7K - zazpika astekaria
KIROLA

Hyrox, zer da?

(Getty)

Azken urteetan hainbat esparrutan gertatu den bezala, jarduera fisikoan garapen esanguratsua gertatu da. Garapen hori zenbait alderdik bultzatu dute, hala nola ikerketaren hazkundea eta espezializazioa, jarduera fisikoaren praktikaren hazkundea, zerbitzuen eskaintza zabala… eta horrekin batera, kirol modalitate ezberdinen sorrera; adibidez, Hyrox delakoarena.

Hyrox kirol modalitate bat da, araudi itxi baten bitartez erregulatuta dagoena eta txapelketa helburu duena. Kirol modalitate honek gizakion trebezia eta gaitasun ezberdinak neurtzen ditu, workout edo jarduera zenbait korrikaldi errepikakor batekin konbinatuz. Lasterketa 1.000 metroko zortzi korrikaldi burutzean datza, serie bakoitzaren ondoren jarduera bat burutuz. Zortzi jarduera horiek goi ataleko zein behe ataleko indarreko ariketa konbinazioak dira: skierg-a, lera bat bultzatzea, lera arrastaka ekartzea, arraun-makina, farmer-ak eta oinkadak pisuarekin, burpeeak eta wall ball-ak. Workout eta korrikaldien artean ez dago atsedenik; dena jarraian ahalik eta denbora laburrenean burutzean datza txapelketa, eta nahiz eta jarduera berria denez denborak oraingoz oso aldakorrak izan, gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena du (bakoitzaren egoera fisikoaren arabera) eta orain arteko errekorra 57:34koa da.

Gainera, modalitate honek parte hartzeko aukera ezberdinak eskaintzen ditu; banaka zein bikoteka egin daiteke. Bikoteak mutilez edo neskez osatutakoak zein mistoak izan daitezke, eta korrikaldiak bi kideek batera egin behar dituzte, baina workout-etan helburua bien artean egiteko aukera ematen dute. Hemen, bikoteetan estrategia ezberdinak ikus daitezke, bakoitzaren trebetasunen eta maila fisikoaren arabera.

Laburbilduz, kirol modalitate hau funtzionala da. Alde batetik, esfortzu jarraituak burutzeko gaitasuna lantzen du, hala nola erresistentzia; eta, bestetik, indarreko ariketa intentsoen bitartez indarra lantzen da. Hemendik “atleta hibridoa”-ren kontzeptua jaio da, zeinak bi alderdi kontrajarriak, indarra eta erresistentzia, garatu behar dituen, kirol berri honetan arrakasta izateko.