08 MAY. 2016 IRITZIA Istripuarena MIREN AMURIZA Lehengo batean, lanetik etxera nindoala, istripu bat ikusi nuen kamino ertzean. Kotxe gorri bat zegoen bazterra jota, paratxokea metalezko akordeoi zahar bat balitz bezala tolestuta eta aurreko kapota ketan zituela. Gidariak eztabaida gartsuan ziharduen maillot urratudun bizikletariarekin eta arnasestuka zegoen orein izutu batekin. Bazterrean geratu eta hirukia baretzen ahalegindu nintzen. Auto gidaria zegoen asaldatuen: «Baina ikusten al duzue zelan geratu zaidan kotxea? Honetatik ez da aterako... Ni trankil-trankil nentorren neure bidean, normal. Eta derrepente ez zait ba ziklista hau gurutzatu?! Bera ez zanpatzeagatik biratu eta braust bazterra jo nik! Ai, gure aita zenaren kotxea! Diruak ez du hutsune hau berdinduko baina... Zeuk ordaindu beharko duzu!», ziotson bizikletariari. «Nik? Zuri kotxea hondatu zaizu, baina nik sorbalda dislokatu, aizu! Gainera ez da nire errua izan. Oreina bidera irten zait eta zer egin behar nuen? Jo? Hau marka, bata saihestearren besteak harrapatu, joder! Zuek, auto-gidariok, ez dakizue zer den mehatxupean ibiltzea! Oreinaren aseguruak pagatu beharko du hau, gure kalte-ordainak eta... egoskortzen bada, isuna ere bai, txaleko reflektante barik irtetearren!». «Kaka zaharra ordainduko dut nik!», oreinak arnasestuka. «Noiz ikusi da orein da bat aseguruarekin? Zuen kotxetzarrentzako errepide zikin hau egin izan ez balute, ez nuen bizia arriskuan jarri beharrik izango basoaren bestaldera lagunak bisitatzera noan aldiro. Bihurguneko seinaleak argi asko adierazten du gure eremua dela eta tentuz gidatzeko! Kostako zait shock honi buelta ematea...». Hartan ginela postari bat agertu zen, bokazioz bakegilea omen, mezularitzan zuen esperientziaz baliatuta bitartekari lanak egitera ere dedikatzen zena. Akzidentatuen testigantzak blok batean apuntatzeari ekin zion eta proposamen bat luzatu zien: «Dokumental bat egin genezake zuon arteko elkarrizketa abiapuntu hartuta, bideetan geratu diren guztien memoriaren izenean, badakizue. Min hau gizarteratzeko eta gazteak sentsibilizatzeko, horrelakorik berriz gerta ez dadin...». Atzerakadatxoa eman zidan postari hark, zekarren protagonismo afanak; disimulatzen saiatu arren inpartzialtasun eza antzematen zitzaiolako eta, batez ere, tragediatxo haren muinean gozatzen ari zelako sentipena izan nuelako. Alde egin nuen. Igual bihurgunean jarraituko dute oraindik, sestran; «baina nik, baina nik...». Bai, zuk beti bat gehiago. Norena den egiago, egiena norena ote den... Konturatu barik ikuspegia dela letraz letra egia barnean biltzen duena. Baina nik, baina zuk... Norbere azkurak beti molestatzen baitu inoren minak baino gehiago. Bai, zuk beti bat gehiago. Norena den egiago, egiena norena ote den... Konturatu barik ikuspegia dela letraz letra egia barnean biltzen duena. Baina nik, baina zuk... Norbere azkurak beti molestatzen baitu inoren minak baino gehiago.