25 SET. 2016 IRITZIA Metakrilatozko ahoak Alaia Martin Sorginetik, pixka bat, baina gutxi dut aztitik. Hala ere, beti saiatzen naiz gertatuko dena asmatzen; asmatzea, larriki arnastea delako eta itolarriak instintuak pizten dizkidalako. Arnasestuka zabaltzen zaizkit birikak zabalen. Hitzak asmatzen zaizkit, edo hitzak asmatzen ditut askotan ez dakidalako mundua esaten, dislexia komunikatibo sentimentala deituko lioke edozein psikoanalistak… nik oraindik ez dut definitzeko hitzik asmatu. Ez dakit mundua esaten eta batzuetan mundua esatera noanean mindua esaten dut, edo etxea esaten didate ezpainek, edo espetxea, edo auzoa, edo mundua esaten hasi eta emakumea diot, edo euskara, edo mundua oihuka sartzen zait ahots kordatan eta hitzak ozeano barean hondatzen zaizkit. Asmatu bitartean, bi asterik behin ur azal honetan botako dut aingura. Orain gutxi jaso nuen aingura mezu bat mugikorrean. Aspaldiko lagun batena. Pandorarena. Duela hamazazpi kafe hartu beharreko iraungitako kafe horietariko bat hartu nuen berarekin. Kafe betea. Kikaratuta sumatu nuen, kafea zainetan daramanaren lasaitasunez; beldurrez. Bere senarrak sen arra bereziki garatuta zeukan, eta banekien Pandoraren begizuloak hondeatzen, makina hutsa zela Epimeteo. Asko galdetu gabe kontatu zidan senarra (orain zenarra) jeloskor zebilela, eta bere kajoiak miatzen ibili zela berak sortutako galderen erantzunen bila. Pandorak gaztaro roquefort samarra izan zuen eta leunduz eta gaingabetuz joan ahala erabaki zuen bere bizitza oinarri baikorragoetan zimendatzea. Ekintza sinboliko gisa, bere min, beldur eta konplexuak kaxa garden batean gordetzea erabaki zuen, eta ixtea, giltzaz ixtea. Gorde beharreko samin guztien azpi-azpialdean, itxaropena jarri zuen, denborak itxaropoz bilakatzeko. Zin egin zion bere buruari ez zuela berriz kaxa hura sekula ere zabalduko, begiratuko ziela tarteka bere minei kaxa gardenaren bestaldetik, baina begiratu baino ez. Epimeteok, baina, kaxa gardena aurkitu eta zabaldu egin zuen aurreko batean, eta Pandorak in fraganti topatu zuen, logela izkinan, begiak ekaitztuta, kaxari begira. Ihes egin zuten minek, ihes beldurrek, gezurrek, eta pultsiorik ilunenek. Zorionez Pandora garaiz iritsi zen, eta kaxa itxi zuen, itxaropenak ihes egin aurretik. Berak egin zuen ihes. Epimeteo asko ibili da etxeak husten eta geure gorputzetan, kajoietan, errepide bazterretan, lur azpietan eta eztarrietan kaxa bila. Baina kaxa orain hemen dago. Zeure auzoan, nirean. Gaur Pandoraren kaxak aho zabalik pasako du eguna. Geure esku dago, metakrilatozko ahotik zer aterako den. Izan liteke hasperen bat, irten liteke oihu bat, irri bat. Edo herri bat. Epimeteo asko ibili da etxeak husten eta geure gorputzetan, kajoietan, errepide bazterretan, lur azpietan eta eztarrietan kaxa bila. Baina kaxa orain hemen dago. Zeure auzoan, nirean.