09 OCT. 2016 IRITZIA Umorea JOKIN URAIN Umorea bizitzako lagunik onenetakoa dela iruditzen zait, eta osasungarria dela berarekin disfrutatzea. Lagun artean estimatzen da, barre algara eragiten duena ez ezik, aldarte alaia kutsatzen dizun fin hori. Ez baita ezinbestekoa beti algara batean izatea ere. Gizakiaren berezkotasuna da, agian, abereek ere zenbait gizakik baino garatuagoa dutela ematen duen arren. Hitzaren eta keinuen aparra da nolabait. Ez dakit naziotasunik duen umoreak, nongotasunik duen bereizgarri holako edo halako bilakatzeko. Kultura bakoitzak badu seguru asko bere umore tajua, sineskerak, tabuek, ez-dakit-zerk bideratzen duena, baina umorea izango da, hala ere. Telebistan, kate askotan gainera, antzinakoak dira umorezko programazioak, eta nori zauri egingo dion asko erreparatu gabe erabili izan da batzuetan, espresuki norbait zauritzeko bestetan. Baten barreak bestearen amorrua, lotsa, irain sentimendua sor baitezake, nahita edo nahi gabe. Euskal Telebistan ere umore saioak ematen dituzte. Ez dakit helburua den ikusleak umore onez jartzea, penak eta tristurak ahantzaraztea, beste gehiagorik gabe denbora pasaraztea, edo beste zerbait. ETBren hasiera apal haiek ezagutu genituen, baina geroztik ia orain artean ikusteko aukerarik izan ez dugunontzat, neuretzat behintzat, ustekabe handia izan da euskal telebistaren bilakaera eta kate ugaritasuna. Eta umore telesailak ematen dituzte, esan bezala, bai euskarazko kateetan bai erdarazkoetan. Eta umore ona izan behar du. Izuen gordelekuetan ginenean bazen gurekin lagun bat, liburu edo egunkariko artikulu bereziren bat irakurri ondoren, ea zelakoa ote zen galdetuz gero, ona zela esan ohi zuena: «Oso ona, nik ulertzeko baino askoz hobea». Beste mundu batean bizi ginela zioten batzuek presooz, umorea egiten duen telebista horretatik besteak beste, eta egia da beharbada, eta mundu hartan ginen bitartean asko aldatu ziren gauzak hemengo honetan. Eta umoreak ere garapen handia egina izan behar du, eta oso onak izan behar dute ETBko umore saio gehienek, gure ulermenak harrapatzeko baino askoz hobeak. Eta lastima da; ikastaroren batzuk eman behar lizkigukete, ea zertxobait ulertzen hasteko modua egiten dugun, umorearekin denok disfrutatzea osasungarria delako. Umorea sortzeko saio bereziak egitea ez dela ezinbestekoa pentsatuko duzu, agian, Iñaki, edo bereziki sortzen dena berezientzat izango dela… Izuen gordelekuetan ginenean bazen gurekin lagun bat, liburu edo egunkariko artikulu bereziren bat irakurri ondoren ea zelakoa ote zen galdetuz gero ona zela esan ohi zuena: «Oso ona, nik ulertzeko baino askoz hobea».