7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Agur, Migel


Sarri Madalena inguruan ikusten nuen azken garaietan eta han ikusi nuen azken aldiz ere. Durangoko autobus geltokiaren inguruan, aulki batean eserita, Iurretarantz begira eta begiak apur bat jasoz gero, Goiuria auzoa, jaio zeneko auzoa ikusteko moduan. Handik ikusi omen zituen 1937ko martxoaren 31n Durango bonbardatu zuten abioi faxistak herria suntsitzen baina, gainera, Goiuria utzi eta Zornotzako Boroa auzorantz egin omen zuen familiak animaliak hartuta. Aita Karrantzara ere iritsi omen zen, egunotan Mugalari.info-n irakurri dudanez. Gehiago ere jakin dut: ihesean, Zornotzan bertan, abioietatik tiro egin ziotela, bi aldiz pasatu zitzaizkiolarik gainetik abioiak. Bietan, abioiak zekarren kontrako bidean zulo edo bazter bat aurkitu eta baletatik ihes egitea lortu zuela.

Ezagutu, ikastolako joan-etorriren batean ezagutu nuela uste dut eta ondoren uda batean Zarautzen. Oraintsu eta duela hamabost edo hogei urte, oso antzeko jarreran: pausatua, alferrikako hitzik egiten ez zuena, umila hitzaren zentzurik ederrenean, harropuzkeriaren kontrako muturrean zegoena, gizon diskretua, dotorea.

Pozik hitz egin zidan aritu izan ginen bakanetan, Martin Martinen laguna zela esanez. Pozik zegoen orain baino lehen inoiz orri honen protagonista izan diren Martin eta Martinez. Ni ere bai. Bekain iletsuen azpian begi argiak eta nik, sarri, begi haien barnean tristura gordea zuela antzeman izan nion. Edo imajinatu nuen. Ez berak sekula ezer esan zidalako, aukerarik ere ez ziurrenik, baina nik beti pentsatzen nuen gertuan nahiko lukeela fisikoki behintzat urruti zuen semea, andrea, beste hiru seme-alabak eta bilobak bueltaka eta zalaparta alaian bazeuzkan ere. Ume polittak, ederrak, azkarrak.

Sarri pentsatu izan dut, «Oroitzen zaitudanean, ama, sukaldean egoten zara mahaia bostentzat ipinita...» irakurtzen hasi orduko edo kantatu izan dudanean; «eta ni, badakit, zure begien hondoan nagoela» irakurriz poema amaitu dudanean… ni banintz «ama» hori nola sentituko nintzatekeen eta era berean pentsatu izan dut «ama» horren atzean «aita» ere bazegoela nolabait.

Seme-alaba ezagunak edo ospetsuak dituzten beste zenbait gurasori bezala, gertatu izan zaio berari ere. Sarriren aita izan da azken urte luze hauetan. Beste aita eta ama askok esaten dutenaz fidatuz gero, harro seme edo alabek nolabait gainditu dituztelako, Migelen seme izatetik Sarriren aita izatera bigarrenaren merituak gainditu direlakoan.

Nik omenaldi txikia egin nahi diot berari eta bere belaunaldiari herri honen historia mingarriaren lekuko eta protagonista apartak izan direlako. Migelen kasuan, zibilen aurkako lehenengo bonbardaketaren lekuko eta iheslari izatetik abiatuta gaur arte, 89 urteko bizitzan. Lehen aipatu dudan poemari jarraituz, Mikel Laboak zoragarri kantatzen zuenari jarraituz, gaur kristalak auskalo nola dauden baina begiak bai, begiak lausotuta dauzkagu. Lurrinak ez, malkoek lausotuta. Madalena bezperan esan diogu agur, Madalenatik Goiurira begiratzen zuen Migel Sarrionandia Jaiori.