7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Cuarto-bocel

Joan den mende hasieran egindako Madrilgo eraikin batean kokatutako etxebizitza bat aztertu da artikulu honetan. Gizateriaren Ondare izendatuta dagoen eraikinean, etxeetako baten jabe berriek elementu asko mantentzea eta gozatzeko toki bat egitea erabaki zuten.

Irudian, etxeko beste espazio batzuetara eramaten duten piezak, hala nola sukaldera. (Proiektua: Gonzalo del Val eta Toni GelabertArgazkiak: José Hevia)

Batzuetan gure etxeak, bizitzeko ez ezik, gozatzeko ere izatea bilatzen dugu. Gelak bizitzaren eszenatokiak izan daitezke, korridoreak suspensez beteriko tunelak, eta ateak gure egunerokotasuna markoztatzen duten atalaseak.

Hemen ikusten den interbentzio hau Madrilgo Chamberi auzoan kokatuta dago, eta bere berezitasunaren arrazoietako batzuk zor dizkie eraikinaren arkitekturaren kalitateari eta egilearen garrantziari.

Etxea jasotzen duen eraikina 1924 eta 1927 urteen artean egin zen, Gustavo Fernandez Balbuena arkitektoaren eskutik, Marques de Amurriorentzat. “Arquitectura” aldizkari ospetsuaren sortzailea eta lehen zuzendaria izan zen Balbuena 1918an, eta gaur egun Europan arkitektura arloan gehien iraun duen aldizkarietako bat da.

Eraikinari dagokionez, honen fatxada nagusiko lerrokadurak deigarriak dira. Garaiko hirigintza estrategiei erantzunez, hiriko higienea hobetzeko helburuz, etxebizitza blokeetako patioak kalera irekitzen ziren, ondorioz fatxadetan sartu irten izugarriak sortuz. Eskema hauek hemen ikusten duguna bezalako etxe luze eta irregularrak ematen zituzten. Aurrealde aireztatu eta argitsuarekin kontraesanean, eraikinaren atzealdeetan patio txikiak eta ilunak sortzen ziren, eta etxeetan, honen inguruan, zerbitzarien sarrera eta gune hezeak antolatzen ziren.

Izaera berezi honengatik eraikina Madrilgo ondare zerrendan katalogatuta dago.

Jabe berriek, etxean sartutakoan, eraldaketa beharrezkoa zela ikusi zuten, jatorrian zuen izaera berezia galdu gabe beraien nahietara molda zedin. Tipologia berraztertu eta piezak lekualdatu ondoren, etxea bizitzeko lekua soilik izatetik harago eramatea eta gozatzeko leku bihurtzea lortu zuten Gonzalo del Val eta Toni Gelabert arkitektoek.

Helburu berri hauetara egokitzeko, lau eszenatoki diseinatu dituzte, elkarren artean irekidura edo preludio gisa funtzionatzen duten elementu arkitektoniko berezien bidez konektatuak. Etxeko espazioen arteko trantsizioak esperientzia berezi bihurtzeko xedea dute pieza hauek, eta, horretarako, bakoitzak bere forma eta kontakizun propioa du.

Sartu eta eskuinetara, egongelara sarrera ematen duten bi bideak -sarreratik eta sukaldetik- segituz, sakonera txikia duten baina beren abozinamenduagatik izugarri nabarmentzen diren bi pieza aurkituko ditugu. Pieza hauek, beren garbitasun geometrikoari esker, alde batetik gela edo espazio huts hauetan gertatzen dena nabarmentzen duten bitartean, bestalde, modu oso garbian biltegi-espazioa jasotzeko eta sabai altuera ezberdinen arteko trantsizioak leuntzeko estrategia dira.

Sartu eta parez pare jarraituko bagenu, jabeen beste eskarietako bati erantzuten zion pieza aurkituko dugu, telelanerako txokoa den pieza. Pieza hau etxeko harreran bertan zegoen txoko biribildu bat probestuaz sortu da, lehen hall bat zena kabinet edo estudio bihurtuz.

Azkenik, sartu eta ezkerretara, estantzia pribatuenak dauden aldera garamatzan pieza berezia topatuko dugu. Honako hau eraikineko karga-hormetan zeuden hutsuneak aprobetxatuz eta espazioa optimizatuz diseinatu dute. Izan ere, korridore kurbatu honek jatorrizko logelatako bati hozka egiten dio ertz batean, eta ondorioz azalera berdineko bi logela eta biltegiratze espazioa lortu dituzte.

Keinu handi eta txiki hauek materialtasunez uztartzeko kalkulatutako arretarekin osatu dira. Batetik, eskaera berriak hala agintzen duenean, elementuak desmuntatu eta gainazal ahalik uniformeenak utzi dira. Bestetik, eraikinaren jatorrizko identitatea eta kalitatea mantentzeko, eskaiolazko kasetoidurak eta lurzoruetako espiga marrazkiak mantendu dira, hauen tamainarekin eta geometriekin jolastuz eta desitxuratuz.

Zurginen mundutik gertu dauden elementu arkitektonikoak baliatuz, bozel-laurdenaren kurbak etxe osoari forma eta zentzua eman dio, eta espresibitate handiz pieza hauek eszena ezberdinak bereizten dituzten preludio bihurtu dira.