23 OCT. 2016 IRITZIA Mitxoletak gailurrean Alaia Martin Zahartzea geure errua dela dirudi. Hondamendi ez-naturala. Zaharkituta geratzen dira modak, alderdiak eta aurpegiak. Esperientziaren jakinduria delakoa ere akaroz bete da aspaldian, alergia diogu. Geure gailurtzat har genezakeen zahartzaroa. Puntu gorentzat. Urteetan emandako pausoek eraikitako lurra izan zitekeen zahartzaroa. Gailurretik gora ezer ere ez dagoela sentitzeak sabelean amildegi bat sortzea ulertzekoa da, eta egia da ez dela erosoa gailurrean bizitzea, punta labainkorretan. Dena egiteko dagoen gaztaroko zelaietan zabalagoa ematen du bizitzak. Baina estutzen-estutzen doa, eta estutzeak ere badauka alde onik; galbahea estuagoa izatea barrua mugitzen diguten gaietan, eta zabalagoa alferrik estuarazten gaituztenetan. Maldaz malda gailurrera igotzen bagara, aurrerako bulkadak eta jakin-minak atzetik bultzatzen gaituztelako da. Gorago zer dagoen, zer datorren, zer dakargun ikusi nahiak. Gailurrean, noski, nekearen elurretan ibiltzea kosta egiten zaigu, eta tontorrean gurutze bat baino ez dugu ikusten. Gurutzea, edo ateo hipokondriakook, «gehi» ikurra, pixka bat gehiago nahi dugula iradokitzen digun sinboloa. Gailurrean birikak izotzez betetzen eta aldakak bere onetik ateratzen zaizkigu amorruz, belarritzen zaizkigu masailak eta sudurtzen irribarreak, eta sarri, behe-lainoak zeharkatzen dizkigu betileak eta ez dugu egindako bidea ikusten, kilometro batzuk ahazten zaizkigu. Baina aldi berean, tontorrekoa baino ikusmira ederragorik ez dago behe-lainoa saretzean, gailurrean eseri eta arnasa kostata hartzean gogoratzen gara arnasaz, bizitzara lotzen gaituen (h)ariketaz. Zahartu denak munduari traba egiten diola sentitzen du askotan, hobe duela isilik, bazterrean eta egindakoarekin konforme. Zer esanik ez, emakumea bada. Haurrekin dugun pazientzia, euren bizitza-garapenari hala dagokiolako, nekez izaten dugu zahartutako haurrekin. Gailurrerako lehen pausoetan katuka edo arrakastaka dabilen munduratu berriari, zapatak eta musuak janzten zaizkio… eta gailurrean dagoenari berriz… etxeko zapatilak. Eta ez hiltzeko, baina bizitzeko gogorik ez emateko moduko pentsioa. Hori bai, hiltzeko bide bakarra dago: gaixotzea. Eutanasiarako eskubiderik ez, bizitza zikloa biribildu izanaren sentipena izanagatik. Espiralean jarraitu behar, gailurraren epizentroan biraka. Aurpegiko kremak dira aldarrikatzaileenak: anti-idade anti-edad, anti-aging esaten dute hainbat hizkuntzatan, mundu mailako iraultza bat bultzatuz bezala. Baina oraingoz, adinaren aurka legalki borrokatzerik ez dago. Holanda ikusten da gailurretik, han mitxoletek erabakitzen dute noiz arte gorritu. Zahartu denak munduari traba egiten diola sentitzen du askotan, hobe duela isilik, bazterrean eta egindakoarekin konforme. Zer esanik ez, emakumea bada. Haurrekin dugun pazientzia, euren bizitza-garapenari hala omen dagokiolako, nekez izaten dugu zahartutako haurrekin.