27 JUL. 2025 IRITZIA Adimen herdoildua AMAGOIA MUJIKA Eztabaidak bukatu omen dira. «Halako urtean izan zen kontzertu hura», botatzen du batek kuadrillan. Parekoak ezetz, ez zela urte hartan izan, memoria irristatu zaiola. Lehen gau osorako eman zezakeen gaiak, bizpahiru apustu piztu eta kuadrilla osoarentzat bazkariren bat lotzeraino. Orain ez dago eztabaidarik. Azkarrenak telefonoa atera, pantailatxoari galdetu eta akabo. Pena. Beti izan da saltsa kuadrilletan, zein kaskagorrago eta azkenean zeinek arrazoi. Teknologia ez da dena mesede. Irakasleak kezkatuta sumatu nituen lehendabizi. Eskolako lanak adimen artifizialaren laguntzarekin egin zituztenak harrapatzen nahiko lan. Izan ere, nerabearen betebeharra da inguruko helduei ziria sartzea. Eta, noski, teknologiak horretarako bidea samurtzen duenean... Ez nau gehiegi kezkatzen, hala ere. Gutxi edo gehiago, irakasleak jakin beharko luke ikasgelan dituenen gaitasunak nolakoak eta norainokoak diren. Baina orain azkena entzun dudanak bai kezkatzen nau. Gero eta bakarrago sentitzen garen munduan, adimen artifiziala pisu handia hartzen ari omen da pertsonen ongizate emozionalean. Ligatzeko aplikazioak dira, baina beste aldean dagoena ez duzu inoiz hezur-haragitan ezagutuko, ez baitauka ez hezurrik ez haragirik. Pertsona asko omen dabiltza makinarekin maite-jolasean, obsesionatuta. Eta adimen artifiziala, hain adimentsua izanik, gai da juxtu entzun nahi duena esateko pertsona horri. Horrez gain, bikote askok terapia egiteko erabiltzen omen du adimen artifiziala. Beren arteko arazoak ezin konpondu, teknologia jartzen dute bitartekari, egoera jakin baten aurrean zer egin erabakitzen laguntzeko. Beste askok, berriz, aholkua eskatzen omen diote adimen artifizialari, ligoteoan dabiltzala mezu bat nola idatzi edo nola erantzun jakiteko. Garai batean lagunei galdetzen genizkien gauza horiek: «Hau esan dit. Zer erantzun beharko nioke? Eta zenbat denborara?». Gauza ederra da nerabetan zu bezain ezjakinak diren lagunek transmititzen dizuten jakinduria. Adimen artifizialaren parean, adimen emozionalean jarri beharko genuke indarra. Aurpegiz aurpegi, pertsonen arteko konexioak indartu. Senari entzun eta erabakiak hartzeko konfiantza landu. Erabaki onak eta txarrak, bietatik baitu bizitzak. Azala azalaren kontrako igurtzian jarri beharko genuke indarra presaz, betirako ahaztu baino lehen. Izan ere, adimen artifiziala zenbat eta pertsonago, gu gero eta herdoilduago jendetasunean. Adimen artifizialaren parean, adimen emozionalean jarri beharko genuke indarra. Aurpegiz aurpegi, pertsonen arteko konexioak indartu. Senari entzun eta erabakiak hartzeko konfiantza landu. Erabaki onak eta txarrak, bietatik baitu bizitzak. Begiak pantailatik apartatu eta azala azalaren kontrako igurtziari merezi duen garrantzia eman beharko genioke.