04 DIC. 2016 IRITZIA Kaka esplikatzen JOKIN URAIN Jaten duguna ei gara. Eta egin ere jaten dugunetik egiten dugu, jakina. Garena egiten dugu, beraz. Garrantzi handia ematen zaio jaten dugunari, jan behar denari eta ez denari. Medikutara joanda, laster esango dizu hau jan dezakezu, hori ere bai, baina halakoa ez, bestelakotik ere ezer ez, beste zera hori probatu ere ez… «Ezer jaten ez badut igual hobe», pentsa dezakezu desesperazioz, baina epe laburreko soluzioa ohi da hori. Eta jaten dugunetik egiten dugunari ere ematen zaio garrantzia, eta ez nolanahikoa. Hortxe uzten ditugu, nonbait, arrasto nabarmenak antropologoentzat ere homo kakatis espeziea izatera iritsi ginenetik. Zientzia guztiek ez dakit baina gaixoaren osasunaz kezkati dagoen medikuak ere kakaren esplikazioa nahi izango du: lodi ederra egin du, ala zirin-zirina dena… ia usainik gabea edo kirats jasanezina, kolore iluna, argia, berde itsusia, kaka izatera ere iristen ez den narraskeria… Aukera zabala izan daiteke, infiniturainokoa beharbada –kasu harrigarriak azaltzen dira batzuetan eta katalogazioan azken mugaraino iritsi garen konstantziarik ez daukagu oraindik–, eta hori guztia azaldu beharko zaio sendagileari, obramenduaren azterketa zehatzak asko lagunduko baitio kakagilearen diagnosia osatzeko. Joan den azaroaren 18an jakin genuen Donostia 2016ko zuzendaritzak kendu egin zituela Koldo Mitxelena Kulturunean “Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak” erakusketan jarriak zituzten euskal preso eta preso ohien lanak. Alegia, gizartean «lekurik gabe, denborarik gabe eta hitzik gabe» utzi dituela erakunde horrek giltzapekoak, Auzitegi Nazionalak ohi duen bezalaxe. Kiratsa zabaltzen hasi bezain bizkor atera ziren, prestu, kaka esplikatzera Donostia 2016ren zuzendari txit zuzendaria, hiriburuko alkatea, herrialdeko diputatu nagusia, Kultura diputatua… eta ondo egindako kaka izan zela azaldu ziguten, denon lasaitasunerako: «kosta da; ipurtzuloa ere sentsible daukagu eta kosta egin da, bultza egin behar izan diogu, iiinnngg!, baina azkenean galanta izan da mokordoa eta gustura geratu gara. Ezin genion egin gabe eutsi». Kakalarria dagoenean ezer ez baitago ederragorik kaka egitea baino. Eta egin duzuna hortxe geratzen da, eta zeu ere hortxe geratzen zara, eta gustura geratzen bazara askozaz hobe. Bai, Aitor, pentsatzen dut hori guztia putamierda bat izan dela esanez laburbilduko zenukeela. Eta jaten dugunetik egiten dugunari ere ematen zaio garrantzia, eta ez nolanahikoa. Hortxe uzten ditugu, nonbait, arrasto nabarmenak antropologoentzat ere «homo kakatis» espeziea izatera iritsi ginenetik.