7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Torturarik ez!


Martxelo Otamendik, “Egunkaria” itxi, atxilotu eta inkomunikazio egunetan torturatu zutenean, kartzelatik irten eta ETBko kameren aurrean adierazi zuen torturatu egin zutela. Martxelo Otamendiri inork ez zion esan esandakoa asmatu zuenik. Inor ez zen ausartu. Beti pentsatu izan dut inflexio puntu bat izan zela, Euskal Herrian denok bagenekien, torturaren ikaragarrikeriaren aurrean, Otamendiren adierazpena egiazkoa zela eta adierazpen hori egiteko izandako balentria aitortu genion. Joan Mari Torrealdaik handik urte batzuetara salatu zuen operazio hartan bertan torturatu egin zutela. Urteak igarotzea behar izan zuen horretarako. Urte asko. Baina bere aitortzaren aurrean beste horrenbeste gertatu zen, jendeak sinetsi egin zion. Minbiziari aurre egiten ari dira biak, medikuen esanetan, oso litekeena delarik minbizia torturak sortutako traumaren ondorio izatea. Ez dira lehenengoak. Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Paco Etxeberria mediku forentse eta antropologoaren zuzendaritzapean, Kriminologiaren Euskal Institutuak dagoeneko 4.000 tortura kasutik gora jaso ditu. Etxeberriak lehendik ere esana zuen, baina orain jaso dituen testigantzen aurrean berriz esan du, ez duela zalantzarik: Euskal Herrian sistematikoki torturatu dela. Bestela ere bagenekien, baina oso eskergarria da bere lana, zientziaren galbaheak zalantza gutxi uzten dituelako.

EHUko udako ikastaroetan ere torturaz aritu dira aurten. Sekulako adierazpenak izan dira. Ikaragarriak. Izugarriak. Terribleak. Urte hauetan tortura jasan dutenen ahotik, euren kasuak entzun dira. Bertan onartu du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako zuzendari nagusiak, ikastaro horien amaiera ekitaldian, arreta handiagoa eta erantzun sakonagoa behar zuela erakunde eta agintarien partetik.

Nolanahi ere, torturari buruzko jardunaldi horietan esandakoa, oro har, oso azaletik pasatu dela esango nuke, komunikabide batzuek jaramon ere ez diotela egin, gutxiegi beste batzuek. Harritzekoa da, gainera, halakoak entzun ondoren gizartea ez asaldatzea, eta harritzen nau beste biktimen existentziarekin justifikatzea. Beste edozein motako biktimak egotea justifikaezina den bezala da justifikaezina eta lazgarria tortura; elementu erantsi batekin: bere herritar guztiak, onak ala txarrak, gustukoak ala ez, zaintzeko obligazioa duen zuzenbide estatuak ahalbidetua izatearena. Munduan zehar dago zabaldua mezua. Donald Trumpi entzun diot berriki «bañera» egitea ez dela hain larria. Alderdiko milaka jarraitzaileren babes itsua izan du Amerikako Estatu Batuetako presidente izan nahi duenak.

Ozen errepikatu eta zabaldu behar da lazgarria, ikaragarria dela tortura. Gizarte demokratiko batek nahitaez barneratu behar duen printzipioa da. Baina bide luzea dago egiteko, kasuak aztertuz eta justizia bideren bat eraikiz. Bide luzea dago egiteko, tortura hitzari marra bat jartzea, tortura ezabatzeko eskariz marrazki bat egitea, oso arriskutsua baita oraindik Euskal Herrian.