02 NOV. 2025 IRITZIA Zalaparta Amagoia Mujika Madrilgo politikarien mailari begira, duela gutxira arte sinistu (nahi) izan dut hemen gauzak desberdinak direla. Agintari espainiarrak mokoka ikusi eta auzo lotsa sentitzen dut. Benetan? Mundua dagoen moduan, ika-mika erridikulu horietan gastatu behar duzue energia eta indarra? Badago lehenagoko lanik. Lepo doan autobusean, eusteko barran tarte txiki bat harrapatu nahian, hor nonbait eserita dagoen emakumearen mitintxoa sumatu dut. Nik eta autobus osoak, belarrietan entzungailuak ez ditugunak behintzat. Gutxi batzuk. «Politikari denak igualak dira, zakur bera mozala aldatuta. Nik ez dut aldaketarik ikusten, batzuk edo besteak egon. Kanpainan daudenean, promesak erraz egiten dituzte, baina, boterera iritsita, dena ahaztu egiten zaie. Eta egun osoa elkarren artean errietan ematen dute, nork lapurtu duen gehiago. Lotsagarria. Nazka-nazka eginda naukate. Ea noiz demontre hasten diren benetan lanean, herritarren alde, premia ederra dugu eta!». Ez diot aurpegirik ikusi, ez dakit zehatz non eserita dagoen eta norekin hizketan ari den. Ez dakit zenbat urte dituen, lanetik edo paseatzetik ote datorren, ezkerretik edo eskuinetik amesten duen mundua. Ez dakit ezer autobusean ahots gora bere iritzia ematen ari den emakumeaz, baina badakit herritar askok partekatzen duten iritzia dela. Kezkagarria, eta beldurgarria. Euskaldunok harrotasun bitxi batekin esan izan dugu ‘hemen’ gauzak desberdinak direla. Politika letra larrietan eta modu elegantean egiten den herria dela gurea. Politika deluxe. Ez dakit noraino zen egia orain arte, baina lotsatzeko moduko motiboak pilatzen ari zaizkigu azkenaldian. Sentipena daukat, sentipen garratza, euskal politikari batzuek joko zelaia aldatu dutela. Moketadun eskaileretatik lokatzetara. Ideietan ados edo desados egon, orain arte neurritsu eta elegante ikusi ditudan agintari zenbait zikin, itsusi, eskrupulurik gabe sumatzen ditut. «Ayuso entzun» harekin piztu zitzaidan susmoa. Ez dakit lehendakariaren trajean kabitzen ote zen... eta geroztik oso gauza itsusiak ikusten ari gara. Mesedez, arren, otoi, gure politikariek ez ditzatela burua eta formak gal. Politika serioak, ideia ideiaren parean jartzen duenak, aniztasuna kudeatzen duenak, ez du saltzen tiktokeko bideoetan. Baina arnasa hartzea bezain beharrezkoa da herritarrak maite dituen herri bat egiteko. Utzi zalapartak eta jarraitu lanean. Beharrezkoa denean, isil-isilik. Sentipena daukat, sentipen garratza, euskal politikari batzuek joko zelaia aldatu dutela. Moketadun eskaileretatik lokatzetara. Ideietan ados edo desados egon, orain arte neurritsu eta elegante ikusi ditudan agintari zenbait zikin, itsusi, eskrupulurik gabe sumatzen ditut