7K - zazpika astekaria
Literatura

Txikiak?


"Amatxi” da gaur esku artean dugun liburua, 2026. urtean A fin de cuentos argitaletxeak argitara eman duena, ohi bezala, aldi berean katalanez, gaztelaniaz eta euskaraz. Begoña Montañes idazlea eta Merce Gali ilustratzailea aritu dira lanean albuma osatzeko eta ederki jakin dute islatzen, haur baten ikuspegitik, nolakoa den amaren amarekin duen harremana. Amaia Apalauza Ollok ekarri du euskarara, auskalogarren aldiz da eskertzekoa euskal literatura aberasteko egiten ari den lan nekaezina.

Merce Gali ilustratzailea itzal handiko artista da, bai Katalunian, bai nazioartean. Euskaraz baditu obra franko argitaratuta, adibidez irudi bidezko “Burbuila artean” kontakizuna. Haur literaturaren apalean paratu ohi dira bere liburuak, helduok maiz (inozenteki edo harrokeriaz) letra eta marrazki kopuruaren arabera erbesteratzen baititugu obrak txikien txokora, txikikerien artera. Ez da beti hala, dena den; errate baterako, Maite Gurrutxagaren eta Harkaitz Canoren “Tigre batekin bizi” helduentzako ipuin edo poema grafiko izendatu zuten eta.

Begoña Montañes idazleak erraten du lan autobiografikoa dela hein batean, eta ifrentzuan autofikzioa dela erraten ahal da, atzerrian bizi delako eta semeek amatxirekin eraiki duten harremana liluraz bizi duelako. Protagonistaren hitzok ilustratzen dute fenomenoa: “Gauza garrantzitsuak erakusten dizkit [amatxik]; adibidez, dendariari ‘egun on’ eta ‘eskerrik asko’ esaten, auzoan erosketak egiten ditugunean”.

Formari erreparatuz gero, kontakizunaren ordena ez da kronologikoa edo lineala, pentsamenduaren jarioaren pareko egitura du. Gai batetik bertzera salto egiten du protagonistak eta arras berezia da nola kaos txiki horrek baduen bere moldea. Izan ere, pentsamendua horrela garatzen baita, anabasa iduri duenari gerora ordena erauzita: «Amatxirekin, gauza arruntetan erreparatzen ikasten dut. (…) Esaten dit horrelako gauza txikiek hurbiltzen gaituztela gehienbat zoriontasunera».

Bi planotan lantzen dira gaiak; lehendabizi, akzio-erreakzio gisa, azalean, aldika estimulu fisiko baten eraginez: «Amatxiren etxeak ere ‘amatxi’ usaina dauka». Gero, bide egiten du muinera, sinpletasunari eutsita beti, pellokeriaren ertzeraino: «Azkenean, elkarrekin egotea da planik onena, besterik gabe».

Liburu mardula da, orri kopuruagatik kontrakoa pentsatzen ahal bada ere. Nire ustez, tokia behar dute orri artean gaur egungo aitatxi-amatxien eta biloben arteko harremanek, Aintzane Usandizaga idazlearen eta Gaston ilustratzailearen “Etxe honetan” lan bikaina kasu. Izan ere, dena iragankor, bizi, ziurgabetzat duen belaunaldi batek laguntza behar du bizitzan epe luzeko begirada ez galtzeko, presazkoak ez dezan sistematikoki premiazkoa irentsi. Eskerrak amatxiei.