23 FEB. 2025 ARKITEKTURA Teshimako tenplu zuriak Artikulu honen egile arkitektoak Japoniako Teshima uharteko Arte Museoa bisitatu zuen, paisaian eta naturan harmoniatsu integratuta dagoen azpiegitura bat. Lurra zipriztintzen eta bat egiten duten ur tantak bezala, museo honetara bisita bat egitea esperientzia oso bat da. Paisaia eraikiak, bi magal zuri Teshima uhartean. (Nekane Azpiazu Lejardi) Nekane Azpiazu Lejardi Naoshimatik Teshimara, naturaren eta artearen mugan egosten den arkitekturaren atzetik. Bigarren uharte hau ere Setoko barne itsasoan dago eta, mila biztanle nekez izango dituen arren, bitxi ugari ezkutatzen dira haren mendi magaletan. Bereziena Teshimako arte museoa da, paisaian bestelako bi muino marrazten dituen azpiegitura. Teshima Art Museum izenekoa modu harmonikoan bateratzen da ingurune naturalarekin, itsasoan sartzen den hegal batean, arroz soroz inguratuta. Ryue Nishizawa (SANAA) arkitektoaren lanak Rei Naito artistaren obraren eta uharteko paisaiaren arteko bizikidetza bilatzen du haren materializazioan, eta ur tanten forman oinarritzen da lurrarekin bat egiterakoan. Helburua museoan zeharreko ibilbidea esperientzia bilakatzea da, eta, horretarako, espazio nagusira iritsi aurretik, bisitariari Mt. Myojin inguratzen duen pasiera egitea gomendatzen zaio, erdi lurperaturiko harreragunea igaro ondoren. Bidezidorra proiektuaren parte da eta museora eramango zaitu, barnealdearen edertasuna arretaz begiesteko prestatuz. Museoa 25 zentimetroko lodiera duen hormigoizko lauza fina da, 60 x 40 metro inguruko hedadura hartzen dituen forma organikoa, eta barnealdean espazio zabal eta magikoa duena. Oskolaren sabaiaren garaierarekin jolastuz, paisaian integratzea lortzen du, eta, barrualdean, euskarririk gabeko horizontaltasuna da nagusi, sentsazio benetan desberdinak sortzen dituena. Argia sabaiko bi zuloetatik sartzen da, eta ez hura bakarrik, bai eta soinua, ura, airea nahiz zenbait bizidun ere. Barnealdearen eta kanpoaldearen arteko konexioa dira forma biribila daukaten bi hutsuneak, eta etengabeko elkarrekintza ahalbidetzen dute. Oskolaren barnean zentzumen guztiak iratzartzen dira, hango isiltasunean sortzen den giroa sekulakoa da. Kamera eta mugikorrak gordetzeko eta oinetakoak kentzeko eskatuko dizute, lekuarekin bat egiteko eta Rei Naito artistaren Matrix instalazioarekin bestelako bizipena izateko. Naitoren ibilbidea 1980ko hamarkadan hasi zen, eta bere instalazioak gainerakoetatik desberdintzen dira, pertsona bakar batek ikusi dezakeelako aldi berean. Lanek esker ona eta bizitzeko poza adierazten dute, eta Matrix artelana hainbat pertsonak batera esperimentatzeko bere lehen instalazio iraunkorra izan zen aire zabaleko espazioan. Zorutik ur tantak irteten dira, eta topografian zehar mugitzen doaz, beste zirrikituren batean sartu arte. Mugimendua hipnotikoa da, eta oskolak berezia bihurtzen du horien soinuaren intentsitatea, zenbaitetan zuloetatik datozen zaratez tartekatuz, hala nola kanpoaldekoen harridura, edo tximeleten hegal hotsa. Alabaina, ez da paisaia zipriztintzen duen ur tanta bakarra, tamaina txikiagoko beste batek kafetegi eta denda funtzioa hartzen baititu bere barnean, multzoari koherentzia estetikoa eta kontzeptuala emanez. Imajina daitekeen bezala, bi tanta hauen eraikuntza prozesu tekniko konplexua izan zen; forma hori eman ahal izateko molde naturalak erabili ziren lurra pilatuz, eta gainean hormigoia isuriz -22 orduz jarraian-. Gogortu eta lehortu ondoren, pilaturiko lurra erretiratu zen -6 astez-, museoaren behin betiko forma azaleratuz. Bolumen zurien inguruko topografia askotarikoa eta oso berdea da, eta paisaian arroz terrazen lerro zuzen errepikakorrak marrazten dira. Elementu lineal horiek aintzat hartuta, forma organikoa ematen zaio museoari. Paisaia berri horren eraikuntzaren parte dira proiektuan egiten diren landaketak -basa-belarrak-, Karatoko ekosistema sustatzeko. Oraindik ere atzo balitz bezala oroitzen dut lauza zuriaren azpian, oskolaren babesean, etzanda eman genuen denbora, zortedunak ginela eskertuz, eta une hura, irudirik gabe izan arren, betiko geureganatuz. Japoniako bidaian tenplu bat gehiago izan da, tenplu garaikide bat. Paisaia berri horren eraikuntzaren parte dira proiektuan egiten diren landaketak (basa-belarrak), Karatoko ekosistema sustatzeko.