04 SET. 2016 IRITZIA Klasiko bat amagoia mujika Gau giro bikaina. Zaborra jaitsi eta banku batean eserita geratzeko modukoa. Behatzak hondarrez eta ilea espartzu. Gauza ederra da ordutegirik gabeko ordutegia. Osasuntsua. Kalean behera sumatu dut neska-mutil bikote gaztea, sesioan edo. Orain besarkada, orain errieta. Klasiko triste bat. Barealdia datorrela dirudienean, neska zutitu egiten da eta alde egiteko ahalegina egiten du. Baina mutilak ez dio joaten uzten. Altuagoa da, eta indartsuagoa. Besotik heltzen du eta berriz eserarazten du atariaren koskan. Eta suabe-suabe hitz egiten dio belarrira, ilea albo batera eutsiaz. Eta ez da konturatzen bereak ez diren belarriek, ileak eta hankek etxera alde egin nahi dutela. Arretaz eta larrituta egon naiz begira. Eta konturatu naiz beheraxeago txakurra paseatzen dagoen emakumea eta goraxeago taberna baten kanpoaldean tragoa hartzen ari den gizona ere nire posturan daudela; alerta egoeran. Akaso azkenean ikasi dugu horrelakoak ez direla «etxeko indarkeria» eta trapu zaharrak ez direla etxean garbitzen. Akaso konturatu gara denok dugula erru partea, matxista den jendartean sortu eta hazi garelako eta jendarte matxista hori ureztatzen segitzen dugulako. Haurrak ginela haurren gauzak bailiran abesten genuen ikastolan «los que se pegan se aman». Eta, antzekoak. Artean gelako altuenak neskak ginen igual, baina borrokan mutilek irabazten ziguten. Bazekiten besotik heldu eta mina egiten. Eta guk bagenekien negar egiten. (Oraindik miresten dut mutilei irabazteko gai zen gure gelako neska bakarra). Eta orain asaldatu egiten gara kale kantoi batean gizonezko gazte batek besotik heldu eta ez diolako etxera joaten uzten neska gazte bati. Urte dezente joan dira haurrak ginenetik, baina gure ondoren haur izandakoek ere edan dute matxismoaren iturritik. Bestela balitz indarkeria sexistaren kontrako elkarretaratzeak ez lirateke festa egitarauen eskaintza nagusi izango. Sesioa luze doa. Baina inor ez da bere tokitik mugitzen. Azkenean, elkarri muxu eman, agurtu eta neskak alde egin du. Seguru nago estrategia bat izan dela. Seguru emakume gazte horrek nahiago lukeela haserretu, tipoa pikutara bidali –betirako– eta etxera lasai joatea. Baina bide hori itxita zeukala ikusi du. Altuagoa da, eta indartsuagoa. Eta beste atetik joan da, muxu bat eman eta suabe-suabe. Tamalez, estrategia gehiegi landu behar izaten ditu emakume batek bere bizitzan barna. Asko, gainera, belaunaldiz belaunaldi jasotakoak, kultur ondare bailiran. «Ez etorri bakarrik etxera», «kontuz ibili gauean», «batzuetan bakeak gehiago balio du», «ez bota gasolina suari»... Bihar ez da protestarik edo elkarretaratzerik izango besoa ubelduta izango duen neska gazte horren alde. Ezta besoak ubeltzeko abildade tristea duen mutil gazte horren kontra ere. Bihar, akaso, geratzen zaion balentria pizar hori hauspotu eta antzarak ferratzera bidaliko du besoak estuegi heltzen dituen baboso hori. Edo bihar, igual, berriz barkatuko dio. Bihar, seguru, lanean segitu beharko dugu, matxismoaren larbak garbitzen, pankarta jendetsuetatik aparte. Urte dezente joan dira haurrak ginenetik, baina gure ondoren haur izandakoek ere edan dute matxismoaren iturritik. Bestela balitz indarkeria sexistaren kontrako elkarretaratzeak ez lirateke festa egitarauen eskaintza nagusi izango.