7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Eraldaketaz


S. apurgarria,

Sorterri ondoan udaletxeak herritarrak polizia lanetan jarriko dituela irakurri duzu egunkarian, uda luzatzea ala amaitutzat ematea desio duzun ebatzi ezinik zabiltza, itzuli da futbola, karabela portugesak ez dira joan, ez da Marijaia gaur su hartuko duen bakarra, udako beroaldiez ari dira irratian, gaueko bertso saioetara txaketarekin irtengo zara berriz, auto ilarak iragarri dituzte hurrengo asterako, inork ez die udazkeneko itoaldiei heldu nahi, ikasturtean zehar leitu beharreko liburuen zerrenda egin behar zenuke, ikusi nahi dituzun filmei egutegian lekua topatu, besteak bezalakoa zarela sentitzeko asmo berriak beteko ez dituzun promesen mailara igo, besteengandik ezberdintzeko zure gezurrak sinetsi eta, batez ere, enegarrenez nahiak beharrez mozorrotzen zabiltzala jabetu.

Urte osorako tomate zein hegaluze kontserbak prestatzeko tenorea helduko da laster, zure bizimodua ez dagoela Trumpen eguneko aldartearen mende berresteko balioko dizu, norbere eskuz landutakoaren satisfazioa zainetan nabaritzeko, tapa batek aldi berean lotzen eta askatzen zaituela sentitzeko. Eraldaketa lubakietan ematen dela dio Maite Mursegoren elkarrizketaren titularrak eta zuri ez duzula askorik eskatzen iruditzen zaizu: jolaserako giroa seme-alabentzat, indar apur bat egunaren amaieran hobeto maitatu ahal izateko, norbere burua harritzeko zortea, osasuna gurasoentzat, mendiaren sosegua, lagunen gailurra, bukaera duin bat aitona-amonentzat... Eskari gehiegi, agian. Hiru puntu bakarra baino gehiago dira gehienetan. Lotsagatik ez duzu enumerazioa zutabe amaieraraino luzatu. Gaur ere taxuzko zerbait idazteko anbizioz piztu duzu ordenagailua. Gaur ere isilik hobeki zeundekeela pentsatuz pasatuko duzu orria. Lubakietan dago eraldaketa, ez udan.

Sare sozialetan jendeak opor zoriontsuak igaro dituela dirudi, udazkenak ez duela itoaldirik ekarriko, asmo berriak beteko diren promesa bihurtuko direla. Eguraldiak lagunduz gero, baliteke auto ilararik ere ez sortzea. Nahiak eta beharrak bereizteko bide seinaleak jarriko dituzte akaso. Besteentzat eskatzen duzuna zuretzat nahi duzula konturatuko zara beharbada: jolaserako giroa, osasuna, bukaera duin bat. Ez dakizu berriz jaiotzeko gai izango zaren. Ibaian behera sutan zoaz zu ere. Hasieren aurretik hasten da dena. Herritarrak polizia lanetan jarri nahi dituzte.