7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Eragin


Astebete da urteroko zitari milaka pertsonak berriz ere Bilbo eta Baionako kaleak betez erantzun diotela. Berdintsu zait iaz baino gehiago edo gutxiago izan diren kalera ateratako lagunak. Zalantzarik gabe, asko, milaka lagun izan ziren euskal presoak Euskal Herriratu ditzaten aldarrikapena zabaldu nahi izan zutenak. Antolatzaileen esanetan, sekula baino aldekotasun anitzagoa izan zuen deialdiak eta astero-astero, batera eta bestera, ehunka, eta kasu batzuetan milaka, kilometro eginez mugitzen diren familiarteko, lagun eta euskal presoen ingurukoekin batera, haiek pairatzen duten egoera giza eskubideen zapalkuntza larria dela iritzita, euskal gizartearen ordezkaritza zabala bildu zen. Aurten, lehenengo aldiz, bi deialdi izan ziren eta irudipena daukat Baionan, Iparraldean urte luzez egindako lanak berriz ere argi utzi zuela ageriko aniztasun handiagoa, bai behintzat publikoki egindako adierazpenetan, egia baita Bilbokoan ere alde bateko eta besteko eta iritzi ezberdineko pertsonek parte hartu zutela.

Mezurik garrantzitsuena, bake prozesua berrindartu behar dela, bultzatu egin behar dela eta egun bizi den egoera gainditu egin behar dela izan zen.

Izan ere, urtero bezala, milaka pertsona bildu ondoren, euskal presoen auzia egunkarien lehen orrietara itzuli zen, albistegien lehen irudietara eta aste honetako hizpide izan da. Baina iaz ere horrela izan zen. Eta aurrekoan ere bai. Aurtengo manifestaldietan telefonoetako argiek erakusten zuten, ibilaldien gorabeherez gain, Kataluniak ordu horietan bizi zuen egoera bizi-bizi zegoela euskal herritar askorengan.

Kataluniak hartutako erabakiak, horrek bai urduritu du noraezean dabilen Espainia, gutxitan bezala bere gobernagarritasuna zalantzan duen Espainia. Ziur asko, aitzakiarik onena izango da PP eta PSOEren arteko ituna egiteko, ziur asko Pedro Sanchezekin oso gogaituta zeuden alderdikide ugariri, Susana Diaz buru, ekaitza perfektua bilakatu zaie orain arte ezinezkoa zena posible bilakatzeko.

Ikusiko dugu zer gertatzen den Espainian baina, edozein kasutan, espainiarren mesederako edo haien kalterako izango da. Eta gainerakoentzat egoerak apur bat hobera egin dezakeenik ezin uka daiteke. Ezin uka daitekeen bezala, zaila dirudien arren, apur bat oker daitekeela.

Kontua da Katalunia, hainbeste gorabehera izaten ari den prozesuarekin, hainbeste buruhauste ekarri dizkienarekin, Espainiako erabakiak baldintzatzen ari direla, eta Euskal Herrian Espainian zer gertatuko zain gaudela, hemengoa hobetuko ote den ikusteko. Eragin egin behar da eta, eragiteko, errezeloa daukat urteroko manifestaldiek ez dutela, sinbolismoaz eta herri baten indar erakustaldiaz harago, balio apartekorik. Herri honek ere eragitea erabaki behar du. Espainiak bere politika aldatuko badu, izango da herri honek hango politikan eragiteko gaitasuna lortu duelako, bestela urtebete barru beste manifestazio jendetsu baten oihartzunak izango ditugu hizpide, erabaki esanguratsuak hizpide izan beharrean.