7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Uholdea, onartutako errealitate

Egileak gai garrantzitsu bat jorratzen du, kostaldeetan eraikitzeak eta ibaien ubideak desbideratzeak ondorioak izaten jarraitzen baitu, askotan uholdeak eraginez. Ingurune naturalarekiko errespetua eta oreka sustatzea beharrezkoa da, hari ahalik eta gutxien erasotzeko moduak bilatuz.

Iruñeko Alde Zaharraren eta Arrotxapea eta Txantrea auzoen artean kokatutako Aranzadiko meandroak ibaiaren dinamika txertatu du hiri-espazio publikoaren zati batean. (Proiektua eta planoak: AldayJover arquitectura y paisajeArgazkiak: Pedro Pegenaute)

Ibaiek eta errekek gure begien aurrean baino sakonago jarduten dute. Ez dira ur masa huts bat, erreakzio bio-geo-kimiko konplexuen bidez ekosistemak eta klima erregulatzen dituzten makina ikusezinak dira. Materia organikoa eraldatzen dute, karbonoaren zikloan giltzarri dira, eta gure elikaduran zein osasunean eragin zuzena dute.

Hala ere, gizakiak askotan ez die espazio nahikorik utzi. Antzina, uholde-lautadak estutzea, kostaldea kolonizatzea eta ibaiak desbideratzea erabakitzen zenean behin-behineko erabakiak izaten ziren. Halakoak egiteko arrazoia ez zen izaten bertako lurraz jabetzea; gaur hartu eta bihar itzultzeko helburuarekin egiten ziren, erritmoak ulerturik eta harmonia betean.

Harreman hori ahaztuta, XX. mendeko boom urbanistikoan ibaiertzak etekin ekonomikorako gune ezin hobe gisa berrinterpretatu ziren, lur lau eta erraz horietan eraikitzea erosoa baitzen. Baina horrek epe luzera ondorio tristeak ekarri ditu, urak berez behar zuen espazioa erreklamatu eta uholdeen bidez eremu handiak aurretik eraman baititu.

Gaur egun, dilema handi baten aurrean gaude. Jakin badakigu gizakiak dagoeneko okupatuak dituen lurralde hauek ubideei lapurtutakoak direla, baina horien gainean egin dugun inbertsioak, sortu ditugun gizarte-harremanak eta identitateak estu lotzen gaitu lurraldera, eta uraren eta ezbeharren aurrean “defentsak” sortu behar ditugula ondorioztatzen dugu.

(Pedro Pegenaute)

Indarrez babestu behar horretatik agertzen dira presak, dikeak eta bestelako obra faraonikoak edo “gogorrak”, egonkortasun -eta segurtasun- nahia epe motzera asetzen digutenak ibaiaren morfologia guztiz aldatuz gizakiaren kapritxora. Eta hortxe dago kontraesan handiena; izan ere, ez al dira, bada, ibaiak eta ura gure asentamendu gehienen arrazoia?

Iraganetik ikasita, kaltetuen testigantzek eta adituen ikuspegi berriek esku-hartze “leunagoak” eta estrategia berritzaileak garatzeko bidea ireki dute. Eta horien artean esanguratsuenak beren izaera naturala aprobetxatuz aisialdirako eta bizigarritasunerako espazioak sortzen dituztenak dira.

ALDAYJOVER ARKITEKTURA ETA PAISAIAGINTZA

Horren adibide da Iruñeko Aranzadiko parkea, AldayJover arkitektura eta paisaiagintza bulegoaren lana.

Aranzadiko meandroak aldian-aldian uholdeak jasaten ditu, bereziki baratzeak dauden gunean. Bertako jarduerek oso presente dute uraren ziklo hori, eta bulegoaren esku-hartzearen aurreko egoera ibaiarekin harremantzeko sistema ezberdinen katalogo zabala zen: landarez estalitako hesiak, fluxuak bideratzeko hormatxoak, uholde garaian irekitzen diren ateak… Guztiak, ibaiarekin bizikidetza egokia izateko estrategiak dira, eta proiektuak dinamika horietatik edan eta hauek paisaian integratzeko ahalegina egiten du.

(Pedro Pegenaute)

Aranzadiren ibai-izaera ulertuta, berau parke publiko bihurtzeak aukera paregabea eskaintzen du herritarren eta ibaiaren arteko harremana berrasmatzeko. Gaur egungo partzelazioaren trazak mantenduz, eta ibaiaren profila moldatzeari esker, uholdeen maiztasuna murriztu eta bide berriak sortzen dira.

Paisaian bi espazio basotsu nagusi bereizten dira. Alde batetik, urertzeko hosto erorkorreko zuhaiztia; bestetik, gorago, hosto iraunkorreko pinudia. Haien alboan tamaina txikiko landarediarekin osatutako espazio domestikoagoak sortu dira, ikuspegi garbiak eta oinezkoentzako irisgarritasuna bermatuz.

Gainera, oinezkoen presentzia are gehiago indartzeko, ibilbideak eta zubiak gehitu ditu proiektuak, plaza eta eraikin guztiei lotura emanez. Eraikinetatik soilik uholde arriskurik gutxien dutenak mantendu dira, eta haien alboan ekipamendu publikoak sortu dira, hala nola baso eta baratzeei lotutako eskola edo kafetegiak.

Uholdeak onartutako errealitatetzat hartuta, parke honetan haiekin bizitzen ikas dezakegu, hiriaren parte gisa onartuz, natura baztertu gabe. 360 egunetan biztanleentzat, 15 egunetan ibaiarentzat eta 365 egunetan landarediarentzat izango den parke honetan, gizakiak ingurune naturalarekin izan duen indar-harremana orekatzea eta itun berri bat lortzea da azken helburua.