7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Gurasoen beldurrak


Ez gaituzte prestatzen gurasoak izateko. Bederatzi hilabete ez dira nahikoa gure bizitza hankaz gora jarriko dela ikusteko. 40 aste ez dira nahikoa, gure lehentasunak erabat aldatuko direla barneratzeko. 280 egun ez dira nahikoa datorkigun guztiaz konturatzeko.

Gogoan dut erditu ostean, ospitaletik etxera itzuli ginen unea. Bi atera ginen etxetik eta hiru itzuli ginen. Gurutzetako erizainen artean nolabaiteko babesa geneukan, baina etxera bueltan dena zen berria. Eskulibururik gabe zetorren gure jostailu txikia, eta hasieran ez zen erraza zer egin jakitea. Negar egiten zuen bakoitzean sufritu egiten genuen. «Zer gertatzen ote zaio?». Ez genekien gosetuta zegoen, logura zeukan edo mina sentitzen zuen. «Ez da gaixo egongo, ezta?». Beldurren korapilo batean harrapatuta bizi ginen.

Apurka-apurka joan ginen semea hobeto ezagutzen. Bagenekien modu jakin batera egiten zuela negar gosea zeukanean eta beste era batera, ernegatuta zegoenean.

Gero etorri ziren lehenengo hitzak eta esaldiak eta komunikazioak dena erraztu zuen. Beldurrak, baina, ez ziren uxatu. «Ez da hiri handi batean galduko, ezta?» «Espero dut kotxe batek ez harrapatzea!» Eta urteak joan diren arren, beldurtuta jarraitzen dut.

Bullyingak ematen dit beldurra. Gaixotasun larriek ematen didate beldurra. Ondo ez hezteak ematen dit beldurra.

Azkenaldian, nire segurtasun eza eta perfekzio nahia semearengan ikusten hasi naiz. Kolpe gogorra izan da ikustea nire ahulguneak transmititu dizkiodala. Saiatu naiz hala izan ez zedin, baina argi dago gogorrago saiatu beharko dudala. Hori ere ikasi egin beharko dut.

Izan ere, etengabeko ikasketa prozesua da gurasoa izatea. Batentzat balio duenak, beste batentzat ez du balio. Egun batean ondo ateratzen denak, beste egun batean ez du funtzionatzen.

Negoziatzen ikasi behar da, pazientziaz jokatzen, enpatia izaten. Nerabezaroa ate joka dugu gure familian, eta izua ematen dit. Ikasiko al dugu hormonen eztandari, erantzun txarrei eta errebeldiari ondo erantzuten? Espero dut baietz. Urte gogor horiek heldu artean, baina, beldurtuta jarraituko dut guraso guztien moduan.