7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Keinuak


Loiolan, abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenez, basilikara doaz ordezkari politikoak. Iñigo Urkullu lehendakaria eta beste agintari politiko batzuk aurrean. Urteroko ohitura dute, tradizioa. Eta badute joera politikariek, elizgizonek, jende handi horrek, ospakizunetan herritarren erdian prozesio modu horretan ibiltzekoa, gala guztiekin: «Hemen gaude gu; gu ez gara edozein». Euskal presoen senideek ere ohitura bihurtu dute beharra, ate joka ibili beharra, eta hantxe ziren, Loiolako Santutegiaren atarian, azkenaldian urtero legez, lehendakari horri txostena eskura emateko asmotan. Ez du hartu, ordea; keinua da, adierazgarria.

Egun hartako irudiei begira egon naiz. Begiratzeko modukoak dira, ikusgarriak. Aginte ikurrak eskuan iritsi dira politikariak, prozesioan, Azpeitian abiatuta. Basilika atarian aldarrika dauden presoen senideei jaramonik ez; ez du hartu nahi izan haiek eskura eman behar zioten txostena, “Haurrak eta dispertsioa” goiburua duena, eta aurrera egin du. Eliza atean harrera egiteko zain dagoen elizgizonari eskua emanez agur adeitsua eskaini diote Urkulluk eta enparauek, eta aurrera.

Basilika atarian eta barruan, irudi dohatsuak daude, irudi santuak: bat zilarrezkoa, beste batzuk harrizkoak eta harrizkoak bezain zurrunak. Santutegia bete irudi, dohatsuen aldareetan.

Elizgizon mordoa ari da meza ematen. Urkullu lehendakaria bera, gorbatarekin dotore, harrizkoa bezain hieratiko, aldarean meza ematen ari direnei begira eta adi, Jainkoaren aurrean apalik, fededun zintzoena dirudi, mespretxu keinu harroa eginez kanpoan utzi dituen presoen senideekiko axolagabe. Aldareetako irudi santuak bezain zurrun eta axolagabe.

Zenbat otoitz eta erregu, zenbat negar zotin ez ote dute entzun basilikako kupulan eta aldareetan dauden harrizko edo zurezko irudi dohatsuek, euren keinua apurrik ere aldatu gabe? Eta zenbat eskari ez ote dute entzun ordezkari politiko horiek, harrizko irudiak baino gehiago beratu gabe?

Irudi zurrunen tenplua dirudi, harrizkoen keinuen tenplua. Agian ondo daude denak bertan. Lehendakaria eta enparauak ere, egunen batean jar ditzakete hantxe, harrizko aldareren baten gainean, disekatuta, eta ehun urte igarota ez lukete gaurkoaren ezberdina izango keinua.

Eta zuk, Joseba, denborak harriaren zama duen lekuan unibertsoa margotzen duzun horrek, asmatu duzu harrizko keinuak aldatzeko kolore nahasterik?