05 JUN. 2016 IRITZIA Ekainak 5 MADDALEN IRIARTE Urteak bere erdia osatu du eta hauteskunde giroan pasatu da. Hego Euskal Herrian, denbora luzez Espainiaz hizketan pasatu dira sei hilabete hauek, hara gehiegi begiratzen dela esaten dutenek ere ez baitute erraza beste alde batera begiratzea. Eta hara begira jarrita ere, ez dute erraza izango Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren eta konpondu gabe daude hainbat gai mahai gainean jartzea. Euskal Herrian izango dira hizpide, baina zaila izango da Espainiako komunikabideen olatuari aurre egitea. Hauteskundeak pasatuta, hango plazara eramatea izango da erronka eta hori dago jokoan hogeita bat egun barru, plaza hartan, Espainiako gorteetan alegia, Euskal Herriaren ahotsa, aldarrikapenak, beharrak… era argian entzun daitezen ordezkaritza lortzea. Gaurtik aurrera beste mezu bat izango dute eramateko. Euskal Herriko 34 herritan gaur egindako galdeketek erakutsi nahi duten mezua. Emaitzak jakin gabe ere, 34 herri horietan egin den ariketa oso interesgarria da, ezinbestekoa beste kultura politiko bat posible dela erakusteko, egikaritu egin baitute ariketa demokratiko luze baten azken helburua: galdetzea. Zuk zer nahi duzu? Hau edo bestea? Izango da galdeketari zilegitasuna kentzeko bozkatzera joango ez den herritarrik; bada, batez ere zilegitasun hori ukatzeko, herritarrak ez bozkatzera joateko mezua zabaldu duenik ere, baina talka egiten ari dira etengabe Europan behin eta berriz egiten den ariketarekin. Mila aldiz aipatutako herrialdea da Suitza, han herritarrei askotan galdetzen zaielako beraiengan eragin zuzena duten gaien inguruan, baina egunotan Erresuma Batura begiratzea baino ez dago. Egunotan berriz ere. Eskoziaren kasuan galdeketa egin zen, eta Europarentzat Espainiako hauteskundeak baino askoz ere garrantzitsuagoa izango den galdeketa egingo dute hilaren 23an. Gaur bertan dira 41 urte bertako herritarrek beste erreferendum batean Europako Erkidego Ekonomikoko partaide izatea erabaki zutela. Galdetu egin zieten eta erabaki egin zuten; eta hilabete amaieran erabakiko dute Europar Batasunean jarraitu ala ez. Bakoitzak izango du bere iritzia, eta galdeketaren aurretik izan dira Bruselaren eta Londresen arteko negoziazioak ere, eta mundu osoko diplomazia aztoratuta dabil azken asteotan, eragin nabarmena izango baitu erabakiak mundu osoan, eta batez ere Europan bertan. Nolanahi ere inori ez zaio burutik pasatu ere egin europar guztiok bozkatu behar ote dugun Erresuma Batuaren erabakiaz. Inori burutik pasatu ez zitzaion bezala Europa guztian galdetu behar ote zen Eskoziak zer egin behar zuen. Hau guztia esaten dut gaur Euskal Herrian egingo diren galdeketen inguruan batzuk saiatuko direlako esaten –beti ere argumentu ahulak erabiliz– honelako erabaki bat espainiar guztiei dagokiela. Ez europar guztiei, ez; espainiar guztiei baizik. Eta orain, pentsatu une batez zergatik ez zaion kasu handirik egiten Espainian Erresuma Batuko erreferendumari, zergatik begiratzen zaion hain gutxi. Argi dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoela. Emaitzak jakin gabe ere, 34 herri horietan egin den ariketa oso interesgarria da, ezinbestekoa beste kultura politiko bat posible dela erakusteko, egikaritu egin baitute ariketa demokratiko luze baten azken helburua: galdetzea.