsonek aukera omen dugulako erantzuteko edo ez erantzuteko. Aukera dugu, Bartleby eskribatzaileak bezala, «Nahiago ez» esateko. Eta, azken boladan, akaso aukera hori nahiko erabiltzen dugu. Inguruan, behintzat, nabari dut ezaxola jarrera triste bat. Aurrekoan, Xabier Landabideari “Berria”-n irakurri nion: «Hemendik aurrera (estatistikoki) jarrerarik arrazionalena ezaxolarena izango da, deskonexio ontologikoarena». Eta hortik tiraka eta nostalgika ipinita, pertsona izatea aldarrikatzen duen intsignia bereizgarri bat irudikatu dut. Made in China bereizgarriaren antzera, “pertsonak egina” orratzean pentsatu dut. Esku bat izango litzateke, eta elastikoan ipini genezake, gure nia etiketatuz.

Intsigniaren irudia eskua izatea interesgarria iruditzen zait. Azken batean, nik eskuak asko mugitzen ditut hitz egiterakoan, baina baita entzuten ari naizenean ere, ezin ditut trankil utzi. Komunikazioaren parte zaizkit, esan behar dudanaren edo entzun behar dudanaren keinua dira.

Aurreko batean, keinuaren inguruan hausnartu zuten Ines Garciak eta Paula Ducayk “Punzadas Sonoras” podcastaren atal batean; hain zuzen, lanaren keinua izan zuten hizpide. Kontu askoren artean, imintzioaren esanahia aztertu zuten: antza, ez du zertan xede bat izan, xede hori gauzatzeko bidean gerta daitekeen zerbait da, baina berez, keinuaren funtsa keinua bera da, xede gabekoa.

Hasierako elkarrizketarekin gogoratu naiz, pertsona bat beste aldean dagoela jakitearen aferarekin. Norbait dago erantzun ez dizuna. Beraz, isiltasuna, ez erantzutea, komunikazio digitalean imintzio gizatiarra izan daiteke? Izan ere, AAk ez du keinurik egiten, behintzat ez diogu ikusten, eta beti-beti-beti erantzuten du, eta beti-beti-beti datuak ematen ditu, ez dute zertan egia izan, baina hutsunea betetzen duen erantzun bat helarazten digu.

Horretaz ari naiz lagun batekin, berak dio gizakien arteko harremanak idorrak direla. Keinuaren kontuak ez du guztiz konbentzitzen, berari ere gertatzen zaio mezuak bidaltzea eta erantzunik ez jasotzea. Eta isiltasuna interpretatzeaz aspaldi nekatu da. Ezin du ulertu zergatik berak tarte bat hartu badu mezu bati erantzuteko edo plan bat proposatzeko, beste aldean dagoen gizaki horrek ez duen erantzuten. «Idorra, desertua bezainbeste; horrelakoa bilakatu da gure harreman digitala», etsituta eta triste agurtu nau. Pentsarazi dit. Azkenean, eskuaren kontura bueltatuz, esango nuke, idurikatzerakoan, erdiko hatza goratuta agertzen zaidala, ezinbestean.