11 DIC. 2016 IRITZIA Han egon ginen Última actualización: 13 DIC. 2016 - 08:42h GALDER PEREZ Aurreko astean Ixone Durangoko azokan egon zen. Nobedade entzutetsuenak erosi zituen, diskoak, liburuak eta aldizkariak. Badaki ez dituela irakurri eta entzungo, eta kezkatuta dago. Ez irakurri edo entzungo ez dituelako, baizik eta oraindik non eta nola jarri behar dituen ez dakielako. Aste honetan lagunak gonbidatu ditu etxera afaltzera, eta finlandiar altzarien artean tronua utzi behar die kultur aleei. Bistan egongo diren leku pribilegiaturen bat aukeratzeko premia du, denek ikus dezaten baietz, berak ere erosi zituela modako liburu eta diskoak. Bai ona, benetan, Ixone. Inbidia galanta izango dute lagunek. A, ez, haiek ere berdinak erosi dituztelako. Aurreko astean Gorka ez zen antzerkira joan, auzo-etxe bateko areto triste batean zelako emanaldia. Jende gutxi gerturatu zen, lekuaren atrakziorik eza zela medio –egia da antzerkia edo dantza eskaintzeko auzo-etxeetako antzerkirako aretoak utziegiak daudela, baina beste kontu bat da hori–. Emankizunak ederki kontatzen zuen bortxakeriaz bizi ditugun penak, «fakiu» esaten bukatu arte. Emanaldia modako lekuren batean egin izan balitz, zientoka lagun bortizki izango ziren, bihotza eri aterako zutenak. Han ez, ordea. A, ez, tira, ez gaitezen pasa, euskarazko emanaldia zen eta, ezin milaka lagun etorri, noski. Izaskun, Gotzon eta Nereak urtero musika festibal handietara erromesaldian joateko ohitura dute, eta han izan zirela kontatzen dute beti, hori da kontua eta. Egun batzuk lehenago egitaraua begiratzen dute, gogoko talderen batek joko ote duen ikusteko. Bestela ere, ez du axola, primeran pasatuko dute berdin-berdin, parrandan eta algaraka. Galde diezaiotela bestela Pj Harveyri. Ala Ruperri, Gabonen bueltan urtero Bilbon eskaintzen duen emanaldia dela eta, ala bertsozaleei BECen lau urtean behingo txapelketa denean. Ezinbesteko gertakariak bihurtzen dira kultur zita batzuk, edo jaiegun potolo zein manifestazioak. Zein tokira goazen axola du eta hiru kodeak bete ditzagun: the place, the dress and... the selfie! Txutxu-txio-mutxu-bertxio. Eta astero ere inguruan gertatzen da. Bakoitzaren auzo, herri edo hirian badagoelako gaurko ezinbesteko erreferentzia lekua. Badira orain modako espazioak, zorionez, jendez betetzen direnak. Ez, ordea, programatzen dutenagatik, espazioan bertan izatearen beharrak bultzatuta baizik. Elkarren eskutik betetzen dira espazio hauen kudeatzaileek izan dezaketen nolabaiteko boterea eta edukiari begiratu gabe ahalmen delikatu horri jarraipena ematen dioten pertsonak. Hara, bezero hitza hor. Zaila beharko luke hitz horrek, bezeroak, sormenarekin bat egitea; bai, ordea, zerga ero batekin. Eta horrela bizitzen gera betez eta betez puntako aukerak... Ados, guk ere baditugu gure kontraesanak eta pentsatzen ari gara udaberrian San Mamesera joan gaitezkeela, futbola ez den beste zerbait egingo delako. Azkenean. Eta orduan pozik txiokatuko dugu han ere izan ginela eta, baietz, egia dela, Axl lodituta dagoela oso, ai gaixoa. Baina gu ez, ordea, beraz, ekin! Txutxu-txio-mutxu-bertxio. Bakoitzaren auzo, herri edo hirian dago gaurko ezinbesteko erreferentzia lekua. Badira orain modako espazioak, zorionez, jendez betetzen direnak. Ez, ordea, programatzen dutenagatik, espazioan bertan izatearen beharrak bultzatuta baizik.