7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Euskal presa politikoak


Aste bi dira indarkeria matxistaren aurkako manifestazio nazionala egin zenetik eta zer esana ematen jarraitzen du Gasteizko indar erakustaldiak. Zer esana eta zer sentitua, nik behintzat, ondorengo orduetan gorputzean sumatu bainuen zirrara hura buruan bainoago; larrua jo ostean geratzen den zer horren antzekoa. Gerora etorri zaizkit pentsakizunak.

Martxaren hasieran esku-orri bat banatu zuten, alderdi batean “Zutik emakumeak” kantuaren hitzak eta bestean aldarri zerrenda luzea (ele bietan) zituena; bikaina! Ibiltariak berehala ziren oihuka eta ez hainbeste paperetik, baizik haragitik: «Erasorik ez erantzunik gabe», «Gora borroka feminista»... Gaztelerazko leloak dezentez gehiago entzun zirelako sentipena izan nuen: «Ante la duda, tú la viuda», «Contra el Vaticano, feminismo clitoriano», «La talla 38 me aprieta el chocho»... Pentsatu nuen bazitekeela justu jende erdaldunaren inguruan suertatu izana, edo talde feministetan militatu duten adin batetik gorako emakumeek euskaraz ez jakitea, edo manifestari askori «Zuek-matxistak-zarete-terroristak»-en erritmoa guri bezain urreko ez egitea. Edozelan ere, esango nuke hiztunek besteko zerikusia duela hizkuntzak afera honetan: aldarri konbintzente batek indarra, trinkotasuna eta kadentzia behar ditu eta euskaraz perpausaren osagaiak luzeagoak dira oro har (aditza, batez ere) gazteleraz baino. Horrek ez du esan gura lelo eraginkorrik sortu ezin dugunik, ezpada alor batzuetan errepertorio zabala dugun moduan, beste batzuetan sorkuntza eta sozializazio lana dugula egiteko. Alde horretatik, itzel iritzi nien esku-orriei, besterik da gero jendeak «me aprieta el chocho» edo «txotxolina zanpatzen dit» hautatzen duen; zein ateratzen zaion errazago, gartsuago. Alabaina, indartsu iritsi ginen Ama Zuriaren plazara, ekitaldiarekin hunkitzeko gogoz. Eta halako batean non dioskuten: «...baina ez gaude denok, euskal presa politikoak falta dira». Euskal presa politikoak? Zeintzuk? Gipuzkoan atez atekoa kentzeko daudenak, edo jartzeko egon zirenak; Urkullu jaunari hauteskundeak aurreratzeko sartu zaizkionak...? Ez, ez ziren horiez ari.

Baliteke euskarak erdarak ez dituen zenbait zailtasun izatea (zailtasunak, ez ezintasunak), baina abantailak ere baditu, genero markarik ez edukitzea kasu; erizainek, alkateek, garbitzaileek, baita presoek ere, zakila zein alua izan dezakete. Maila linguistikoan «los y las vascas», «las y los trabajadores» ez dira euskal hiztunon borroka. Gure erronka euskara feminismoarentzat geroago eta tresna baliagarriagoa izatea da; gauza bat baita (hizkuntzak) genero bereizketarik ez egitea eta beste bat, oso bestelakoa, feminista izatea.