12 OCT. 2025 IRITZIA Erreferenteak Amaia Uribe Semea ikastolara eraman dut eta, beste behin, futboleko kamisetekin jantzitako umeen ilara ikusi dut. Gehienak Athleticekoak, noski. Baina tartean Cadizeko bat, Realekoa, eta baita Txileko selekzioko bat ere. Bitxia da: Estatu Batuetan bizi ginenean, nire semeak ez zion futbolari kasurik egiten. Gernikara etorri ginenean, ordea, integratzeko erabili zuen futbola. Klasekideak imitatuz, futbolari guztien izenak ikasi zituen eta gaur egun futboleko kamiseta besterik ez du jantzi nahi. FIFAren arabera, mundu mailan, 270 milioi lagunek jokatzen dute futbolean. Eta bai, futbola talde lana da, diziplina, errespetua. Baina azken urteotan negozio ere bihurtu da futbola. Urtean 500.000 milioi dolar mugitzen ditu kirol honek eta badakigu dirua tartean sartzen denean, baloreak atzean geratzen direla. Kezka itzela eragiten didate erreferenteek. Futbolari bortxatzaileek. Urtebetetze festarako emakumeak erosten dituzten futbolariek. Euskara mailaz galdetu eta barrezka «zero» erantzuten dutenek. Eskuin muturreko taldeekin lotura dutenek. Zezenketak ikustera joaten direnek. Akaso norbaitek pentsatuko du golak sartzeko edo pase onak egiteko duten gaitasunari begiratu behar diedala, baina kirolaren atzean dagoen guzti horrek eragiten dit kezka. Eskerrak salbuespenak badaudela. Asier Villalibre da horietako bat. Egungo futbolariak ikusita, antifutbolaria dela ematen du. Herrikoia, hankak lurrean dituena, betiko lagunekin ateratzen dena, naturala, apala, euskaltzalea. Milioi bat euroko soldata zeukan Athleticen jokatzen zuenean, baina sarri ikusten nuen Gernikan herriko umeekin futbolean jokatzen. Aurtengo jaietan ere ikusi dugu Pocoyoz mozorrotuta, beste edozein gazte balitz bezala. Eta ezin ahaztu, Gabarra atera zutenean esan zituen hitzak. Bere taldekideek “champiñones” eta “estáis enfermos” bezalako mezu zentzugabeak botatzen zituzten bitartean, berak une hori baliatu zuen euskararen aldeko aldarria egiteko. Eta ordutik sarritan erakusten diot bideo hori nire semeari. Agian, diru gehiegi irabazten dutela da arazoa. Agian, fama handiegia dutelako galtzen dute burua. Baina futbolariek jakin beharko lukete eurek egiten dutena egiteko prest dauden umeen ilara dutela atzetik. Ea bihar ikastolara goazela Villalibreren kamiseta gehiago ikusten ditudan! Kezka itzela eragiten didate erreferenteek. Futbolari bortxatzaileek. Urtebetetze festarako emakumeak erosten dituzten futbolariek. Euskara mailaz galdetu eta barrezka «zero» erantzuten dutenek. Eskuin muturreko taldeekin lotura dutenek. Zezenketak ikustera joaten direnek.